13 DéC. 2022 - 21:25h Pearl Harbor, Bigarren Mundu Gerraren oroimena Hegazkin japoniarrek itsasontzi-base estatubatuarra bonbardatu zutelako gogoratuko du historiak Pearl Harbor. Bonbardaketa horrek gizateriaren historian izan den gerrarik gogorrenean sartu zituen Ameriketako Estatu Batuak. Gaur egun, turistak saldoka bertaratzen dira. Xabier Bañuelos Punchbowl kraterra Honolulu erdialdean dago. Duela 70.000 urte baino gehiago sortu zen toba bolkanikoko konoa da, eta, gizakia Oahu uhartera iritsi zenean, Puowaina bihurtu zen, Sakrifizioen Muinoa. Urkamendi natural horretan, bizitzarekin ordaintzen zuten kapua, polinesiar herriaren tabuei buruzko arau-multzoa, urratzera ausartzen zirenek. Heriotzarekin zuen harreman hori ez zen amaitu Amerikako Estatu Batuek artxipelagoa anexionatu ondoren; orain, ordea, hilerri itxura du: National Memorial Cemetery of the Pacific. 1948an sortu zen, eta Bigarren Mundu Gerran, Pazifikoko Gerran eta potentzia iparramerikarrak Asia ekialdean parte hartutako gainerako borroketan hildako soldaduen gorpuzkiak biltzen ditu. 1939 eta 1945 artean planeta odolustu zuen gatazka belikoaren eszenatokiak ezagutu nahi dituztenen lehen etapa da Punchbowl. Hango begiratokitik ikusiko dugu ekialdean Diamon Head, uharteko sumendi ikonikoa; eta mendebaldean, Hawaiiko hiriburuko etxe orratzak gaindituz, Pearl Harbor-eko urak sumatzen dira. Izen horrek Bigarren Mundu Gerra dakarkigu burura. Hemen ez dugu Hawaiiren edertasunik topatuko; natura aspaldi birrindu zen eta ez dago hondartzarik. Historia da nagusi hemen eta, batez ere, memoria. David Brusi Badiaren ekialdetik Badia baino kostaldeko urmaela da Pearl Harbor, edo Pi’uloa, barnealdera sartzen den kanal estua, ondoren adar eta penintsuletan irekitzen dena. Babesleku natural zabal eta segurua da, portu bat ezartzeko aproposa eta estrategikoki ezin hobea Amerikaren eta Asiaren artean dagoelako. Gerra martxan zenez eta AEBek parte hartuko zutela aurreikusten zutenez, 1941ean Gobernu estatubatuarrak San Diegotik hona aldatu zuen Pazifikoko Flotari aterpea emango zion itsasontzi-basea. Japoniak Asia osoa mendean hartzeko helburua zuen eskuartean, baita ozeano handia ere, eta asmo horren aurkako mehatxu nagusia AEBak ziren. Hala, aurretik gerra deklaraziorik egin gabe, Pearl Harborri eraso egin zion Armada estatubatuarraren baliabide nagusiak deuseztatzeko. 1941eko abenduaren 7an, 353 ehiza-hegazkin, hegazkin bonbaketari eta torpedo-ontzi japoniarrek basea birrindu zuten; 2.403 estatubatuar hil eta 1.178 zauritu zituzten. Lau korazatu hondoratu zituzten eta beste hainbeste kaltetu, eta hiru gurutzaontzi, hiru destruktore, eskola-ontzi bat eta minadore bat matxuratuak edo hondoratuak izan ziren. Horrez gain, 188 hegazkin suntsitu zituzten. Japoniarrek ia ez zuten galerarik izan. X.B. Zortzi hamarkada igaro direnean, mundu osoko milaka turista iristen dira bertara. Baina, batik bat, estatubatuarrak eta japoniarrak. Biek bat egiten dute oroimen eta doluan; japoniarrentzat bisitak penitentzia kutsua du eta estatubatuarrentzat sakrifizio eta harrotasunaren aldarrikapen modukoa da. Pearl Harbor Historic Sites Visitor Center-en hasiko gara, badiaren ekialdeko ertzean. Sarrera interesgarria da, testuinguru historiko eta emozionalean kokatzen gaituena, eta USS Arizona Memorial-era eramango gaituen ferrya hartuko dugu bertan. Bere egitura zuri konkaboak, galeria itxurakoak, ur gainean flotatzen duela dirudi. Gure begirada hondora bideratzen duen balkoi baten antzekoa da, non mamu-itxurarekin Arizona korazatuaren silueta agertzen den. X.B. Haren hondoratzean 1.117 lagun hil ziren. Haien izenak korridorearen buruan grabatuta daude. Ontzi-hondar hori da -Rosenthalek Iwo Jimako Suribachi mendiaren gainean egindako argazkiarekin batera- AEBek gerran izan zuten parte-hartzearen ikur hunkigarriena. Lurrera itzultzerakoan, Arizonaren aingura itzelaren ondotik igaro gara National Memorial parkean, USS Bowfin urpeko ontzirantz goazela. 