26 OCT. 2022 - 15:30h Jocelyn Belle astrofisikaria honoris causa doktore izendatu du EHUk Graduondoko ikasle zela, 1967an, Jocelyn Bell (Belfast, 1943) astrofisikariak pulsarraren lehen irrati-seinalea aurkitu zuen eta, horri esker, izarren bilakaeraren teoria kontrastatu ahal izan zen. Bere ibilbide oparoan hamaika aitorpen jaso ondoren, EHUk honoris causa doktore izendatu du. Jocelyn Bell Burnell, eskuinean, Eva Ferreira errektorearen eskutik titulua jaso berri. (EHU/UPV) NAIZ Bilbo Graduondoko ikaslea zen eta 24 urte baino ez zituen Jocelyn Bell Burnell (Belfast, 1943) astrofisikari irlandarrak pulsarraren lehen irrati-seinalea aurkitu zuenean beste ikerketa kide batzuekin batera. Aurkikuntzak oihartzun handia izan zuen, horri esker izarren bilakaeraren teoria kontrastatu ahal izan baitzen. Irlanda eta Erresuma Batuko zientzialari garrantzitsuenetakoa da eta aurkikuntza hartatik geroztik ikerketan segitu du, nekaezin. Bidean izan dituen aitortzak eta sariak zenbaezinak dira; azkena, asteazken eguerdi honetan EHUren eskutik jasotakoa: honoris causa doktore izendatua izan da. Jocelyn Bell hunkituta agertu da, eta unibertsitatearen «eskuzabaltasuna» bihotzez eskertu du «komunitatearen parte» egiteagatik. Pulsarra oso intentsitate handiko irrati-seinaleak igortzen dituen neutroi-izarra da, tarte labur eta erregularretan. 1967an egin zen aurkintza hark polemika katea ekarri zuen orduan, aurkikuntza iragarri zuen artikuluak bost autore baitzituen eta bere tesiaren ikuskatzaile Antony Hewishek bakarrik jaso zuen 1974an Fisikako Nobel Saria lan horrengatik. Zientzialari askok kritikatu egin zuten Bell ez aipatzea eta eztabaida handia sortu zen, nahiz eta berak beti garrantzia kendu dion eta bere karrera zientifikoa garatzen jarraitu zuen.Astronomiaren Errege Elkarteko eta Fisika Institutuko presidentea izan da Erresuma Batuan. Sari ugari jaso ditu, besteak beste, Oinarrizko Fisikaren Aurrerapenerako Sari Berezia (Breakthrough Prize in Fundamental Physics, 2018), munduan diru saririk handiena duena. Sariaren 2,3 milioi librak gutxiengo etnikoetako emakumeei eta emakume errefuxiatuak fisikako ikertzaile bihurtzen laguntzeko eman zizkien. Gaur egun, astrofisikako irakasle bisitaria da Oxfordeko Unibertsitatean eta Mansfield College-ko kidea. «Izarrartean falta den izarra» Honoris causa doktore izendatzeko ekitaldia eguerdiaren bueltan hasi da aktaren irakurketarekin eta ondoren, Ruth Lazkoz doktoreak laudatioa irakurri du. Errektoreak honoris causa doktore izendatzeko akta sinatu ondoren, Jocelyn Bellek ohiko zuhaitza landatu du, kasu honetan pago bat. Ondoren, errektoreak titulua eta birrete saritua eman dizkio. Eva Ferreira errektoreak irlandarrari titulua eta birretea janztean, Pedro Miguel Etxenike fisikoa parafraseatu du: «Gogoan dut Etxenike irakaslearen esaldi bat, ukatu ezin den gertaera objektibo bat zehatz eta eder laburbiltzen duena: ‘Jocelyn Bell da Nobel Saria osatzen duen izarrartean falta den izarra’». Jocelyn Bell Euskal Herriko Unibertsitateko zortzigarren emakume honoris causa doktorea da 1982tik, Micaela Portilla (1993), Carmen Codoñer (2003), Marilyn Strathern (2011), Carmen Reinhart eta Maria Vallet Regi (2013), Maria Jesus Esteban (2016) eta Sonia Livingstoneren (2017) ondoren.