GAIAK

Chicago, udaberri amaierako epeletan

Estatu Batuetako hirietako harribitxietako bat da Chicago, eta hirigintza modernoaren ezinbesteko gunea. “Haize-hiria” izengoitia ere badu, eta urteko sasoi luze batean oso hotza izaten da haize hori, udan beste muturrera iristeko. Horregatik, udaberria une paregabea izaten da.


Estatu Batuetako hirugarren hiri populatuena da, bi kostaldeen artean eraikitako metropoli gisa, Atlantikotik hurbilago Pazifikotik baino, baina New Yorketik lurrez zein Aintzira Handiez urez iritsitako askorentzat mendebalderantza abiatzeko abiapuntua ere izan da historikoki. Kaliforniaraino doan 66. errepide mitikoak Chicagon du hastapena, izan ere.

Hiri bat sortzea, eta gero haren eskualdeari estatu bat ematea izan da ohikoena Ameriketako Estatu Batuetan. Aurkako kasua dugu hemen: Illinois AEBetako estatua zen duela bi mende, baina Chicago ez zen 1830era arte sortu. Irlandan gosetetik eta britainiar jazarpenetik ihesi zetozen milaka lagun iritsi ziren hurrengo urteetan; 1871. urteko urriaren 8an, O’Leary andrearen -irlandar haietako baten- behiak lanpara bati ostikada eman omen zion -hala dio kondairak-. Chicago erabat aldarazi zuen istripuaren hasiera izan zen: hiriaren erdigunea erabat kiskali zen eta 90 mila lagun baino gehiago etxerik gabe geratu ziren. Hondamendiaren erantzuna, egurraren ordez altzairua erabiltzea izan zen, eta lehen etxeorratzak 1885ean eraiki zituzten.

Sasoi berean, bi tranbia linea eta goratutako metroaren linea zirkular batek “The Loop” izena eman zion hiriaren erdiguneari. Gaur egun ere horrela deitzen zaio hiriaren gune bisitatuenari, L tren-lerroaren bideak definitutako gunetik harago hedatu den arren hiriaren Downtown edo bihotza hainbat auzunetara. Edozelan ere, erreferentzia ezin hobea da trena Chicago bisitatzeko. Aireportutik zuzenean iristen da erdigunera, gainera.

Duela ia mende eta erdi eraikitako lehen etxeorratzetatik hasi eta Mies van der Rohe-ren maisulan modernistara edo munduko eraikinik garaienetakoa den Willis Tower-era, begirada etengabe gora ibiltzea da Chicagoko Downtown-ean paseatzea. Chicago AEBetako eta munduko abangoardia arkitektoniko eta politiko-sozialean hiruburetako bat da. Eraikin soiletan ez eze, hiriaren bizimoduak, kultur ekimenek eta, zelan ez, historiak erabat markatutako lekua da: Haymarket-en zortzi orduko lan egutegiaren aldeko protestek ekarri zuten maiatzaren 1a langileen egun izendatzea. Duela ehun urte, Al Caponeren bandak alkoholaren debekuaz eta sistema usteldu batez baliatu ziren Chicagotik kontrola hedatzeko. Eta ezin Chicago gabe ulertu Estatu Batuetako azken hamarkadetako presidenterik karismatikoenaren figura, Barack Obama lehen lehendakari beltzaren bizilekua baita Illinoisko hiria.

Arkitektura lezio bat

Aireportuko trenak The Loop-eko bihotzean utzi gaitu, oinezko txango luze bezain interesgarriari ekiteko. Zehazki, Michigan lakua eta South Chicago River lotzen dituen Van Buren / La Salle kalean jaitsita, geltoki aldamenean dagoen eraikin batek erakarri dit lehendabizi arreta. Kristalik gabe eta zirrikitu oso luze eta estuekin: Chicagoko espetxea da, 28 solairuko eta hiruki formakoa, hiriaren erdi-erdian. Handik metro gutxira, Chicago Board of Trade edo Burtsa, 1930ean eraikitako art-deco eraikuntza; atarian Ceres nekazaritzaren jainkosa dauka.