1943 eta 1945 artean Pazifikoan ibili zen etsaien ontziak suntsitzen. Zerbitzu hori utzita, museo gisa atrakatuta dago eta bisitariek bere barrunbeak ikusteko aukera dute. Bisita estu eta klaustrofobiko samarra da. X.B. Ford Island Hurrengo arretagunea parean dago, Moku’ume’ume-n, ingelesezko izenez, Ford Island. 1941eko ontzi-basearen ardatza zen, eta bertan zeuden USS Nevada, Arizona, West Virginia, Tennessee, Oklahoma, Maryland eta Kalifornia ontziak. Hori izan zen japoniarren erasoaren jopuntu nagusia. Ekialdeko kostaren ondoan mooring quay izeneko atrakalekuen amarradurak ikus daitezke oraindik, eta uhartean zehar ontzi horietako batzuei eskainitako memorialak daude. Admiral Clarey zubia gurutzatu eta zuzenean Pearl Harborreko bigarren ikur handienera goaz, USS Missouri korazatura. “Big mo” delakoak -bere tripulazioak eman zion izen hori- suzko bataioa 1945eko otsailean izan zuen, eta gerraren azken hilabeteetan giltzarri izan zen. 1992ra arte egon zen jardunean, eta 1995eko urtarrilean museo-ontzi bihurtu zen. Baina borroka-arma gisa zuen garrantzia alde batera utzita, 1945eko irailaren 2an bihurtu zen Missouri estandarte, 9:00etatik 9:30era bitartean, Japoniak ontzigainean eta Tokioko badian bertan baldintzarik gabeko errendizioa sinatu zuenean. X.B. Gaur egun bere kanoi hilgarriak zigilatuta eta isilik daude, ezerezari apuntatuz, baina horiei begiratze hutsak hotzikara ematen du. Nolanahi ere, ontzigain hori zapaltzea XX. mendearen bigarren erdialdeko gerra-historian zehar bidaiatzea da, eta ontzi beldurgarri horiek barrutik nolakoak ziren ezagutzeko aukera ederra. Ez oso urrun beste interesgune bat dugu zain. Ez da hain ezaguna, baina ez du interes gutxiago. Izan ere, aireko indarrak garrantzi handia izan zuen bai Hawaiiko baseari egindako erasoan, bai ondoren Ozeano Barean gerra garatzean. Abiazioaren Museoaz ari gara. Bi eraikinetan banatuta dago: nagusia eta Hangar 79. Kontrol-dorre zuri-gorria ahaztu gabe. Handik uharte osoa ikus daiteke; bista zoragarria da. Esan ohi da Japoniar Inperioaren eta Estatu Batuen arteko gudua itsasoan egin zela eta hegazkin-ontzien arteko borroka izan zela. Egia da neurri handi batean, baina ezin dugu ahaztu azkenean lurraldea infanteriak okupatzen duela eta hegazkin-ontzi bat ez dela ezer hegazkinik gabe. Bai, gerra lehorrean ere egin zen eta, dudarik gabe, airean. X.B. Horregatik iruditzen zaigu Pearl Harborrera joanez gero bisitatu beharrekoa dela. 1945etik aurrerako hegazkinak ikus ditzakegu, Mig 15 sobietarretik F4 Phantom-eraino, F14 Tomcat-a edo Blue Angels-en F/A 18 Hornet-a. Baina, zalantzarik gabe, Bigarren Mundu Gerran erabilitakoak eta bonbardaketan parte hartu zutenak dira protagonista nagusiak. Sarreran dagoen Zeroa eta bere armamentua da iman handiena, baina Curtis P40B eta B36A, Douglas SBD-2, F4F Wildcat mardula, edo B25 Mitchell bat ere ikus ditzakegu; halako bat erabili zuen J. H. Doolitle-k 1942an Tokio bonbardatzeko, estatubatuarrek japoniar lurraldearen aurka egindako lehen erasoan.