10 OCT. 2022 - 22:15h Entrevue Patrizia Vitelli Influencer-a eta aurkezlea «Lurralde bat ezagutzeko modurik onena da gastronomia» Patrizia Vitelli ETB-1eko ‘Txoriene’ saioaren aurkezle berria da, Zigor Iturrietarekin batera. Baina Arrasateko influencerrak bere betiko lanari eusten dio, Bilbon «tour gastronomikoak» antolatzen. Patrizia Vitelli. (EiTB) Alessandro Ruta Azken asteotan beti batetik bestera korrika dabil Patrizia Vitelli. ‘Txoriene’ saioa grabatzetik (Donostiako Miramondik alegia) Bilbora (bertan lan egiten du), Bilbotik etxera. Gorabehera dexente bizi izan ditu Arrasaten jaio zen gazteak eta EITBko denboraldi berriaren nobedaderik freskoenetako bat da. Zigor Iturrieta aurpegi aski ezagunarekin pantaila elkarbanatuko du orain, baina sukaldaritzaren mundua Patrizia ere nahiko ezaguna da, influencer bezala. Izan ere bere Instagrameko kontuak Foodiariok 110.000 jarraitzale dauzka (EiTBk 32.000 bakarrik). Patri, nola kudeatzen duzu dena? Eta ez daukat gidatzeko baimenik! Ez dauzkat momentu libre asko baina oso pozik nago, dena ondo doa.‘Txoriene’ren aurretik zer egiten zenuen? Egunero «tour gastronomikoak» eskaintzen ditut, Bilbon, taldeka. Jende asko dator, batez ere Erresuma Batutik edo Ipar Amerikatik. Hiria ikusten dute eta une berean hemengo produktuak dastatzen dituzte. Hau egunero, igandeetan izan ezik. Gero etxetik influencer gisa lan egiten dut, errezetak prestatzen ditudalako. Tarteka, honezaz gain, markaren baten ekimenean parte hartzen dut.Noiz hasi zinen tourrekin? 2016an. Lehenago Legea eta gero Leinn delakoa egin izan nituen, Arrasaten. ‘Lidergo Ekintzaile eta Berritasuna’ gradua da Leinn. Han, kurtso hartan, ideia batzuk etorri zitzaikidan burura, esate baterako herri mailako «tour gastronomikoak», dagoeneko Bordelen eta Lisboan ikusi izan nituenak.Gehi ‘Txoriene’, aurtengo irailetik. Nola iritsi zara bertara? Egia esan EITBko hiru programatan egon naiz dagoeneko. Lehenik eta behin ‘El club del tupper’-en, nire amamarekin; irabazi genuen gure atala, bide batez. Gero Joseba Argiñanoren ‘Sukalherria’-n, eta ‘A bocados’-en ere bai. Udan, egun batean, bat-batean, dei bat izan nuen, zenbaki ezezagun batetik, eta ‘Txoriene’koak ziren. Programa egitea eskaini zidaten eta nik berehala onartu nuen.Zelan Zigor Iturrietarekin? Ongi benetan. Azken finean biok sukaldatzen dugu programan zehar. Nire errezetak oso errezak dira eta naturaltasunez aurkezten dut. Zer sukaldatu zenuen Javi Sierrarekin eta Joseba Argiñanorekin? Berenjenaren parmigiana, italiarra den errezeta begetarianoa. ‘Sukalherrian’, txanpiak curryarekin.Italiarra zara ala? Patrizia Vitelli bertako izena dirudi. Ez, ez, izen artistiko bat da. Nire benetako abizena Varela da. Baina ‘El padrino’ pelikulatik dator Vitelli, asko gustatzen zait. Michael Corleoneren emazte siziliarra zen, filmean: Apollonia Vitelli. Ironikoki ‘vitello tonnato’ errezetarekin antzekotasuna du, baina hemengoa naiz.Eta curry-a, nondik dator? India oso garrantzitsua izan da nire bizitzan. Han, Dehli Berrian hain zuzen ere, pilak berriro kargatzen egon nintzen. Oso momentu zehatz batean, 2019an, behar izan nuen. Lan piloa neukan Bilboko tour gastronomikoekin, agian gehiegi, eta geldialdi bat egin behar nuen. Indian asko ikasi nuen sukaldaritzari dagokionez. Zer da gastronomia zure ustez? Lurralde bat ezagutzeko eta kultura dastatzeko modurik egokiena. Gure turismoak janaria eta edariarekin lotura sakonak ditu, beraz turismoari begira erabilgarria da.Euskal Herrian hori egiteko modu egokia dago? Gure lurraldea eta produktuen artean lotura erraldoia dago. Bilbon, adibidez. Bizpahiru egunez turista bati ondo erakutsi nahi badiozu, pintxoaren kulturari buruz hitz egitea ezinbestekoa da, esate baterako, eta hortik abiatuta, noski, Guggenheimen bisitatxo bat, gure istorioa edota politikari buruz berba egin dezakezu... Gure kultura dira gure janariak eta edariak. Influencer baten bizimodua zer moduzkoa da? Eguneroko lana da. Bideo bat prestatu behar dut orain, eskerrak etxetik egingo dudala. Askotan produktuak aurkeztera gonbidatzen naute. Gazia ala gozoa, zer nahiago? Gazia. Baina ez dut bestea baztertzen, egoeraren arabera. Zure menu ideala? Udan, tomate-entsalada, arraultz frijituak eta ama-ore ogia. Neguan: lasainak eta garbanzo-erregosia.Elikagai gainbaloratu bat? Kabiarra. Ezer berezirik ez du, niretzat behintzat.Eta gutxiesten den bat? Arraultza, errezeta pilo baten oinarria da eta ez gara konturatzen.Noiz lo egiten duzu, hainbeste hitzordu tartean dela? Maiz Donostia-Bilboko busean, goxo-goxo.