16 NOV. 2022 - 09:21h NASAren Artemis I misioa Ilargirantz doa NASAren Artemis I misioa gaur goizaldean abiatu da Ilargirantz Floridako Cañaveral lurmuturreko Kennedy espazio zentrotik, bosgarren saiakeran. Sei aste ibiliko da Ilargiaren bueltan, Lurrera itzuli aurretik. Artemis I misioa aireratu den unea. (Joel KOWSKY | NASA/AFP) NAIZ Artemis I NASAren misio ez-tripulatua goizaldeko 6.47an abiatu da Cañaveral lurmuturreko Kennedy espazio zentrotik, aurreikusitakoa baino 44 minutu beranduago, atzera kontaketa eten egin behar izan dutelako aireratzeko hamar minutu falta zirela, suziriaren erdiko etapan hidrogeno eta oxigeno likido ihesak zeudela detektatu ondoren. SLS suziria 30 solairuko eraikin bat baino altuagoa da (322 oin edo 98 metroko altuera du) eta bere indar guztiarekin aireratu da, Orion espazio-ontzi akoplatuarekin batera. Hainbat egun emango ditu Ilargirako bidean, eta tarte horretan ingeniariek ontziko sistemak aztertu eta, beharrezkoa izanez gero, bere ibilbidea zuzenduko dute. NASAk lau aldiz atzeratu behar izan du misio hau, bi bider arrazoi teknikoengatik eta beste bi arrazoi meteorologikoengatik. Azkenean, bosgarren saiakeran aireratu da azkenean. Misioak Ilargiaren esplorazio bidea prestatzea du helburu, ondoren bertara astronautak bidaltzeko. NASAk zuzenean eskaini du operazioa, ingelesez eta gaztelaniaz, misioko kideekin elkarrizketak eta zuzeneko iruzkinak barne, Kayla Barron astronautaren ahotik. Duela gutxi itzuli zen Nazioarteko Espazio Estaziotik (EEI), SpaceX eta NASAren Crew-3 misioarekin. Joann Morgan, 1969an gizakia Ilargira iristea lortu zuen Apolo 11 misioko ingeniariak ere agurra bidali dio Artemis I misioari. We are going.For the first time, the @NASA_SLS rocket and @NASA_Orion fly together. #Artemis I begins a new chapter in human lunar exploration. pic.twitter.com/vmC64Qgft9 — NASA (@NASA) November 16, 2022 Artemis programaren helburu nagusia gizakiak Ilargira itzultzea da, mende erdian lehen aldiz, eta han base bat ezartzea, Martera iristeko aurretiazko urrats gisa. Astronautek Ilargia zapaldu zuten NASAren azken misioa Apolo 17 da, 1972ko abenduaren 7tik 19ra bidali zena. Artemis I misioak iraungo duen 42 egunetan NASAk SLS suziria (Espazioko Jaurtiketa Sistemaren siglak, ingelesez) probatu nahi du. Kohetea RS-25 motako lau motorrekin eta erantsitako bi propultsatzailerekin indartuta dago, eta ezaugarri horiek Apolo misioetan erabilitako Saturn suziriak baino %15eko potentzia handiagoa eskaintzen diote. SLS kohetea 4.000 milioi dolar kostatu zaio AEBetako aeronautika agentziari. Era berean, Orion espazio-ontziaren ahalmena neurtuko da. Ontzi horretan lau tripulatzaile sar daitezke, hau da, Apolo ontzian baino bat gehiago, eta ur eta oxigeno erreserbak izango dituzte, 20 bat eguneko bidaia independentea egin ahal izateko. Jaurtiketa egin eta bi ordura, eta SLS kohetetik banandu ondoren, Orionek bere kabuz jarraituko du 2,1 milioi kilometroko ibilbidea. Ontziak, etorkizuneko tripulazioei laguntzeko datuak biltzen dituzten hiru manikirekin, Ilargitik gertu hegan egingo du, bere azaleratik 62 miliara (ia 100 kilometro), eta gero urrutiko ilargi-orbita batean sartuko da, non lurreko satelitetik 61.000 kilometro baino gehiagora kokatuko den, hau da, tripulaziorako beste kapsularik iritsi ez den tokian. Artemis I misioan ere CubeSats izeneko ikerketarako hamar minisatelite doaz, bakoitza zapata kaxa baten tamainakoa; Orion bere ilargi-orbitara abiatu ondoren hedatu egingo dira eta bakoitzak ibilbide desberdina hartuko du. CubeSats delakoen artean LunaH-Mapa dago, neutroien espektroskopia-teknologia erabiliz Ilargiaren gainazalaren zatien mapa zehatza egingo duen espazio-ontzi txikia. Lurrera itzultzen denean, Orionek beste proba gogor bat izango du zain: Kaliforniako San Diegoko kostaldearen parean arrakastaz jaistea, hamaika jausgailuren laguntzarekin, eta Lurreko atmosferara iristeko orduko 40.000 kilometroko abiadura modu bizian moteldu beharko du. Une horretan 2.760 graduko tenperatura izango du. NASAren asmoa da 2024an Artemis II misio tripulatuak ibilbide berbera egitea eta 2025ean, Artemis III.arekin, txuriak ez diren lehen gizon eta emakumeak Ilargia zapaltzea.