GAIAK

Baserriko tomatea eta arrautza frijitua gosalduz ospatu du Arguiñanok 75. urtebetetzea

Gaztetatik izan du sukaldea gustuko Karlos Arguiñanok, Zarautzen du jatetxea eta jada telebista bihurtu da bere bigarren etxe. Gaurko egunez, irailaren 6an, 75 urte bete ditu eta gosari eder batekin ospatu duela erakutsi du sare sozialetan.

Karlos Arguiñano. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gaurko gosariaren bideoa sare sozialetara igota hasi du eguna Karlos Arguiñano sukaldari eta telebista aurkezleak. Baratzeko tomate eta patatak, bere oilategiko arrautza, eta Joseba semeak egindako ogia. Egunero gosaltzen omen du horrela, baita gaurkoan ere, bere 75. urtemugan.

 

Gosariaren garrantzia aspalditik azpimarratu izan du Arguiñanok, 7K astekarirako Ariane Kamiok egindako elkarrizketan ere, goiz horretan bertan gosaldutakoaren argazkia erakutsi zion kazetariari: arrautza, pipermin frijituak eta ogi zati bat. «Eguneko otordurik garantzitsuena iruditzen zait, 9-10 ordu daramatzazu ezer sabeleratu gabe eta oso garrantzitsua da niretzat goizeko lehen jakia».

Gazte gaztetatik abiatu zen sukaldarizan. Sukaldaritza eskolan ibili ostean, 20 urterekin kafetegi bat jarri zuen martxan Zarautzen, eta 30 urte bete zituenean bere jatetxe propioa sortzeko jauzia egin zuen, Ayala Handi eta Ayala Txiki. Bere jatetxeko errezetetatik abiatuta hamaika liburu eta jarraipen-bideo ere argitaratua da.

Sukaldea eta telebista lotu zituen lehenengo pertsona izan zen, Espainiako Telebista Sari Nazionala jaso zuen 2021ean, «gastronomia kulturala» egiteagatik. 1989an hasi zen euskal telebistan, ‘Hamalau euskal sukaldari’ programarekin. Eta guztira 6.600 programa baino gehiago ditu eginak eta hain zuzen ere, erabilgarritasuna eta praktikotasuna dira euskal sukaldari honen telebistako ibilbidean nabarmentzen diren elementuetako bi.