GAIAK

Mo’orea, Tahititik gertu, baina erabat desberdin

Frantziaren mendeko Polinesiako beste uharteetara joaterik ez izan arren, ezta Tahititik hurbilen dauden Sozietate artxipelagoko gainerako irletara ere, Mo’oreak derrigor egon behar du munduko txoko honetaraino etorri den bidaiariaren bisita-zerrendan.

 


Norbaitek pentsa lezake Tahiti uharte nagusiaren aldamenean egotea kalterako zaiola Mo’oreari, ez duela Sozietate artxipelagoko gainerako irlen edertasuna edo nortasuna edo beste zerbait. Bai, egia da, Papeete hiriburuarekin ferry-lotura izateak nabarmen errazten du bisita. Eta “Magic Island” (uharte magiko) bezalako deitura turistikoak, erakargarri izateko asmoz diseinatuta egon arren, aurkako efektua izan dezake. Baina nekez aurkituko ditugu elkarrengandik bereiziago diruditen bi mundu. Portuan bertan geratzen da atzean Papeeteko hiri sentipena, eta Mo’oreara iristearekin bat gailentzen da herrixka giroa eta atoloiaren edertasuna, mendi kolosala, arrezifearen hurbiltasuna eta polinesiar bizimodu lasaia.

 

U.U

Gainerako uharteetara egindako bisitaren amaieran iritsi gara Mo’oreara, eta geuk ere badakargu errezelo hori hegazkin txikian: ez ote den orain arteko txokoen xarmarik gabeko leku turistikoa izango. Ezin okerrago, egon, zorionez. Aparatua hurbildu ahala ageri da urdin turkesa airetik, arrezifeak itsaso sakon eta ilunagoetatik bereizten. Lehorrean, palmondoak, berde bizia, joan-etorriko bide estuak, eliza dotoreak eta oilarra, herriko irteeran. Bora Bora ederra izan da, ezin uka, baina edertasun horri Mo’oreak uharte handiagoa izatea gehitzen dio eta, konparazioan, merkeagoa ere bai (edo ez hain garestia, gutxienez).

Bihotz-itxura dauka 60 kilometroko perimetroa duen irlak. Cook eta Opunohu iparraldeko bi badia sakonek ematen diote itxura hori; biak batzen diren gunean, gainera, oihana eta sumendia hasten dira, irlaren barnealderako abiapuntua baita punta zorrotzeko Rotui mendiraino.. Ederra baino ederragoa da ibilbidea, Opunohu badiaren ertzean goazela batez ere, bihurgune bakoitzak liluratzen gaitu. Kosta-lerrotik hurbil beti, fruta eta barazkien postuak ageri dira han-hemenka, baita kokoak eta harrapatu berri diren arrain freskoak ere.

 

U.U.

Hizkuntza eta natura

Bi badiak atzean utzita daukagu lehen geltokia. Arrezifera begira dagoen eraikin xume eta zabal batekin, leihorik gabe itsas-brisaz gozatzen, Puna Reo Piha’e’ina dago. Aotearoa edo Zeelanda Berriko esperientziak ezagututa, Polinesiako beste mutur honetaraino ekarri zuten tahitierazko (reo tahiti) irakaskuntza eta eskola-ostean aisialdirako esperientziak antolatzeko gunea. Duela hilabete gutxi tahitiera-frantsesezko eskola elebidunak zabaldu dituzte.

Izan ere, itsasoa eta oihana eta urpeko proposamenez gain, frantsesaren presio handiaren menpe baina bizi-bizirik dagoen polinesiar kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera ederra da Mo’orea. Turistei begira Tiki Village Cultural Center-ek eskaintzen dituen dantzekin eta antzezpenekin batera, hizkuntza biziberritzeko borondate argia erakutsi dute uharteko herritarrek.

 

U.U

Cook badia atzean utzi eta Opunohuko bidea hartu aurretik, uhartearen erdigunerantz jo dugu. Rotui mendiraino igoera gogorra eta neketsua da, baina, hori bai, tontorretik dagoen ikuspegia nekez ahaztekoa da. Osterantzean, errepidea Belvedere begiralekuraino igotzen da oihaneko bihurguneetatik, bidean marae edo tenplu polinesiarren arrastoen aldamenetik goazela. Begiralekutik kostalde osoa, arrezifeko uren tonu-aldaketak eta, oihanaz gaindi, mendi tontor pikoa ageri dira.

