GAIAK

Seme-alaben informazioa sare sozialetan zabaltzea ez da gauza hain xaloa

Seme-alaben irudiak eta bideoak sare sozialetan partekatzeari «sharenting» esaten zaio. Hasieran xaloa dirudien praktikak ertz zorrotzagoak izan ditzake, haurren identitate digitalean kaltea sor dezakeelako edota hondartzako irudi inozente bat sexu-esplotaziorako material bihur daitekeelako.

Haurren sexu-esplotazioan zabaltzen diren irudietako asko sexualizatu gabekoak dira, familia-albumetan topa daitezkeenak. (GETTY IMAGES)

Haurren %23k online presentzia dute jaio aurretik, gurasoek ekografiak partekatzen dituztelako. Ehuneko hori azkar igotzen da: %81ek, sei hilabete bete baino lehen. AVG segurtasun informatikoko enpresak hamar herrialdetan -tartean Estatu espainola- egindako inkesta batek utzitako datuak dira. Seme-alabei buruzko informazioa, bideoak eta argazkiak sare sozialetan zabaltzeari “sharenting” esaten zaio; partekatu (share) eta gurasotasun (parenting) hitzen elkarketatik sortua.

«Ez dugu gure seme-alaben intimitatea errespetatzen, eta horrek eragina du haien etorkizuneko identitate digitalean, baina ez horretan bakarrik: gehiegizko esposizio horren ondorioz, identitatearen ordezkapena gerta daiteke, online iruzurra, grooming edo cyberbullyng bidezko biktimizazioa edo eduki hori haurren sexu-esplotaziorako material bihurtzea», ohartarazi du Irene Montiel UOC-ko Zuzenbide eta Zientzia Politikoko Ikasketen irakasleak, haurren online biktimizazioan adituak.

Hamar urte eskasean haurren sexu-abusuen edukiak %1.815 igo dira sarean. Internet Watch Foundationen datuen arabera, 2013an eduki horiek zituzten 13.343 web orri zeuden eta 2022an, 255.571. Material horretan adingabeen bortxaketen argazkiak eta irudi sexualizatuak daude tartean, baina beste asko bestelakoak dira. «Pentsatzen dugu haurren sexu-esplotazioko irudiak biltzen dituzten pertsonek oso larriak direnak bakarrik biltzen dituztela. Baina errealitatea da erasotzaileen bildumetan haurren irudi ez-sexualizatuak bereziki presente daudela».

Datuak argigarriak dira. Zigortutako erasotzaileei -irudiak kontsumitzeaz gain, fisikoki ere eraso egiten duten pedofiloak- konfiskatutako materialaren %72 CIESI eskalako 0 motako irudiak ziren. 0 maila guztiz edo partzialki biluzik dauden haurren irudi ez-erotiko edo ez-sexualizatuei dagokie, iturri komertzial, familia-album edo iturri legitimoetatik datozenei. Hau da, sexualizatu gabeko argazkiak, normalak, egunerokoak.

«Ez dugu pentsatzen ‘nire neskatoaren argazki tolesgabe hori hondartzan jolasten’ munduko edozein tokitako abusatzaileen bildumetan ager daitekeenik. Edo profil faltsu batean erabil dezaketenik beste haur batzuk engainatzeko eta liluratzeko», berretsi du Montielek. Espainian haurren sexu-esplotazioko orrialdeen %2 daudela uste da, baina Europako lehen kontsumitzailea eta munduko bigarrena da.

Opor garaia eta gabonak

Seme-alaben gehiegizko esposizioa areagotu egiten da zenbait garaitan, oporretan eta gabonetako jaietan adibidez. Denbora luzeagoa izaten da etxeko txikiekin partekatzeko, une bereziak sortzen dira eta irudiak partekatzeko gurasoen joera nabarmendu egiten da.

Adibidez, ohikoa izaten da ikasturte amaierako emanaldia YouTuben zintzilikatzea. Hain zuzen ere, YouTube bezalako plataformak borroka egiten ari dira pedofiloen erabileraren aurka. 2019an jakin zen YouTubeko edukiaren zati bat haur-pornografiako material gisa erabiltzen zela. «Sareak sentsibilizatuta dauden arren, erabat xaloak diren edukien eta eduki horien erabilera gaiztoaren arteko muga zehaztea ez da erraza», nabarmendu dute adituek. YouTubek ez ezik, Instagramek, Facebookek edo TikTokek ere arazo bera dute.

Horri beste arazo handi bat gehitu behar zaio haurren sexu-esplotaziorako materialari dagokionez: dagoeneko mundu digitalean oso presente dagoen eta sare sozialak normalizatuta dituen gazte horrek mugikorra du orain. «Adingabeek mugikorra duten adina aurreratzen ari da, eta grooming-a eta sexting-a handitzen ari da. Gero eta haur gehiago ari dira horrelako materialak autoekoizten», ohartarazi du Montielek. Lehen smartphonearen batez besteko adina 10 urtekoa da Estatu espainolean. 2022an adin txikikoen sexu-abusuak jasotzen zituzten 255.571 web atzeman ziren eta irudi horien %78 “autoekoiztuak” ziren, 11-13 urte bitarteko haurrek eginak.

Zergatik erakutsi seme-alabak?

«Bi faktore daude: lehenengoa, gurasoek beren bizitza partekatzeko ohitura dutela, eta, horren ondorioz, ohitura hori seme-alaben bizitzara hedatzen da. Eta bigarrena, haien kontaktu-sareak halako irudiekiko gogoa erakusten duela, eta horrek sustatzen du irudiok partekatzea; finean, sare sozialetan ia denok bilatzen ari garena gizartearen onarpen gorena besterik ez da», diote adituek. «Seme-alabak sareetan agerian jartzeko bulkadak haien existentzia gurearen gehigarri bezala ulertzetik dator. Hori ez da onargarria. Txikienen naturaltasunak eta xarmak ia mundu guztiarengan pizten duen begikotasuna aprobetxatzeko nahia ere badago horren atzean», ohartarazi dute.