GAIAK

40 Minutu Rock: «Elkartasun uholde erraldoia iritsi da euskal presoengana»

8.000 pertsona bildu ziren larunbatean Durangon ospatutako 40 Minutu Rock jaialdian. Antolatzaileen esanetan, «elkartasun uholde erraldoia iritsi da euskal presoengana. Bidean dira, eta lanean jarraituko dugu guztiak etxean izan arte».

8.000 lagun bildu ziren larunbatean Durangoko Landako Gunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hiru urteren ostean, joan den larunbatean ospatu zen Durangon 40 Minutu Rock jaialdia. 8.000 lagun bildu ziren Landako Gunean. Antolatzaileen esanetan, «elkartasun uholde erraldoia iritsi da euskal presoengana. Bidean dira, eta lanean jarraituko dugu guztiak etxean izan arte».

Ohar batean azaldu duenez, «espetxe politikak sortzen duen drama gizarteratzen gabiltza jaialdiaren sorreratik. Izan ere, argi dugu garrantzitsua dela gure errealitatearen zati bat zein den belaunaldiz belaunaldi transmititzea».

«Musika eta elkartasunari dagokionez, edizio gogoangarria izan da aurtengoa. Jakin lan honetan bururaino iristeko konpromisoan berresten gara tinko, azkena izan arte. Izan ere, sakabanaketaren behin betiko amaiera atarian dugu, baina garrantzi handikoa da lanean jarraitzea salbuespen politikak ere atzean uzteko», gaineratu du.

Izan ere, «euskal presoen Euskal Herriratzea eragile politiko eta sozialen zein euskal gizartearen mobilizazioari esker lortu da. Hala, salbuespena amaitzeko gure aletxoa jarri gura izan dugu 40 Minutu Rocken eta berdin egingo dugu amesten dugun azken edizioa iritsi arte».

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

«Giro aparta»

Jaialdiari dagokionez, «goizean goizetik, ateen itxiera arte, giro aparta» izan zela nabarmendu dute, eta «horren lekuko izan dira bolondresak, musikariak eta bertan izan ziren euskal herritar guztiak».

«Gogoz, determinazioz eta kolektiboan egiten den guztiak emaitza apartak ematen ditu beti, eta horren erakusle izan da beste urte batez 40 Minutu Rock. Aurretiazko prestaketa lanetatik hasi eta hurrengo egunetako desmuntaira arte. Eskerrik asko zuen aletxoa jarri duzuen guztioi».

Tamalez, protokolo feminista aktibatu behar izan zutela azpimarratu dute, «eta errepikatu nahi dugu edonolako eraso sexista, transmaribibollofobo eta arrazisten aurrean gogor eta irmo erantzungo dugula beti. Erasotzaile, 40 Minutu Rock jaialdian ez duzu lekurik».