Burtsaren eraikinaren handitasuna hautemateko metro batzuk urrunduta, Rookery 1888ko eraikineraino iritsi gara; kanpoko harrizko gotorlekuaren kontrastean dago Frank Lloyd Wrightek diseinatutako atrio txundigarria barruan. Bide gurutzatu eta izkinaraino joanda, ikuspegia paregabea da: Chicago Board of Trade eta Rookery metro gutxitara, eta etxeorratzen gainean erraldoi jaikiz, Willis Tower, mendebaldera kale pare batera baina gain-gainean izatearen inpresioa egiten duela. Adams kalea ibaira iritsi aurreko gunea betetzen du 25 urtez, XX. mendearen amaierara arte, munduko eraikinik garaiena izan zen 442 metroko eraikina: Sears Towers izena zuen orduan. Ez dago esan beharrik, Chicagoko ikuspegi sinestezina dago Willis Towerrera igota.

Hiriaren izen bera daukan Chicago ibaiaren hegoaldeko adarretik iparrekoarekin bat egiten duen gunera heldu gara, biak batuta Michigan lakurainoko bidea egiten du. Ertz batetik zein bestetik bisitatu, edo etengabe ibaian gora eta behera dabiltzan turista-ontzietan, perspektiba oso berezia izaten da, Chicagoko opera, Merchandise Mart eraikin historikoa edo Chicagoko Bluesaren Etxeetatik igarota. Martxoan, Saint Patrick egunean, berde kolorez tindatzen dute urtero ibaia irlandarren eguna ospatzeko. Egunak luzatzen baina oraindik hotz-hotzak diren sasoia da, maiatz-ekainerako berriz, eguzkitan goxo eta etxeorratzen itzaletan fresko egoteko egun paregabeak dira, ibai ertzeko terrazetan jarrita eta gainerako chicagotarren antzera paseoan ibiltzeko.

Ibaia eta lakua

Lakura bidea hartuta, zubirik dotore eta eleganteenari erreparatu diogu, Michigan etorbidea gurutzatzean. Ibaiak tarte batez ezkerrera egiten duten txokoan dago Du Sable zubia. Hementxe hasten da, iparrerantz, urrezko milia edo Chicagoko tarte aberatsena, saltoki dotore, eraikin historiko eta gune interesgarriarekin, 1871ko sutean onik irten ziren ur-dorrea eta punpaketa-estazioa, kasu. Ibaitik etorrita, Wrigley Building 1920ko etxeorratz historikoa eta haren ordularia ditugu. Parean, Chicago Tribune egunkariaren eraikina dago. Tribune Towerreko hormetan mundu osoko harri zatiak daude, hala nola Berlingo Harresikoak edo Beijingeko Hiri Debekatutik ekarritakoak.

Michigan aintzira eta ibaiaren arteko eremuan, berriz, azken urteotan berritu eta famatutako txokorik ezagunenetako batzuk daude, baita chicagotar askok familiarekin joateko eta oinez edo bizikletan aritzeko dituzten txoko kutunak ere. Horietan ezagunena, hiriaren ikono bihurtzeraino, Millenium Park da, Anish Kapoor-en Cloud Gate eskultura ezagunarekin. Chicagon “The Bean” edo “Indaba” ezizena dauka artelanak; hasieran artista haserretu omen zuen arren, badirudi gustuko duela egun. Merkurio likidoak inspiratuta, eskulturak desitxuratu egiten du hiria eta hiriaren skyline-a, baita bisitarien profila ere. Frank Gehryk diseinatutako Jay Pritzker pabilioia edo Crown Fountain artelan interaktiboa Millenium Parken dauden beste altxor artistiko ezagunetako bi dira.

Aintzira ertza gertu dago, baita Buckingham lorategi eta iturri dotorea ere. Adams kaletik, hasierako gunera iristeko tartea da, oinak urratuta, geure Loop edo txango eguna hainbat kilometrotan zehar. Eta kalearen sarrera, 66 Errepidearen abiapuntua dela gogorarazten duen seinalea dago. Izan ere, Chicago erdiguneko bisitan egunak eman litezke, baina hiriko auzoak ere ez dira gutxiagorako: Wicker Parkeko saltoki tradizionalak, Pilseneko muralak eta giro mexikarra edo Uptowneko pagodak eta asiar kultura, hiri zirraragarri honetako aukera ugarietako batzuk aipatze aldera.