GAIAK

Triggerrek euskal musika oinarri duen online ikastaroa aurkeztuko du

Eñaut Zubizarreta Trigger-ek Iñigo Murguruza Ikerketa Beka eskuratu eta hari-instrumentuak beste musika mota batzuetan txertatzeko ikastaroa prestatu du, Euskal Herriko musika oinarri duela. Astelehen honetan aurkeztuko du Youtubeko bere kanalean: triggerprototxelo.

Eñaut Zubizarreta kontzertu batean (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Herriko musika oinarri eta adibide praktikoen bitartez, hari-instrumentuak beste musika mota batzuetan txertatzeko online ikastaroa aurkeztuko du astelehen honetan Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzaile eta pedagogoak.

Ikastaroaren eduki guztiak Youtuben jarri ditu eskuragarri, triggerprototxelo-n. 60 ataleko ikastaro trinkoa da, doakoa, eta harekin batera material gehigarria duen txostena ere ikusgai egongo da, azalpenak eta partitura transkripzioak dituena. Helburua, «Euskal Herriko hari-instrumentu jotzaileek dituzten beharrei erantzutea» da; nola irakasleen hala ikasleen beharrei erantzuteko tresnak eskaintzea, hain zuzen. Ikastaroa 2022. urtean Irungo Udalak eskainitako Iñigo Muguruza Ikerketa Bekaren baitako ekimena da.

Euskal Herriko musika eskolak gogoan

Bide berriak jorratzen hasita, Zubizarretak musika klasikotik kanpoko zenbait baliabide teknikoren inguruko ikerketari ekin zion 2018an, eta bide horretako emaitza da ‘Poliedro Vol.1’, biolontxeloa egungo musiketara egokitzen duen proiektu musikal-pedagogikoa. 2019an hasi zuen lan hori, «jauzi kualitatibo bat eman nahian». Bertan, teknika berrien ikerketa eta aplikazioaren bitartez, «biolontxeloarekin interpreta daitezkeen hainbat musika estilo arakatu ditut, eta era askotako formazioekin jolastu naiz», esan zion GAUR8ri lan hura plazaratu zuenean. Gida moduko bat ere eskaini zuen, «jendeak lengoaia berri honetan txeloa, biolina edo biola zelan jo daitezkeen ikus dezan». Horretarako, metodologiaz eta partituraz osatutako liburu bat argitaratu zuen diskoarekin batera.

Lan horrek, ordea, asmo pedagogikoari eta horren dibulgazioari dagokienez, ez zuen eduki berak «nahi besteko erantzunik». Orain, aurreko laneko liburutik digitalera egin du eta aurreko lanaren ildo musikal pedagogiko beretik badoa ere, aldaketa nabarmenak daude azken proiektu honetan: euskarri digitala izatea, hain zuzen, eta Euskal Herriko musikarekin lotuta egotea, «hau da, ariketa praktikoak, teknika azalpenak eta abar, eta Euskal Herriko musikarekiko lotura. Adibidez, 80ko hamarkadan hasten da, Kortaturen eta RIPen garaian, eta bukatzen da Odei Barroso eta Raimundo el Canasterorekin; tartean Anari, Kuraia, Skalariak… talde mordoa dago», azaldu du musikari leinztarrak.

Era berean, nazioarteko beste zenbait hari-jotzaileren erreferentzia bibliografikoak batu ditu teknika berrien nondik norakoak azaltzeko.

Material berri hau edozeinen eskura dagoen arren, Euskal Herriko musika eskolentzat sortua da berariaz eta, Iñigo Muguruza Bekaren barruko ekimena denez, Euskal Herriko eskoletara errazago iristea espero du. 

Euskara da ikastaroko hizkuntza nagusia; hala ere, nazioartera zabaltzeko aukera ere badu; izan ere, azpitituluak gazteleraz eta ingelesez egongo dira, «gaur egun nazioartean sortzen ari den hari-komunitate berriarengana heltzeko».

«Pilula» dinamiko eta ulerterrazak

Era berean, ikastaroan landutakotik harago sakontzeko asmoz, masterclass eta formakuntza saioak ere eskaintzen ditu Triggerrek: «Ez ditut asko eman, baina atea zabalik daukat». Edonola ere, ikastaroaren atalak «pilulak dira, informazioa ez duzu jasotzen hain sakon, eta hedapena samurragoa da, hasierako hedapena behintzat. Bideo motzak dira, nolabait dinamikoak izateko, eta ulerterrazak, baina gero, aurrera egiteko bertaratzea beharko litzateke», dio.

Irailaren 15eko asteburuan Valentziara doa, ESTA European String Teachers Asociation elkarteak antolatutako kongresu batean hizlari moduan parte hartzera. Teknologia berriei buruz hitz egingo du eta bertan ere aurkeztuko du ikastaro hau.

Eñaut Zubizarreta Aretxabaletan jaio zen 1992an. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta Bartzelonako ESMUC-en interpretazio klasiko eta garaikidea ikasi zuen, eta ondoren bide berriak arakatzen hasi zen. 2018an, sortzaile eta bakarlari gisa hasi zen, baina baita ikasten eta trebatzen jarraitu ere, Kolonian egindako New Directions Cello Festivalen eta Martin Melendez txelistarekin hartutako eskola partikularretan; 2019az geroztik bakarkako hiru lan argitaratu eta hamaika proiektutan parte hartu izan du.

Euskal Herriko taberna, gaztetxe zein areto ugaritan jardun izan du Triggerrek azken urteotan, biolontxeloak har ditzakeen bestelako forma batzuk zabaldu eta mota guztietako publikoa sentsibilizatuz. Orain, ikastaro honen bitartez, jendarte espezifiko batengana iritsi nahi du, «gaurko eta biharko hari-interprete eta sortzaileengana hedatzeko» asmoz.