10 OCT. 2023 - 12:15h Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIa saritu dute bularreko minbiziaren programagatik Osakidetzako Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIak 2023ko Profesor Barea saria lortu du bularreko minbizia duten pazienteentzako ‘Nire bizi-kalitatea’ programagatik. Martxan jarri zenetik 800 pazientek parte hartu dute. Patricia Cobos Bularreko Patologiako Unitateko ginekologo eta programaren arduradunak jaso zuen saria Madrilen. (IREKIA) NAIZ Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko minbizia duten pazienteentzako ‘Nire bizi-kalitatea’ programak aurtengo Profesor Barea saria lortu du «Osasun sektoreko emaitzen ebaluazioa» atalean, Lakuako Gobernuko Osasun Sailak jakitera eman duenez. Bularreko minbizia duten pazienteentzako ‘Nire bizi-kalitatea’ programa 2018an sortu zen Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, zentroak Balioan Oinarritutako Medikuntzaren oinarriak bere gain hartu zituenean. Hura ezartzeko, ICHOMek garatutako nazioarteko estandarretan oinarritu zen. ICHOM, ingelesez International Consortium for Health Outcomes Measurement, balioan oinarritutako arreta bultzatzen ari den fundazioa da, «erreferentea nazioartean». Proposatzen duen metodologiaren helburua da pazienteei benetan inporta zaizkien osasun emaitza klinikoak hobetzea, alegia biziraupena, gaixotasunaren kontrola edo konplikazioak gutxitzea, baita pertsonen bizi-kalitateren beraren gaineko eragina ere. Programak, gainera, asistentziaren arreta ziklo osoa aztertzen du, Design Thinking eta beste tresna batzuen bidez: pazientearen esperientzia, emozioak identifikatuta, eta prozesuaren «benetako momentuak». Informazio horri guztiari esker, «behar bezala egin daiteke ahalegina eta, jakina, pazienteak beren osasunean are gehiago inplikatzea lortu», Osasun Sailak nabarmendu duenez. Martxan jarri zenetik, bularreko minbizia diagnostikatu dieten 800 pazientek egin dute bat programarekin. Pertsona horien hainbat datu bildu ditu programak, hala nola sentitzen duten mina, beren buruaz duten irudia, sexualitatea, nekea eta bizi-kalitate orokorra. Horrekin guztiarekin eta datu klinikoekin, programako profesional sanitarioek eta pazienteek aurrera egin dute gaixotasunaren prozesuan. Signo fundazioak ematen duen saria Patricia Cobos Bularreko Patologiako Unitateko ginekologo eta programaren arduradunak jaso zuen astelehenean Madrilgo Diputatuen Kongresuan egin zen ekitaldian, erakundeetako eta proiektu finalistetako ordezkariak bertan zirela. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren ordezkariak hauek izan ziren: Mª Luz Marques zuzendari gerentea, Ines Gallego Berrikuntza eta Kalitateko zuzendariordea eta Iratxe Vazquez Bularreko Patologiako Unitateko ginekologoa.