GAIAK

Herri Sanferminek uztailaren 10ean kontzentratu dute egitaraua, Udalaren traben ondorioz

«Udalaren traba guztien gainetik» jai egun bat antolatuko dute Herri Sanferminen bultzatzaileek. Herri bazkaria eta The Titanians, Alarma Morea eta Hoferen kontzertuak izanen dira uztailaren 10ean. Onartu dute jaiak «egoera prekarioan ospatzera behartuta» daudela eta hau ezin dutela «normalizatu».

Herri Sanferminen bultzatzaileek Laban aurkeztu dute aurtengo jai eguna. (Iñigo URIZ | FOKU)

Estafeta kaleko erlojuek 13 egun falta direla diote. Santo Domingo aldapan gora, entzierroko hesiei azken ukituak ematen ari dira Udaleko langileak. Sanferminak gainean daude eta Herri Sanferminen egitaraua falta zen ezagutzea. Eta «Udalaren traba guztien gainetik» aurten ere «egun batean kontzentratua» jaia izanen dela iragarri dute.

Gaur Laban egindako agerraldian, Herri Sanferminen bultzatzaileek jakinarazi dute egun bakarrean, uztailaren 10ean, kontzentratuko dituztela ekimenak. «UPNren Udalak erdigunetik kanpoko espazioak eskaini dizkigu eta guk erdiguneari eutsi diogu», adierazi dute, iazko eskema errepikatuz. «Ez da zentzuzkoa erdigunetik atera nahi dituzten ekimen bakarrak herritarrek antolatutakoak izatea».

Horrela, «Herri Sanferminen biziraupena bermatzeko», O plazan egun osoko egitaraua antolatzen ari dira. Herri bazkaria izanen da, txosnagunea eta The Titanians, Alarma Morea eta Hoferen kontzertuak. Goizean zerbait antolatzeko lanetan ere ari dira. «Erresistentzian bizirik jarraitzen dugu, jai eredu kapitalistaren eta UPN-k indartutako bazterketa politikoaren aurrean, sanfermin herrikoiak eraikitzen».

Herri bazkaria %100 begetala izango da, «gizakiz besteko animaliek ere aske eta duintasunez bizitzea merezi dutelako eta zapalkuntzarik gabeko jaiak sortzeko bidean». Katakrak, Meson de la Nabarreria eta Herriko Tabernan dagoeneko salgai daude txartelak.

Hala ere, onartu dute sanferminak «egoera prekarioan ospatzera behartuta» daudela eta «dinamika hau» ezin dutela «normalizatu». Hori dela-eta jendeari dei egin diote uztailaren 10 horretan jai gunea betetzera. «Udalari mezu argi bat helaraziko diogu: "Hemen gaude, ez goaz bazterretara"».

«Guztion Iruñea eraikitzen»

Iaz ‘Loratzen’ leloa erabili zuten, «UPNk jarritako harri guztien artean loratzen» ari zirela irudikatzeko. Aurten ‘Guztion Iruñea eraikitzen’ aukeratu dute mezu gisa. «Agian botako digute pareta bat, edo bi, baina jarraituko dugu gurera. Iruindar guztiok kabituko garen etxe anitz, koloretsu eta aske bat eraikitzen. Iruindar guztiak elkar zaindu eta bizilagun berriak beso zabalik jasoko dituena, inork inor zapaldu edo erasotzea onartuko ez duena eta guztiok guztiontzat auzolanean aurrera aterako duguna», nabarmendu dute. «Herri sanferminak guztion etxea dira. Etxe antikapitalista, ekologista, feminista, euskaldun, kultural, parte-hartzaile eta anitzak».

Guztion Iruñea eta guztion jaiak dira Sanferminak. Honela, «elkar errespetatuz eta zainduz gozatzeko» deia egin dute. «Ez dugu inolako eraso sexista, arrazista edo LGTB+foborik onartuko». Halakoren bat ikusi edo pairatuz gero salatzeko deia egin dute eta datozen egunetan funtzio horretarako telefono zenbaki bat zabalduko dutela jakinarazi.