GAIAK

Irakurketak burmuinean sortzen duen aztarna genetikoa ikertu du BCBLk

Donostiako BCBL zentroak ondutako ikerketa batek erakutsi du irakurketak, bai irakurketarekin lotutako garuneko eskualdeek osagai genetikoren bat konpartitzen dutela, eta honek garunean aldaketak eragiten dituela.

Irakurketaren aztarna genetikoa ikertu du BCBLk. (GETTY IMAGES)

Irakurketa hizkuntza prozesurik berrienetakoa da, duela 5.000 urte baino gutxiago ditu, baina badu eraginik gizakion genetikan. Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Languagek (BCBL) irakurketaren oinarri biologikoaren inguruko ikerketa egin du eta ‘Nature Human Behaviour’ zientzia aldizkariak argitaratu du. Bertan, gaur arteko burmuinaren, genetikaren eta irakurketa gaitasunaren arteko harremanaren analisi sakonenetako bat jasotzen da.

Estatu Batuetako 9 eta 10 urte bitarteko 9.000 haur baino gehiagoren irakurketa errendimenduari buruzko informazioa jasota, lehenik, irakurketa trebetasunekin loturarik handiena duten garuneko eskualde eta egiturak identifikatu ditu BCBLk. «Garuneko bederatzi zonalderen egiturak irakurtzeko gaitasunarekin zerikusia duela ikusi dugu, irakurketa sareko eskualdeak barne, hala nola goiko zirkunboluzio tenporala eta eskualde okzipitotenporalak», zehaztu du Amaia Carrion ikertzaileak.

Garuneko eskualde horiek eta irakurketak eragin genetikorik konpartitzen duten aztertu zuten gero, eta emaitzek baietz frogatu zuten: bai irakurketak, bai irakurketarekin lotutako garuneko eskualdeek badutela osagai genetiko xumeren bat, eta horrek azaltzen dituela, neurri batean, burmuin zonalde horien egituran gertatzen diren aldaketak.

Gainera, irakurketa errendimendua eta irakurketarekin lotutako garuneko bi eskualdek, ezkerreko hemisferioaren azalera osoak eta goiko zirkunboluzio tenporalarenak, osagai genetiko bat partekatzearen ebidentzia ere aurkitu zuten. «Bagenuen irakurketa eta eskualde horien arteko loturaren berri, baina ez genekien eragin genetiko komunik ba ote zegoen», azpimarratu du BCBLko adituak.

Ikerketa zentroak ohar batean nabarmendu duenez, mota horretako analisi metodoek irakurtzeko trebetasunaren oinarri biologikoak ulertzen lagun lezakete. «Lan honek aukera ematen digu irakurketa bezalako jokabide konplexua hobeto ulertzeko. Etorkizunean, beste neurri indibidualizatuago batzuk edota beste faktore batzuen eragina iker litezke, hala nola adina edo sexua, geneen, garunaren eta irakurketaren arteko harremanean gehiago sakontzeko helburuarekin», gaineratu du Carrionek.

Carrionekin batera, Kepa Paz-Alonso ikertzaileak eta Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifikoak hartu dute parte ikerketan.