17 AOûT 2023 - 05:00h Pirata Bihurriak, adin guztietako piratak Abordaia txikia izaten da Pirata Bihurrien ekintza gogokoena Aste Nagusian. Pasa den astelehenean abordaia ikusi ondoren, prestu daude gaur txikienak kaia abordatzeko. Hau, gazte eta helduek elkarlanean osatzen dute kofradia hau, eta parrandatik haratago festak antolatzeko helburuarekin jaio zen. Pirata Bihurriak haurrentzako jolasetan. (DONOSTIAKO PIRATAK) NAIZ «Piraten bizitza hoberena da!» dio haurrentzako kantuak, eta Pirata Bihurriek filosofia horrekin bat eginik, beste aldarri bat gehitzen diote bizitza horri: pirata izateak ez du adinik eta adin guztiak ditu. Horregatik, 2012.urtean sortu en lehen kofradietako bat izan zen, «haur, gazte eta heldu elkarlanean parranda hutsetik haratago doan Aste Nagusi pirata bat eraikitzeko» helburuarekin. Izan ere, egunean zehar haurrentzako eskaintzaren hutsunea sumatzen zuten. Txaleko berdea soinean jantzi eta hainbat guraso, aisialdi munduko hezitzaile eta haurrak elkarrekin egitarau propioa osatzen dute abuztuaren 12an hasi eta 19ra bitarte; beste kofradiekin elkarlanean, saiatzen dira egunero eskaintza bat gutxienez izaten egitarauan. Paperez eginiko txalupa txapeltzat hartzen duen pirata irribartsu bat da beraien irudia, eta hala ibiltzen dira txikienak ere abuztuko aste berezi honetan. Gaurko egunaren zain igarotzen dute askok urtea: Abordatze txikiaren eguna. Ohiko abordatzeari so egoten dira gehienak abuztuaren 14an, eta beraien txanda noiz izango den desiatzen; bada gaur da eguna. Kaiaren barruan, eta plastikozko txalupa puzgarriekin, urezko pistolak eskuan eta mangitoak besoetan abordatuko dute Kaia.