GAIAK

Astero berrituko den ‘NAIZ irratiko 50ak’ zerrenda entzungai dago Spotifyn

Musika entzuteko gogoz bazaude eta ez badakizu zer hautatu, edota euskal musikako azken berrikuntzen berri izan nahi baduzu, entzungai duzu Spotify plataforman 'Naiz Irratiko 50ak' zerrenda.

NAIZ irratiako 50ak zerrenda spotifyen (NAIZ irratia)

Irratiaz harago jakitun gara entzuleek plataforma digitaletan asko kontsumitzen dutela musika. Hala, Spotify plataforman duzue entzungai jada ‘NAIZ irratiko 50ak’ zerrenda. NAIZ irratiko lan taldeak mimoz aukeratutako kantu zerrendak aukera emango du euskal eszenaren argazki eguneratu bat izateko. 

Astero berrituko da ‘NAIZ irratiko 50ak’ zerrenda, astelehenetan. Euskarazko musikari eta Euskal Herrian sortutakoari emango zaio batez ere garrantzia. Mainstream musikak lekua izango du, bai, baina hortik harago ere zabalduko dugu eskaintza. Euskal Herriko lokaletan sortzen ari diren banda berriek ere izango dute bere tokia, baita urteetan underground mugimenduaren parte izan direnek ere.

50 kantuko zerrendan nazioarteko puntako artisten kantuen hautaketa bat ere egongo da, gureari balio gehiago eman asmoz, parez-pare jartzen direnean jabetzen baigara askotan etxekoak duen balioaz. Eta bukatzeko, dena ez da gaur-gaurkoa izango, nostalgikoak asetu asmoz, klasikorik ez baita faltako 'Naiz Irratiako 50ak' zerrendan. 

Baina dena ez da hor bukatzen, izan ere kantuen hautaketak datozen aste eta hilabeteetan Euskal Herriko oholtzetan izango ditugun artisten musika ere entzungo baita. Beraz, musika gaurkotua eta informazio praktikoa, biak eskuratuko dituzu ‘NAIZ irratiko 50ak’ playlista zure gogokoetan gordetzen baduzu. Badakizu, sakatu bihotz formadun botoitxoari, eguneratuta mantenduko zaitugu.