07 MAI 2023 - 15:47h Euskal Herriko 18 anfibio-espezien erdiak mehatxatuta daude Apo ezproidun iberiarra, baso-igel piriniotarra, hegoaldeko zuhaitz-igela, apo lasterkaria eta apo pintatu iberiarra dira Euskal Herrian «Galtzorian» dauden bost anfibio espezieak. Beste bost «Kaltebera» gisa daude sailkatuta. Apo pikart iberiarra espezie mehatxatutako bat da. (ARANZADI) NAIZ Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskal Herriko anfibioen inguruko txosten bat egin du, gizarteak haiek zaintzearen beharraz konzientzia har dezan. Izan ere, gure lurraldean espezie ugari daude, eta azterlanak erakutsi du Europa mailan anfibioen biodibertsitate handieneko guneetako bat dela. Hala ere, adituak kezkatuta daude Euskal Herrian ezagutzen diren 18 anfibio-espezie, %56a espezie mehatxatuen katalogoan sailkatuta daudelako, eta horietatik %28a babes handieneko mailan, Desagertzeko Arriskuan. Naturaren Kontsrbaziorako Nazioarteko Batasunak mundu mailako ikerketa egin du, orain arteko handiena, eta emaitzak zabaldu berri ditu. 57.000 espezie aztertu eta sailkatu dituzte. Emaitza batzuk kezkagarriak dira, eta ornodunen artean egoera makurrenean dagoen taldea anfibioena da –mundu mailan espezien %41a mehatxu egoeran dago–. Ion Garin Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko biologoaren iritziz, «egoera honek gauza asko birplanteatu beharko lizkiguke, anfibioak gure planetako talde taxonomikorik zaharrenetako bat baita. Duela 200 milioi urtetik bizi dira mundu honetan, dinosauroen garaitik. Nola liteke milioika urte horiek guztiak mantendu izana eta gaur egun planeta mailan gainbehera larrian egotea? Kontuan izan behar da, gainera, gure ekosistemen egoeraren bioadierazle oso onak direla. Agian zerbait esan nahi digute». Espezie mehatxatuen zerrendak jasan dituen berrikuntzen ostean, Euskal Herriko bost anfibio espezie «Galzorian» sailkatuta daude: bi Ipar Euskal Herrian (apo ezproidun iberiarra eta baso-igel piriniotarra), eta beste lau Hego Euskal Herrian (hegoaldeko zuhaitz-igela, apo lasterkariaren kostako populazioak, apo ezproiduna eta apo pintatu iberiarra). «Kaltebera» gisa sailkatutako espeziei begiratuz gero, beste hainbeste espezie sailkatuta daudela konturatuko gara: Apo pikart iberiarra, Zuhaitz-igel iberiarra, Uhandre alpetarra, Baso-igel jauzkaria, Baso-igel iberiarra. Hau da Euskal Herriko anfibio espezieen zerrenda osatzen duten 18 anfibio espezieetatik hamar (%56), arrisku maila garaienetan sailkatuta daude.Horregatik kezkatuta, 2020 urteko urrian, Aranzadik Iberiar Penintsulako aditu talde bat gonbidatu zuen Anfibioen Kontserbaziorako III. Jardunaldietan parte hartzera, non gai nagusia anfibio populazio mehatxatuen jarraipena izan zen. Bilgunean adostutako ondorioak ‘Munibe Monographs’ aldizkari zientifikoaren bostgarren alean argitara eman ditu Aranzadik orain, online eskuratu daitekena. Zabalik dituzten lan-ildoak Aranzadi Zientzia Elkartea Euskal Herriko anfibioen ikerketa lanean erreferente bat da, izan ere anfibioen ikerketa burutzen darama mende erdi inguru. Espezie mehatxatuen zerrendan «Galzorian» sailkatuta dauden espezieen jarraipen lanak 25 urte bete ditu hegoaldeko zuhaitz-igelaren kasuan, aldiz kostako apo lasterkariaren populazioen kasuan 20 urte betetzera doa monitorizazioak. Azken urteetan arreta kategoria baxueneko espezie mehatxatuetan ezarri da: besteak beste uhandre piriniotarra, uhandre alpetarra edota baso-igel iberiarra. Espezie hauen banaketa area berritua argitalpen zientifiko desberdinetan aditzera eman da, eta bertako anfibioak kaltetzen dituzten mehatxu berrien inguruko ikerketak gauzatu dira: izan zuhaitz landaketa exotiko edota produktu agrokimiko batzuen eragina. Mundu mailan anfibioak kaltetzen ari den gaixotasunen ikerketa lerroa martxan jarri dute azken urteetan Bioaniztasunaren Ikerketarako Institutu Mixtoarekin elkarlanean. Bestalde, duela 30 urte ekindako bideari jarraituz, Euskal Herriko putzu sarea ehuntzen jarraituko nahi dute, putzu berriak sortuz edo egun existitzen direnak konponduz edo kudeaketa lanen bidez hobetuz. Amaitzeko, dibulgazio eta hezkuntza alorrean prebentzioaren garrantzia azpimarratzen dute adituek, izan ere bertako anfibioen kontserbazioa bermatzeko garrantzitsua dirudi, espezie arrotz inbaditzaileen sartzapena ekiditea, eta bide horretan ingurumen hezkuntzak bere garrantzia izan dezake.