10 OCT. 2023 - 20:30h Neska nerabeek osasun mental okerragoa dute mutilek baino, inkesta baten arabera Neska nerabeek osasun mental eta ongizate okerragoa dute eremu guztietan mutilekin alderatuta, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) inkesta baten arabera. Neska nerabeek mutilek baino osasun mental okerragoa dute, OMEren inkesta baten arabera. (Sergey VOLKOV | OME) NAIZ Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Europako Bulegoak eginiko inkesta batek ondorioztatu duenez, neska nerabeek osasun mental eta ongizate okerragoa dute mutilek baino. Astearte honetan ospatzen den Osasun Mentalaren Egunaren karira argitaratu dute. Txosten horren arabera, mutilekin alderatuta neskek puntuazio baxuagoak lortu zituzten bizitzarekiko gogobetetasunean, ongizate mentalean eta osasun pertsonalean, eta altuagoak bakardadean. 15 urteko nesken laurden batek, gutxi gorabehera, aitortu zuen bakarrik sentitzen zela ia beti edo beti azken urtean; mutiletan, aldiz, zazpitik batekoa da portzentajea gutxi gorabehera. Datuek erakusten dute alde horiek okerrera egiten dutela adinarekin eta 15 urteko neskak direla emaitzarik txarrenak erakusten dituztenak. ‘Europa eta Asia erdialdeko nerabeen osasun mentalaren eta ongizatearen ikuspegia’ izenburua duen txostena eskola adinean dauden haurren osasun portaerei buruzko 2021/2022 inkestako datuetan oinarritzen da. Inkesta horrek nerabeen osasun portaerak eta haien gizarte inguruneak monitorizatzen ditu. Ia 280.000 haur biltzen ditu, 11, 13 eta 15 urtekoak, Europako 44 herrialdetakoak eta Asia erdialdekoak. Covid-19aren pandemiak eta haren ondorioz hartu ziren neurriek nerabeen ongizatean eragina izan zutela uste den arren, ez dira azalpen bakarra. Izan ere, bizitzarekiko gogobetetasuna eta osasunaren autoebaluazioa nerabeen artean, bereziki nesken artean, murrizten joan da 2018tik, baita pandemia baino lehen ere, eta osasun arazoak ugaritu egin dira, hala nola lo egiteko zailtasunak, bizkarreko edo buruko minak, besteak beste, 2014tik. «Uste dut neska askok beren burua gutxiesten dutela zera saten dutelako: ‘Nahikoa ona naiz? Nahikoa indartsua naiz? Gauzak egiteko gai al naiz?’», adierazi du Eskoziako bigarren hezkuntzako neska batek emaitzei buruz galdetu diotenean. «Ardura kolektiboa» OMEren Europarako eskualdeko zuzendari Hans Henri P. Kluge doktorearen iritziz, «gaur egun gazteek aurre egin behar dieten erronkak askotarikoak eta zorrotzak dira, krisi klimatikotik hasi eta presio akademiko eta itxaropen sozialetaraino, sare sozialen eragin orokortutik igarota». Erronka horiei arrakastaz aurre egiteko babes eta baliabideak izan ditzaten «gure ardura kolektiboa da», erantsi du. Inkestaren arabera, nerabeen heren bat urduri edo haserre sentitu zen astean behin baino gehiagotan azken sei hilabeteetan. Lautik batek esan du lo egiteko zailtasunak dituela (%29) eta/edo deprimituta sentitzen dela (%25). Bostetik batek (%20) astean behin baino gehiagotan izan du buruko mina. Txostenean jasotzen denez, maila sozioekonomikoa osasun mentalaren adierazlea da eta hala diru-sarrera txikiagoak dituzten familietan osasun orokorra okerragoa da. Emaitzak ikusita, garaiz esku hartzeko beharra nabarmendu dute adituek, eta eskola eremu bereziki garrantzitsua direla ondorioztatu. «Inkesta honen ondorioak erakusgarriak dira. Gazteek esaten digute ez direla ondo sentitzen, eta guri dagokigu, helduak eta erabakiak hartzeko arduradunak garen heinean, haiei entzutea eta ekitea», amaitu du Kluge doktoreak.