09 MAI 2023 - 06:10h Itsusiko haitzak: Itsusia, parajeok ez ezagutzea Nafarroa Beherea, Nafarroa eta Lapurdiko mugan bada izen bereziko paraje eder bat: Itsusiko haitzak. Izen hori jarri zionak izanen zuen arrazoiren bat, noski, baina haitzek itsusitik gutxi dute. Ilunak dira, bai, baina txoko ederra da, bakartia, belartsua eta harritsua aldi berean. Andoni Urbistondo Itsusiko Haitzak ezagutzeko hainbat irteera puntu daude. Bidarraikoa da ezagunena, Nafarroa Beherean, Pont D’Enfern, Infernuko zubi ezaguna gurutzatuz. Lapurdiko Itsasutik ere irits daiteke, autoz Atekagaitz edo Pas de Roland famatua igaro eta Col des Veaux edo Txekorren leporaino igota. Eta Nafarroatik ere bai, Otxondo mendatean barrena. Itsusiko Haitzak txikiak dira garaieraz, 700 metro eskas, baina harri puska ikusgarriak dira, 400-500 metro tentetzen baitira Aritzakun bailara estuaren zaindari. Iparla eta Irubelakaskoa gailurrek babesten dute Aritzakun ekialdetik, eta Artzamendi belartsuak, Lapurdiko tontor garaienak, mendebaldetik (926 metro). Bidarrain abiatu eta bukatzen den ibilbide zirkularra da ezagunena, ohikoena, baina neguak ekarritako egun argia hobe probesteko Lapurditik ekingo diogu irteerari. Itsasun gora, hain zuzen ere. Atekagaitz edo Pas de Roland ezaguna pasa eta Col des Veaux, Txekorren leporaino. Han utziko dugu autoa, hegora Gorramendi eta Gorramakil, Baztango mendiak zuri-zuri agertzen direla. Itsasuko lurretatik abiatuta, ibilbide zirkularrak 12 kilometro ditu, eta Iduzkimendi eta Artzamendi gailurrak igotzeko aukera ematen du. A.U. Ibilbide honek bi gailur horiek inguratuko ditu, martxa lasaian, pista batean barrena aurrena, xenda garbi batetik ondoren. Iduzkimendi ekialdetik inguratu eta Meatseko lepora iritsiko gara azkar. Dolmen eta cromlecht ugari gordetzen dituen nekropoli dotorea dago, baita Lapurdi, eta Nafarroa Beherea eta Garaia banatzen dituen muga. Artzamendira daraman pista asfaltatu bat bada, zikloturisten altxor, baina Artzamendiko antena festa beste baterako utziko dugu. Ekialderantz egingo dugu, Itsusiko Haitzetan ekialdeen dagoena ezagutzeko: Zelhaiburu. Hara bidean Napoleonek jarritako hainbat mugarri ikusiko ditugu, bakoitza bere zenbakiarekin, 300 metroz behin jarriak, eta Estatu espainol eta frantsesaren arteko mugak finkatzeko. Espaltzako lepotik dotore ikusten da Zelhaiburu tontorra (673 metro). 400 metro beherago dago Arrouzia baserria. Bertan hasten da Itsusiko Haitzak ezagutzeko ibilbidea, Bidarraiko aukera lehenesten badugu. Arrouzia baserrira jaitsi gabe, Zelhaiburu tontorretik eta Espaltza lepotik ederki ikusten da mendian gora egiten duen xenda. Kate batzuk ere baditu, zorua bustita edo izoztuta dagoenerako. Kate horietaraino jaitsi gabe ekingo diogu itzulerako bideari, mendebaldera eginez. Pagamendi gailur belartsutik amildegi aldera hurbiltzeko ahalegina egitea komeni da, Martikoenea puntaraino. Aritzakun bailara oso behean ikusiko dugu, eta putreak hegan bazka bila ere bai. Putre toki egokia da Itsusi, eta sai saldo aberatsa bizi da han. A.U. Itsusi Harria Bidea ez da zaila. Xenda oso garbia da, eta malkarra apenas nabaritzen da oinez zoazen bitartean. Arretaz jokatu behar da, Itsusi Harria tontorrera iritsi eta amildegi ertzeraino jo nahi badugu. Batez ere bertigoa baldin badugu. Zuloa handi samarra da eta, zorua bustita badago, kontuz ibili behar da. Haitz edo harri gehiago daude bidean, izenik gabeak gehienak. Halako batean Ezpaltzako Punta edo Orratzera iritsiko gara. Ziurrenik denetan tenteena, eta hurbiltzen zoazen heinean halako errespetua sortzen duena. Orratz honetan ere agerikoa da Aritzakun bailararaino dagoen amildegia; beraz, arretaz ibili. Parean agertuko zaigu, harro, Irubelakaskoa edo Alkaxuri piramidea, zurituta. Ezpaltzako ur-jauzia zeharkatuko dugu, mokadutxoa egiteko toki benetan ederra. Aurreraxeago ere egin dezakegu, Irazelaiko Bordan. Iduzkimendi gailur belartsua aurrez aurre agertuko zaigu, eta horrek txangoa bukatzetik hurbil dagoela adierazi nahi du. Autora daraman pistan barneratu aurretik, azken begiratua botako diogu ikuspegiari, ikusgarri ageri baitira Iparla, Autza, Gorramendi, Saioa, Gartzaga, Mendaur eta Larhun mendiak, besteak beste. Ekialderantz Auñamendiko silueta berezia ere bai, zuri distiratsu. A.U. Haiek guztiak ostertzean desagertzen hasten direnean iritsiko gara helmugara. Mendi buelta askok bukaeran dute saria: otordu on bat. Veaux edo Txekorren lepoan, zibilizaziotik nahiko urrun egonda ere, aukera oparoa dago bazkari on bat egiteko. Burkaitz benta dago, edo Ferme Esteban, eta beste hainbat benta ere bai inguruan. Astelehen buruzuri batean Burkaitz bentako terraza jendez lepo dago, eta horrek garbi erakusten dio bisitariari bertan bazkari goxoa ematen dutela. 11-12 kilometroko itzuliak eragindako zigorra goxatzeko nahikoa bai, behintzat.