GAIAK
Entrevue
Ines Osinaga Urizar
Musikaria

«Itsasoan bezalaxe, bizitzan ere dena ez da beti udara»

Gauzak asko aldatzen dira, gure bizitzak eta izatea ere bai. Baita itsasoa bera ere, udan eta neguan oso desberdin daudelako, esaterako. Ines Osinaga Urizarren (Arrasate, 1982) ‘#itsasoadabidebakarra’ disko berria hortik dator, itsasoa gurutzatzearen bidaiatik.

Ines Osinaga. (Jone ALBENIZ)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Itsasoa aspaldi bisitatu al duzu?

Itsasoa neguan eta udan bisitatu behar da, desberdina delako, urdin eta azul desberdinak dituelako, desberdina delako Lekeition eta Orion, maite dut haserre dagoenean, maite dut jende askorik ez dagoenean…

Itsasaldi handiekin ere gerturatzen da jendea.

Bat haserre dagoenean bezala, alde egin itsasoaren ondotik ere haserre badago, bakean utzi behar da.

Zergatik Kuba?

Aspalditik zintzilik neukalako, desira pertsonal bat banuelako eta Sarrionandiarekin egindako kantuekin ere Habanara bidaiatzeko nahia nuelako, baina bizitzan banituen urgentzia gehiagoko kontuak. Baina ‘merezi dut’ esan nion egun batez nire buruari, eta itsulapiko handi bat apurtu genuen eta bi ume eta bi heldu joan ginen. Ez zen idilikoa izan, baina joan ginen.

Habanan sortutako kantu hauek Kuban nolakoak izango liratekeen galdetu nion nire buruari eta hipotesi horri tiraka hasi nintzen kantuak lantzen, Kubako eremu orientaleko musikari emakumeekin sortzeko aukera eta espazioa bilatzen aritu nintzen lehendabizi, eremu urbanoetatik urrun. Kuban esaten da ‘‘lo que sucede conviene’’, eta pixka bat badu hortik ere. Kantu batzuk eraman eta bertsioak egiteko aitzakia baliatu nuen, ezagutzen ez nuen jendearekin musika egiteko modu azkarrena zelako. Egun bat jartzen genuen presarik gabe aritzeko, horrela sortu ziren.

«Fast foodaren aroan gaude, baina oraindik disko kontzeptualak ere badaude eta hau bada horietako lan bat, bidaia bat kontatzen dugu diskoan, bere gosari eta bere afari»

Nire amamen amamen musikarekin konektatu nahi nuen eta tanborrekin eta halakoekin iritsi ginen konexio hoietara. Afrikar ukituak dituen musika da hein batean, larrua eta azala oso primitiboak dira, ahotsarekin batera.

Esan duzu egunero ez zela ilunabar idiliko hori ikusten, eremu txiroagoetan eta ibiliko zinen ziur. Nolakoa izan da itsasoa gurutzatu eta han lanean hastea? Nola egin duzu kontaktua?

Bada lagun batekin hitz egin eta hark beste bat aurkezten dizu edota beste batek hitz egiten dizu hirugarrenaz. Horrela iritsi nintzen Yaimarena, gero hark M. Alfonsorengana bideratu ninduen eta horrela izaten zen guztia. Handik materiala ekarri nahi nuen gero abestiak hemen bukatzeko, ez nuen disko bat bere horretan egin nahi. Fast foodaren aroan gaude, baina oraindik disko kontzeptualak ere badaude eta hau bada horietako bat, bidaia bat kontatzen dugu diskoan, bere gosari eta bere afari.

Gauza da Kuban grabatzea ez dela erreza, mikroak sartzeko ere baimenak behar direlako, inportazioak ezin baitira egin. Tetrisean jolasten aritu naiz eta, gauza batzuk bidean geratu diren arren, atera dira abestiak. Nire ideia zen ea nik zer ekarpen egin dezakedan kantuekin ahalik eta urrutien iristeko, nire pribilegioekin, nire zuritik eta emetik; ikusgarritasuna, baliabideak eta baditudalako.

Lehenengoz aitortu diot nire buruari diskoaren ekoizpena egin izana. Hortik abiatuta, gauzak eraikitzeko lurra akaso nik jarri badut ere, batzuetan ez naiz egon, etengabeko errebisio lana izan da eta erabaki dut zein tokitan egon nahi dudan abesti bakoitzean.

Ukelelea entzun dugu, baina trikia ez duzu utzi.

Beno, 20 urte dira kantuak ordenagailuz sortzen ditudala eta beat batetik abiatzen da askotan kantua. ‘Viejuna’ naiz ‘milleniala’ izateko baina ez naiz ‘boomerra’ gauza hauetarako. Dena dela, ukelelearen aldarrikapena ere egin nahi dut. Nire nortasuna zalantzan jarri nuen une batean, aldaketa gogor baten ostean, bota zuriekin oldarkor Goserekin trikia jotzen, ‘orain zein naiz ni?’ galdetuz… ukeleleak bizitza salbatu zidan. Musika itzali zen nire barruan, beldur nintzen musika sortzeko gogorik ez nuela gehiago izango, bada ukelele batek mediokre izateko aukera eman zidan eta bizitza salbatu. Inork ez zuen ezer espero eta nahi nuen moduan jo nezakeen.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Kantu originaletik tempoz gertu dagoela iruditu zait ‘Errua’ kantua.

Kantuaren aldeko aldarri bat da. Jantzi dezakezu sinte pila batekin edota tres batekin eta kitto. Habanara, heltzeaz bat, nire ikerketarekin hasi nintzenean esan zidaten Enid Rosales zela lehendabiziko emakumea tresa jotzen. Ez da lehena, lehenengo asko daudelako, baina bai ikusgarritasuna izan duen lehena eta kanon horiekin onartzen dutena eta beste emakume askori ikusgarritasuna eman diote gerora Enidi esker. Irakaslea da unibertsitatean, Veradokoa sortzez.

