GAIAK

Euskarak adimen artifizialarekin duen harremanaren berri eman du Elhuyarrek AEBetan, diasporan

Boisen eta Renon izan da Igor Leturia Elhuyarrek sustatutako Orai NLP Teknologiak zentroko hizketa teknologien arduraduna euskararekin lotutako hizkuntza teknologien egoera azaltzen. Eloise Garmendia Bieter Katedrari esker egin du egonaldia.

Eloise Garmendia Bieter Katedraren bidez izan da Igor Leturia Boisen eta Renon. (@orai_NLP)

Elhuyarren Elia, Aditu eta TTS sistemak erakutsi ditu Estatu Batuetan, Boisen eta Renon, Igor Leturia Orai NLP Teknologiak zentroko hizketa teknologien arduradunak. Eskolak, hitzaldi espezifikoak eta hitzaldi irekiak eman ditu irailaren 13tik 25era bitartean, Eloise Garmendia Bieter Katedrako aurtengo irakasle gonbidatua izan delako.

‘World Languages International Conference on Cultural Studies’ kongresuko hizlari nagusia izan da Leturia eta, gainera, eskolak eta hitzaldiak eman ditu ‘Boise State University’ko Munduko Hizkuntzen Sailean eta Informatika Fakultatean, Boiseko Euskal Museoan eta Renoko ‘University of Nevada’ko Euskal Ikasketen zentroan.

Hala, Orairen teknologia erabiltzen duten Elia (Elhuyarren itzultzaile automatiko neuronala), Aditu (Elhuyarren hizketa ezagutzailea) eta hizketa sintesia egiten duen TTS sistema (‘text to speech’, ingelesez testutik hizketara) erakutsi ditu, besteak beste.

Gainera, Boiseko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, adibidez, «azaldu nahi izan diet zer ezberdina den, zer arazo sortzen diren eta zer estrategia erabiltzen diren ingelesaren tamainakoak ez diren baliabide urriko hizkuntzekin lengoaia-teknologiak ikertzeko eta lortzeko», dio Leturiak ohar batean.

Igor Leturia hizkuntzaren prozesamenduaren arloko adituak laburbildu duenez, «Euskal Herriko egunerokotasuna eta ezagutza akademikoa ekarri nahi izan da Boiseko eta Renoko unibertsitateetara eta euskal komunitateetara». «Hizkuntza eta hizketa teknologien arloan egiten dugunaren berri ekarri diet nik. Asko lantzen dituzte euskal kultura, historia, euskara eta abar, baina aurtengoan antolatzaileek komunitateari erakutsi nahi zioten puntako teknologia ere lantzen dela euskararentzat eta Euskal Herrian», gaineratu du.

Egonaldiaren ekarpenak nabarmendu ditu Leturiak, eta euskal diasporarekin lankidetzarako aukera badagoela esan du: «Hemengo unibertsitatean hizkuntza teknologietan aritzen diren irakasle eta ikertzaile asko ezagutu dut, eta horrek aukera eman dezake etorkizunean kolaborazioak eta lankidetzak sustatzeko».