GAIAK

Gazteen buru osasunaren arretaren gabeziak mintzagai Agifes elkarteak antolaturiko jardunaldian

Gazteen osasun mentalaren inguruko azken datuak direla eta Agifes elkarteak erabaki du urtero egiten dituen jardunaldietan, gazteengan jartzea arreta. Hurrengo asteartean izango da Topaketa Donostian. Bertan, adituak zein beraien bizipenak lehen pertsonan kontatuko dituzten kideak egongo dira.

15-29 urte bitarteko hamar gaztetik batek dio antsietate edo depresio sintomak dituela. (Getty images)

Agifesek gazteei ematen zaien arretan dauden gabeziak aztertuko ditu urteroko osasun mentaleko jardunaldian. Topaketa urriaren 17an izango da, 18.00etan Donostiako udaletxean, eta osasun, gizarte eta hezkuntza arloetako zailtasunak eta beharrak aztertzea izango du helburu.

Agifes elkarteak erabaki du aurtengoan, gazteen osasun mentalean jartzea arreta urtero Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren (urriak 10) harira antolatzen duen jardunaldietan. Datuetan oinarritu dira, alor hau hautatzeko momentuan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken datuen arabera (2021 urtekoak), 15 eta 29 urte bitarteko hamar pertsonatik batek dio antsietate edota depresio sintomak dituela. Ideia edo jokabide suizidak eragindako ospitaleratze psikiatrikoen gorakada ere nabari igo da. 2015etik 2020ra bitarte, 29 urtetik beherako 76 pertsona hil ziren beren buruaz beste egiteagatik edo euren buruari eragindako lesioengatik. Zifra hori, hain zuzen, aldi horretan gertatutako suizidio guztien % 7,5 da. Gainera, guztizko suizidio kopuruak %10,2 egin du gora: 2015ean 167 izan ziren eta 2020an 184.

Eider Zuaitz Iztueta Andoaingo Osasun Mentaleko Zentroko psikiatrak eta Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologo eta Zeuk Aukeratu programako koordinatzaileak hartuko dute hitza aipaturiko ekitaldian. Nerabe eta gazteen buru osasuna zaintzeko prebentzio eta esku- hartze programak aurkeztuz. Era berean, Mikel Sarmientoren eta Jaione Mujikaren testigantzak izango dira lehen pertsonan.

Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak ere parte hartuko du ekitaldian, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusi Txaro Rodrigok eta Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Mariaje Idoetak ere.