Instrumentua nekazal mundukoa da, mutilatua baita, ukelelea bezala, baina beste soinu bat du eta trikiarekin batera oso ondo funtzionatzen du. Arratsalde batez elkartu ginen, gertu bizi ginelako eta elkarri ezer esan gabe asko fluitu zuen denak. Kantu bakoitzak emakume bat du protagonista eta Enidek badu zer kontatua. Habanan bizi den emakume musikari batek nola bizi duen musika, nazioarteko eszenara salto egiteko dituen zailtasunak, ditugun amets konpartitutak… Podcast bat egin asmo dut denen bizipenekin, kontatuko dizuet.

Kantu liburua da eta postal bat du. Postalik bidali duzu?

Edo beste era batetara esanda, zuek bidali al duzue? Ze, QR bat dauka eta toki batera eramaten zaitu. Itsasoan galtzen bazarete, bidali lasai. Iker Gozategiren argazki superrekin dago egina eta egia da pixkat endogamikoa geratu dela, baina istorio oso pertsonala da. Liburuak Laida Zaprek nire istorioa deseraiki eta kontatzen dena jasotzen du. Lizar Begoñari irakurri genion arte garaikidearen politena dela artea deseraiki eta geratzen diren zatiekin zerbait berria eraikitzea. Nik ez dut obsesiorik izan doinu berriak sortzeko, horregatik lana bitan banatu nahi izan dut. Batetik, atzera begiratu eta gauzak berriz ikusiz eta, bestetik, bidaian sortu dena kaleratuz. #Mauriziakezdauinorhil proiekturako eginikoak ere badaude. Nahi nuen diskoan Olatzek, Loreak edo Haizeatxok ere parte hartzea.

«Nire nortasuna zalantzan jarri nuen une batean, aldaketa gogor baten ostean, bota zuriekin oldarkor Goserekin trikia jotzen, ‘orain zein naiz ni?’ galdetuz… ukeleleak bizitza salbatu zidan»

Istorioria itzuliz, dolu potente bat bizi izan dugu denok. Nik depresio oso basati bat pasa nuen. Betiko zoratuta geratuko nintzenaren beldur nintzen; ez zoratzearen beldur, hori banengoelako. Beldur hori oso primitiboa da, itsasoan bezalaxe, bizitzan ere dena ez delako beti udara. Haserrea dago, argia dago… Doluaren zati denak daude liburuan jasota. Gero, Ikerren argazkiek hunkitu egiten naute eta hainbeste estimulu bisualekin oso gutxi hunkitzen naiz. Musikan ere berdin. Gauza askok harritzen naute, baina hunkitu oso gutxik eta oso hunkibera naiz, baina Ikerren argazkiek hori lortzen dute. Oso barrura eramaten naute, oso toki umelera. Oso gordin ikusten naiz, oso basatia da, baina Ikerren begiradatik asko gustatu zait.

Euskarri fisikoaren aldarria ere bada eta horregatik du duen itxura, ez nuelako disko soil bat nahi. Beno, izatez, disko fisikorik ere ez nuen nahi. Gainera, Euskal Herriko diskogintza durangitisak jota dagoenaren sentsazioa dut. Azaroan sekulako kaleratze pila dago eta lehia basati bat sortzen da ikusgarritasun bila. Nahi nuen gauzak beste modu batean egin, diskoak beste bizitza bat izan zezan. Sinistuta nago gauzak beste modu batetara egin daitezela, ez hain basati, industria eta plaza asko oso biolentoa da, oso gordina.

Ikerketa honetan gauzak zurera ekarri dituzu, baina musikariak erabat aske dabiltza.

Bai, espero dut ahalik eta askeen sentitu direla eta horretarako baldintzak jarri ditugula. Konturatu naiz musikatik garrantzitsuena edo gehien gogoko dudana ez dela kantuak egitea, baizik eta gauzak kontatzea. Hiru minutu eta erdi askotan labur geratzen zaizkit eta ihes egiten saiatu naiz hortik, gauzak kontatzea delako gehien betetzen nauena.

Badirudi tendentzia aldatuz doala.

Bai, orain batzuetan abestiak bi minututara doaz. Hiru minutu eta erdi askotan oso luze geratzen zait, baina beste batzuetan oso labur eta segituan noa 4:20ra eta gauzak kentzeko beharra sentitu izan dut, baina ez, oraingoan ez.

Zuzenekoak nola izango dira?

Banabil zuzenekoetan, Sarrirekin ‘Katuen Kontuak’ eginaz eta urtarrilean berriz ere martxan jarri gara Basaburuan, Tafallan, Villabonan… entzungo dira kantuak modu batean. #Mauriziakezdauinorhil emanaldian beste modu batetara ere entzungo dira kantuak, aurten proiektua topera egongo da konspiratzen, gainera. Kantuak plazan daude, ni hor nago eta uste dut 2023an #itsasoadabidebakarra lana entzuteko aukerarik izango dela. Bitartean etorri beste emanaldietara, instagramen ‘bitxeatu’, bizilagunari galdetu, jo atea kax-kax…

Bada, gozatu bideaz.

Bai eta promozio elkarrizketetan ere ari naiz gozatzen. Promozioa segidakoa eta basatia izan ordez dosifikatua izaten ari delako, eta gozada bat da diskoa aurkezteko ordubete patxadatsu bat izatea. Beraz, eskerrik asko, plazera izan da.