GAIAK

Prostatako minbizia


Prostata, gizonezkoen ugal aparatua osatzen dutenen arteko organo glandular bat da, maskuriaren sabelaldean dagoena. Han ur prostatikoa sortzen da, barrabiletatik eta besikula seminaletatik datorren jariakinekin bat eginez, semena sortuz. Hortaz, ugaltze prozesuan duen garrantzia argia da. Gainera maskuri sekundario moduan lan egin dezakeen organoa da, uretrak semena kanpora dezan presioa sortzen du, maskuriaren pasabidea ixten du... Prostatako minbizia 50 urtetik gorako gizonezkoengan ageri da batik bat; EAE-an, esaterako, hirugarren tokian aurki dezakegu pairatzen diren minbizien artean. Eragile nagusienen artean, adina, faktore genetikoak, elikadura (okela gorria sarriegi jatea), bizimodu ez osasuntsua eramatea, zenbait sustantzia kimikoekin harremanetan egotea (kadmioa edo agente laranjak) edo eta arraza (arraza afrikarrek gehiago pairatzen dute) aurki ditzakegu. Sintomatologia ondorengoa izan liteke: gernuaren fluxu ahula edo arazoak, inkontinentzia, mina, odola agertzea gernuan, etengabeko mina bizkar, aldaka edo pelbisean... Tratamendu ohikoen artean kirurgia eta erradioterapia ditugu, baina, gainera, hormona-terapia, kimioterapia, kriokirurgia... ere erabiltzen dira.

Kontrola ditzakegun faktoreetatik, argi dago, sedentarismotik urruntzeak eragin positiboa duela prostatako minbiziaren aurrean. ‘European Urology’ aldizkarian ikertu zutenez, bai minbiziaren diagnosiaren aurretik eta bai tratamendua irauten zuen bitartean, jarduera fisikoa erregularki burutzeak heriotza goiztiarraren tasa gutxitu zuen. Munduko Osasun Erakundearen esanetan, astean intentsitate moderatuko 150-300 minutuko jarduera fisikoa burutzea edo intentsitateko 75-150 minutu nahikoa izango lirateke minbizia pairatzeko arriskua gutxitzeko. Ariketa hauek lan metabolikoari, indar lanari eta zoru pelbikoaren lanari bideratuak egon behar lukete, bai gaixotasunak zuzenki dakarren gaitzei (inkontinentzia, minbiziaren tratamenduaren ondorioen gutxitzea...), eta bai zeharkako ondorioei ere aurre egiteko (faktore psikologikoa, hezurren ahulezia, atrofia muskularra, sedentarismoaren ondorioak...).