13 AOûT 2023 - 19:22h Osasun mentalak ahoaren osasunean duen eragina aztertu dute EHUren hiru ikerlarik ‘The Conversation’ aldizkarian EHUko farmakologiako hiru ikerlarik argitaratutako artikulu batek dioenez, osasun mentaleko patologiek eragin zuzen izan ohi dute ahoaren osasunean, bruxismoa, elikadura txarra eta higiene eskasagaitik, esate baterako. Osasun mentalak ahoaren osasunean eragiten du, EHUko ikerlari batzuen arabera. (bernardbodo | GETTY IMAGES) NAIZ Nerea Jaureguizar, Leire Urien eta Teresa Morera Herreras EHUko farmakologiako ikerlariek ‘The Conversation’ aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, harreman zuzena dago gaixotasun mentalen eta ahoaren osasunaren artean. Ikertzaileek diotenez, oro har, gaixotasun mentalak dituzten pertsonek aho-hortzen osasun okerragoa dute eta hortz gehiago galtzen dituzte, enpasteak behar izaten dituzte edo hortzoien gaixotasuna dute. Alde batetik, estresak eta antsietateak eragindako kalteak daude, bruxismoa kasu. Gaitz hau daukan pertsonak hortzak estutzen dituzte, hortzak higatu eta mugitu egiten dira eta ehunak gehiegi kargatzen dira. Depresioaren kasuan, motibaziorik eza, gizarte isolamendua, autoestimu txikia edo nekea et ohiko jarduerengatiko interes gabezia dira ohiko sintomak. Horrek ahoko higieneari eta autozaintzari arreta gutxiago jartzea ekartzen du. Elikadura-portaeraren nahasmenduak dituzten pertsonei, aldiz, dieta urriak edo goraken azidoek hortzetarako esmaltea ahultzen die eta txantxar gehiago azaltzen dira, ikertzaileen arabera. Tabakoaz, alkoholaz eta drogez abusatzea, ahoko higienea ez zaintzea, portaera iheskorra eta azukre asko daukan dieta, bestalde, eskizofrenia dutenengan eragiten dute, honakoa ondorioztatuz: hortzoien gaixotasuna, hortz gehiago galtzea eta enpasteen behar handiagoa. Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen kasuan, ahoaren zaintza toleratzeko zailtasuna dute, bai etxean, bai adituaren kontsultan; horrez gain, laguntza txikia edo komunikatzeko arazoak aho osasuna narriatzeko faktoreak izan daitezke. Tratamenduek ere eragina izan dezakete, EHUko ikerlariek diotenez. Gaixotasun mentaletarako hartzen diren sendagaiek listuaren ekoizpena aldatzen dute askotan eta jarioa murrizten dute, xerostomia delakoa. Honek eragina dauka elikagaiak hartzean eta hitz egitean eta infekzioak errazten ditu.