GAIAK

Orburuak ganbekin

GETTY IMAGES (GETTY IMAGES)

Osagaiak 4 lagunentzat
12 orburu, 300 g ganba, baratxuri ale bat, porru bat, olioa. Saltsa: tipula erdia, azenario bat, porru erdia, baratxuri ale bat, tomate heldu bat, olioa, gatza, koñaka.

Zailtasuna                        3               

1. Orburuei kanpoko hosto gogorrak kendu. Zainari azala zuritu. Barruan dituzten ileak koilarakadatxo batekin atera. Orburuak limoiarekin igurtzi.
2. Eltze batean ura eta gatza berotu. Irakiten hasten denean, orburuak sartu eta 15 minutuz egosi. Egosteko ura bertan utzi, orburuak hoztu arte. Atera eta lau zatitan moztu.
3. Ganbak zuritu eta buruak kendu. Osorik utzi.
Saltsa:
1. Eltze batean zerrendatan moztutako tipula, azenarioa, porrua eta baratxuria olio pixka batekin erregosi, su eztitan. Estali eta noizean behin eragin.
2. Zatitutako tomatea gehitu eta erregosi.
3. Ganben buruak gehitu eta arin erregosi. Koñak zurrusta bat bota eta erre.
4. Bi baso ur bota eta 15 minutuz egosi. Irabiagailuarekin nahasi eta txanotik pasatu. Behar adina gatz bota.
Bukatzeko:
1. Zartagin handi batean txikitutako baratxuria eta porrua olio pixka batekin erregosi, su oso eztitan.
2. Orburuak gehitu eta arin erregosi.
3. Saltsarekin estali eta irakiten hasten denean, ganbak gehitu eta minutu batez egosi.