12 DéC. 2022 - 16:06h NUPeko ikasle talde batek Internet erabiltzeko guraso-kontroleko sistema bat diseinatu du Xabier Erro, Markel Iruretagoyena eta Jesús Martínez de Lapuente ikasleek Zaindari izeneko sistema diseinatu dute, internet erabiltzeko guraso-kontrolerako. Telekomunikazio Teknologietako Gradua ikasten ari dira NUPen. Markel Iruretagoyena Zariquiegui, Xabier Erro Cancel eta Jesús Martínez de Lapuente Lacalle, ‘Zaindari’ sistemaren sortzaileak. (NUP) NAIZ Xabier Erro Cancel, Markel Iruretagoyena Zariquiegui eta Jesús Martínez de Lapuente Lacalle Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio Teknologien Graduko laugarren mailako ikasleek guraso-kontrolerako sistema bat diseinatu dute. Sistema gai izango da adingabeek Internet zenbat denboraz erabiltzen duten kontrolatzeko, sarean eduki egokiak iragazteko eta haien lo-orduak gainbegiratzeko, besteak beste. Sistemak Zaindari izena du eta Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak irakasgaiaren baitan garatu dute ikasleek. Eduardo Magaña Lizarrondok irakasten du, NUPeko Smart Cities Institutuko kide denak. «Adin txikikoen Interneterako sarbidea pertsona heldu batek gainbegiratu behar du, eta horretarako gailuetan instalatutako tresnak erabili izan dira», azaldu du ikasle taldeak. «Testuinguru horretan, Zaindari sistemak ikuspegi berritzaile bat aplikatzen du, non kontrola wifi routerrean bertan egiten den, ahalbidetuz softwarerik instalatu ezin den eskolako chromebooketan ere funtzionatzea; gainera, wifi sarera konektatu ondoren gailuak gainbegiratuta egongo direnez, lana errazten du», zehaztu dute. Zaindari sistemarekin, helduek aplikazio bat eduki ahal izango dute mugikorrean, routerrarekin batera, adingabe bakoitzarentzako profilak sortzeko eta Internetera konektatzeko ordutegi indibidualizatuak ezartzeko aukera ematen duena. Halaber, balio du jakiteko nor dagoen konektatuta une bakoitzean eta sarerako sarbidea modu independentean blokeatzeko. «Hori baliagarria izan daiteke, adibidez, otorduetan», adierazi dute ikasleek. Aplikazioa oso intuitiboa eta begi kolpe batean ulertzeko modukoa da, edozeinentzako erabilerraza, beraz. «Malwarea eta helduentzako edukia blokeatzeko aukera ere ematen du», gaineratu dute. Gaur egun funtzionalitate berriak lantzen ari dira, hala nola, sare sozialetara edo streaming zerbitzuetara sartzeko kudeaketa pertsonalizatua, edo profil bakoitzaren erabilera denbora ezagutzeko aukera.