GAIAK

Osakidetzak suizidioa prebenitzeko programa jaso du Pazientearen Segurtasunerako Estrategian

Osakidetzako zuzendaritzak 2030erako Pazientearen Segurtasunerako Estrategia aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean. Estrategia berriak, aurretik zehaztutako ekintza-lerroei segida emateaz gain, bi berri jasotzen ditu: larrialdi-zerbitzuetako pazienteak eta suizidioaren prebentzioa.

Rosa Perez Osakidetzako zuzendaria, Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian. (IREKIA)

Osakidetzaren 2030erako Pazientearen Segurtasunerako Estrategiak bi ekintza-lerro berri jasotzen ditu bere baitan: larrialdi-zerbitzuak eta suizidioaren prebentzioa.

Rosa Perez Osakidetzako zuzendaria eta Enrique Peiro Pazientearen Osasun eta Segurtasuneko programen koordinatzaileak aurkeztu dute astelehen honetan pazienteen segurtasunerako bide-orri berria, Gasteizko Legebiltzarreko Osasun batzordean.

Azaldu dutenez, biztanleei eskaintzen zaien osasun arretan «segurtasun maila handiagoa» eskaintzea helburu duen estrategiak azken hamarkadan garatutako bi estrategiak ditu abiapuntu eta horietan zehazten diren ekintza-lerroak mantenduko ditu, besteak beste, haurdunaldi-, erditze- eta puerperio-prozesuetako segurtasuna, kirurgia segurua, kalterik gabeko gorabeheren jakinarazpena edo osasun asistentziarekin zerikusia duten infekzioen prebentzioa eta kontrola.

Bada, horiez gain, bi ekintza-lerro berri jasotzen ditu datozen zazpi urteetan indarrean egongo den Pazientearen Segurtasunerako Estrategiak, Osakidetzako profesionalek antzeman dituzten beharrei erantzuten diotenak. Suizidioaren prebentzioa da horietako bat. Perezen esanetan, arreta handiagoa jarri nahi da suizidatzeko arriskua izan dezaketen pazienteengan, osasun arreta jasotzen dutenean haien «bizi kalitatea hobetzeko».

Gainera, Enrique Peirok zehaztu duenez, «diziplina anitzeko begirada batekin suzidioen %30 ekidin daitezke» estimazioen arabera. Zentzu honetan, gizartearen sentsibilizazioa bilatuko du Osakidetzak. «Gizartearen papera giltzarria da», Peirok esan duenez, eta, hortaz, «guztion kolaboraziorik gabe ezinezkoa izango da pazientearen segurtasunerako estrategia martxan jartzea».

Larrialdi-zerbitzuak

«Larrialdi-zerbitzuek prozesu konplexuei aurre egin behar diete egoera kritikoetan, eta horrek areagotu egiten du segurtasun-gorabeherak gertatzeko arriskua», ohartarazi du Rosa Perezek Legebiltzarrean. Hori saihestu edo murriztu nahian, aurreratu du zerbitzu horietan berariazko proiektuak garatuko direla.

Peirok, bere aldetik, zehaztu du larrialdi-zerbitzuetako pazienteen segurtasuna indartzeko beharra nabarmendu dutela hainbat profesionalek, eta horregatik jaso dela Osakidetzaren 2030erako Pazientearen Segurtasunerako Estrategian. Onartu du, baita ere, izan direla gertaera «kaltegarri» batzuk larrialdi-zerbitzuetan, «egoera kritikoan» dauden gaixoak artatzeak «arrisku gehigarria» dakarrelako.