Herri indigena askok egiten dute hizkuntzaren eta lurraren eta ingurumenaren babesaren arteko lotura, eta oihanetik itsasertzera eginda, Mo’oreako leku berezienetako batera joan gara. Te Mana O Te Moana itsasoko bizitza babesteko lan egiten duen erakundea da, kaltetutako itsas dortokak bereziki. Santutegi gisa prestatuta, izaki paregabeak bertatik bertara ezagutzeko aukera Mo’oreak dituen eskaintza ugarien zerrendan oso goian dago.

 

U.U

Kultura bizia

Inguru guztia oso atsegina da, Ta’ahiamanu hondartza, esaterako, uharteko ederrena da askoren iritzian. Harea zuria eta palmondoak eta postal itxurako irudiarekin batera, arrastiko patxada eskaini digu hareatzak: bertako herritarrak arratsalde-pasa, solasean zein petanka jolasean. Aurreraxeago, Maharepa udalerritik irten gabe eta ilunabarretik gertu (tropikoan eguna amaitzea eta gaua iristea oso bizkor gertatzen da) eta mendebaldeko muturrera helduta, asteburuko azoka dago hondartza parean.

Hurbil dugu Tiki Village Cultural Center. Ados, turistentzat berariaz antolatutako txokoa da, baina polinesiar dantzak ezagutzeko txokorik onena da uhartean, hizkuntzaren aktibistek ere aholkatu digutenez. Afaritara joan eta gero izan ohi da ikuskizuna, baina badago afaririk gabe dantza saiorako sarrera bakarrik hartzeko aukera ere, Polinesiako kondairak eta mitoak dantza bidez ezagutzeko.

Uhartearen hegoaldeko bisitan ibilbidea ez da hain zirraragarria, txoko ederrak ageri badira ere; resort garestien ordez ostatu merkexeagoak ere aurki litezke bazterrotan. Polinesian berri samarrak izan arren, eliza koloretsu eta ederrak egon ohi dira, eta Mo’orea ez da salbuespena; Haapitin, esaterako, errepidearen alde banatan daude tenplu protestantea, arrezifera begira, eta katolikoa, mendiaren ingerada zorrotza atzean duela.

 

U.U

Itsasoko koloreak

Ezin Mo’oreako kostaldeko proposamenez mintzatu Lagoonarium aipatu gabe. Hitza bera dibertigarria da, eta lekua bisitatzea uhartean egin daitekeen esperientziarik berezienetakoa da. Hemen, arrainzabalekin, marrazoekin eta arrain tropikalekin igeri egin liteke, humuhumunukunukuuapua-rekin kasu (hau da, arrezifeko balistido arraina).

Aintzirara iristeko, txalupa bat hartu dugu Motu Ahi irlaraino, minutu pare bateko itsasbidea da, eta Lagoonariumerako txartela erostean hartzen da irlarako txalupa. Motu Ahiko hondartzak izugarri ederrak dira, eta behar bezain goiz iritsiz gero, hondartzako txabola bat eskatzeko aukera dago, ur gardenei begira, egurrezko edo koralez egindako polinesiar figurak parean. Edozein unetan urpean ibiltzeko aukera ederra izanda ere, egunean birritan janaria banatzen denean sortzen den ikuskizuna itzela da. Koloretako arrain txikietatik marrazo taldeetara, esperientzia paregabea izateko aukera dago.

 

U.U

Uharte-nagusira itzulita, Tahiti parez pare ageri zaigu, baina ez da oraindik ferryaren ordua. Aireportutik gertu, Temae hondartza paregabea dago, eta hara bidean, Toatea begiratokia, Mo’oreako hondartza gehienetan bezala, turkesa urdin koloreko ur garbia, palmondo garaiak eta eguzkiak jotako harea zuriarekin batera, zutabeen gainean itsasoan eraikitako etxolez osatutako resort garestia dago. Hotela patrika gehienen ahaletatik kanpo dago, baina hondartza edonorentzat da, zorionez. Asteburuan iritsita, gainera, sekulako giroa dago, familiak picnicean, lagun taldeak olgetan, eta musika lagun bildutako adiskide zein ezezagunak, polinesiar doinuak kantatzeko.