28 JUIN 2023 - 20:15h Frontoia eta margolanak berritu dituen Patxa plazan aurkeztu dituzte besta alternatiboak Uztailaren 26tik 30era besta giroa nagusituko da Baionan. Jai eredu ofizialari dagokionez sakoneko diferentziak agertuta ere, egun horietan ospakizun «herrikoi, euskaldun eta feminista» antolatuko du Zizpa gaztetxeak frontoia zein margolanak berritu dituen Patxa plazan. Besta alternatiboen aurkezpena egin dute Baionako Patxa plazan. (Guillaume FAUVEAU) NAIZ Frontoia eta margolanak berriturik «itxura ederra» hartu duen Patxa plaza aukeratu dute Baionako Zizpa gaztetxeko kideek uztailaren 26 eta 30 artean eremu horretan besta alternatiboak antolatuko dituztela iragartzeko. Baiona Ttipiaren historiaren lekuko den plaza eraberritzeko prozesuan parte hartu duten eragileri zein norbanakoei zuzendutako esker oneko hitzak izan dituzte gazteek. «Topaleku garrantzitsu horretan», erran bezala, besta giroa nagusituko da uztailaren azkenaldian. Aurten uztailaren 26an hasi eta 30 arte ospatuko direlako Baionako bestak. Ospakizun horiei begira ikuspegi kritikoa azaltzearekin batera, alternatibak eskaintzeko xedez besten denboran eskaintza propioa garatzeko hautua berretsi dute aurtengo jaietako afixa erakutsi duten gazteek. Hala, Patxa plazan «besta herrikoi, euskaldun eta feministak» egiteko asmoa dutela iragarri dute antolatzaleen izanean hitza hartu duten Eneka Bartnechek eta Lukas Hiriartek. Besta alternatiboen xedeak aletzeko orduan «Baiona Ipar Euskal Herriko hiri nagusia izanik, ezinbestekoa iruditzen zaigu Euskal Herriko eta Baionako kulturaren zutabea den hizkuntzak presentzia pribilegiatu bat izatea bestetan», defendatu dute, lehenik eta behin. «Bestak euskararen eta euskal kulturaren arnasgune izan behar dira eta horregatik, Patxa plazan antolatutako txosna gunean, euskarari merezi duen tokia eskainiko diogu», gaineratu dute. Bestak iraunen duten bost egun horietan Patxa plazan euskarari toki propioa emanez «zuzeneko musikarekin osaturiko egitarau oparoa» eskaini nahi dute gaztetxeko kideek. Besta herrikoak sustatzeari begira, herritarren iritzia kontuan hartzeko beharra defendatu dute. Zentzu horretan, autogestioa aldarrikaturik gaztetxeak sustatzen duen ereduarekin alderaturik «herritarren parte-hartze murritzean» oinarrituriko besta eredu ofizialak «gainkontsumoa eta arduragabekeriak» eragiten dituela oharrarazi dute. Xahuketak eta arduragabekeriak baztertu «Bestek, ezagutzen ditugun ereduan, xahuketak, hondakinak, eta kutsadura masiboa eragiten dituztela» salatu dute, horren aurrean besta alternatiboen sustatzaile gisara «urtez urte aztarna ekologikoa murriztera» engaiatu direla oroitarazi dute. «Tokiko hornitzaileekin lan eginez, material berrerabilgarriak baliatuz, edota orokorrean gure hondakinak ttipituz» bestek izaten dituzten ondorio txarrak murrizteko aukerak hobetsiko dutela adierazi dute. Era berean «Baionako bestek ingurumenean duten eraginarri buruz gogoeta bat eramatea ezinbestekoa dela» defendatu dute. Hala eta guztiz ere, azken urtetan euskal kultura eta orohar bestak bertako errealitatean txertatzeari begira egin diren aitzinamenduak goraipatu dituzte. «Pozgarria da guretzat ikustea gero-eta gehiago direla Baionan bestelako eredu batekin bat egiten duten guneak», nabarmendu dute gazteek. Eredu aldaketa horren norabidean jarduten duten hainbat egiturek egiten duten lana nabarmendu dute, hala nola Laborarien Xokoa, Patxoki, Biltxoko, Zuzulu, Epaiska eta Patxondo aipatuz. Besta eremu segurua eraikitzeko engaiamendua Patxa plaza besta egiteko toki segurua izateko buru belarri lan egiteko konpromisoa plazaratu dute, bestalde, besta alternatiboen antolatzaileek. «Alkohola eta irriaren aitzakia maltzurrekin gertatzen diren eraso eta humilazio sexistak» irmoki salatu ostean «erasotzaileak bestagunetik kanporatuko dituztela» hitza eman dute. Are, bestak hasi aitzin oharra zabaldu dute: «Ez badakizu egoten, ez etorri!» Azkeneko urtetan bezala elkarte feministak eta LGTBIQ+ kolektiboaren defentsan jarduten duten taldeekin auzolanean jardun dute Patxa plazan besta alternatiboak antolatzen dituzten lagunek. Eraso sexistak eta homofoboak ekiditeko protokoloa aplikatzeko engaiamendua berretsi dute bestak lehertzeko hilabete eskas falta direnean Baionan egin duten aurkezpen ekitaldian. Edonola ere Baionako Herriko Etxeak egin beharreko prebentzio lanaren garrantzia azpimarratu dute, «instituzioen indarra, herritarren kontzientzia hartze batekin batera, ezinbestekoa baita Baionako bestak eremu segurua izan daitezen». Eredu ekonomikoa auzian 2018tik aitzin baionarrak izan ezik bisitariek beste eremura sartzeko sarrera ordaindu behar dute. Aurten 10 eurotik 12 eurotara igo du Herriko Etxeak besta egiteko erosi behar den eskumuturrekoaren prezioa. Segurtasuna ordaintzeko beharra aipatuz Herriko Etxeak hautatu duen bestak finantziatzeko eredua kritikatu dute gazteek. Horren harira, «Baionako bestak pagaraztearen auziak eztabaida sakonago bat pizten du: Baionako besten eredu orokorra eta eredu ekonomikoaren eztabaida», adierazi dute. Agerraldiaren amaieran, bestak beste modu batean antolatzen eta ospatzen ahal direla berretsi ondoren, «besta euskaldun, feminista eta herrikoiak» ospatzeko hitzordua eman diete bestazalei Zizpa gaztetxeko kideek.