21 JUIN 2023 - 14:04h ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ liburua argitaratu du UEUk, euskal kantariaren omenez Jokin Apalategi eta Paulo Iztuetaren ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ liburua argitaratu du UEUk, euskal kantariaren ibilbidea kontatzen duena. Liburua Baionan aurkeztu dute eta idazleak bertan biltzen denari buruz aritu dira. ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ liburuaren aurkezpena. (Guillaume FAUVEAU) NAIZ ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ Jokin Apalategi eta Paulo Iztuetaren liburua argitaratu du UEUk eta asteazken honetan aurkeztu dute Baionan. Liburuak Maite Idirinen ibilbide artistikoa biltzen du eta idazleek zein argitaletxekoek omenaldi bat egin nahi izan diote euskal kantariari. Aurkezpenean, idazleek eta Gidor Bilbao UEUko kideak hartu dute parte. Liburuan Maite Idirinek euskal kantagintzan bizi izandako urteak islatzen saiatu dira idazleak, eta horregatik 1968 urtean hasten da kontakizuna, Idirin Zeberion euskal kantak abesten hasi zenean. Urte bat geroago Parisera joan eta han ezagutu zuen Paulo Iztueta, bertara iheslari ailegatu baitzen. Bertan Apalategirekin, Idirinen senarrarekin, elkartu ziren eta hortik aurrera gertukoak bilakatu ziren. Elkarrekin unibertsitatean ikasteaz gain, idazleak Maite Idirinekin abiatu ziren Europan zehar egin zuen biran. Liburuan bizipen horiek barnebiltzen saiatu dira idazleak, Atahualpa Yupanqui, erbesteratzea, Europa, euskara eta ahizpatasuna gai nagusi bilakaturik. «Liburu honekin Maiteren ibilbidea eta euskal kantagintzaren urte zoriontsu haiek, besteak beste, bizirik iraunarazi nahiko genituzke», azaldu du Iztuetak. Jokin Apalategik aitortu duenez, Idirin gaixotu zenean pentsatu zuen liburua idaztea, bere ibilbidea irakurri ahal izateko eta «alaitasuna» emateko. «Maite emakume borrokalaria izan da eta horregatik liburua emakume borrokalariei eskaini diegu, eurekiko esker onez beterik», adierazi du Apalategik. UEUk Maite Idirinek euskal herrigintzari egindako ekarpena zoriondu nahi izan du argitaratutako liburuaren bitartez. Idirin kantu irakaslea izan zen udako ikastaroetan eta Gidor Bilbaok azaldu du UEU berarekin «zorretan» dagoela. «Liburu hau euskal herrigintzaren liburua da, musika liburu bat da eta maitasun liburu bat», adierazi du. Idazleek ziurtatu dute UEU argitaletxe egokiena dela Idirinen istorioa «zazpi eskualdeetara zabaltzeko». Liburuan Idirinen ibilbide artistikoa ilustratzeko irudiak ere erabili dituzte. Horretaz gain, Idirinen pentagramak eta kantak ere bildu dituzte bertan, edonork hauek kantatzeko eta zabaltzeko aukera izan dezan.