27 OCT. 2022 - 14:27h Minbiziaren aurkako terapia berritzailea aplikatzen hasi da Osakidetza Osakidetza minbiziaren aurkako abangoardiako terapia berri bat aplikatzen hasi da Donostia Ospitalean, ‘CAR-T’ izenekoa. Zelulak prozesatzeko instalazioak modernizatu behar izan dira, azpiegiturak egokituz eta bi gela berri sortuz. CAR-T minbiziaren aurkako terapia berritzailea. (National Cancer Institute) NAIZ Osakidetza, ohar baten bidez jakinarazi duenez, minbiziaren aurkako terapia berritzaile bat aplikatzen hasi da Donostia Ospitalean, ‘CAR-T’ izenekoa. Dioenez, terapia hau «mugarria» bat da medikuntza modernoaren munduan, eta EAEko Osasun Zerbitzuan «bikaintasun- eta kalitate-indizeak mantentzeko urratsak ematen jarraitzea dakar». Azaldu duenez, CAR tratamenduak zelula immunitario batzuen aldaketa genetikoan oinarritutako terapia zelularrak dira. Horrela, tratamendua honetan datza: «Pazientearen odola lortzea zelula horiek laborategian aldatzeko, eta, ondoren, berriro sartzea, minbizi-zelulak aurkitu eta suntsitu ahal izan ditzaten». «Gene-terapia zelularra» edo «medikuntza pertsonalizatua» ere deitzen zaie, prozesu konplexua baita, eta banakako lanketa eta arreta eskatzen baititu. Ander Izeta Biodonostia Ikerketa Sanitarioko Institutuko Ingeniaritza Tisularreko arduradunak azaldu duenez, Donostia Unibertsitate Ospitalearen kasuan protokoloak «egokitzea» ez da «zaila» izan, «urte asko baitaramatza hematopoietikoen transplante alogenikoa egiten». Hala ere, Izetak azaldu duenez, hori egiteak «dokumentazioan eta erregistroetan ahalegin handia egitea ekarri du, are gehiago covid-19 pandemiaren garaian». Bestalde, Donostiako ospitalean zelulak prozesatzeko instalazioak modernizatu behar izan dira, azpiegiturak egokituz eta bi gela «zuri» abian jarriz: bata transplanterako eta bestea terapia aurreratuetarako, CAR-Tak barne, baina baita beste terapia batzuk ere. Orain arte, hamalau zentro berri sartu dira Estatu mailako terapia aurreratuen sarean, eta horien artean dago Osakidetzako Donostia Unibertsitate Ospitalea. Osakidetzan, datorren urtetik aurrera, terapia hori txertatu beharreko pazienteen kopurua hilean bitik laura igoko dela uste da.