03 NOV. 2023 - 13:47h ‘Saharari kantari’ elkartasun diskoa eta kontzertua aurkeztu dituzte Donostian 12 kantuz osaturiko diskoa da ‘Saharari kantari’, hamasei euskal musikarik eta bi sahararrek grabatua. Elkartasunezko kontzertuaren berri ere eman dute, abenduaren 22an izango da Kursaalean eta, diskoko parte hartzaileez gain, sorpresaren bat ere egongo dela nabarmendu dute. ‘Saharari kantari’ aurkezpena, ostiral goizean Kursaalean. (Gorka Rubio | FOKU) Iraitz Mateo «Isil daitezela bonbak eta entzun dezagun musika», aldarri egin du Kristina Berasain kazetari eta proiektuaren bultzatzaileak, Saharari zein Palestinari keinu eginez, ostiral goiz honetan Donostian egindako aurkezpenean. Kursaal parean haima saharar bat jarri dute, eta bertan elkartu dira proiektuaren babesleak, musikariak eta saharar komunitatea. 12 kantuk osatzen dute ‘Saharari kantari’ CDa eta abenduaren 22an egingo dute Kursaalean bertan kontzertua. Berasainek azaldu du herri sahararrari «keinu bat» egin nahi izan diotela, eta musikaren bidez Sahararen askatasunerako eskubidea aldarrikatu dutela: «Ez dugu ahaztu behar duela hiru urtetik sahararrak berriz ere gerran daudela, eta ia berrogeita hamar urte daramatzatela basamortuen basamortuan erbesteratuta, edo okupaziopean, beraien lurraldean, Mendebaldeko Saharan». Musikari guztiek baiezkoa eman zioten Berasainen proposamenari, eta pozik azaldu du hori, «musutruk aritu dira, eta batez ere ilusioz, ekimen honen xedearekin bat eginez». Iker Laurobak errefuxiatuen kanpamentuetan ezagutu zuen Berasain, eta esan du dakitenaren bidetik ekarpena egiten saiatu direla: «Gure ekarpenarekin saiatzen gara arazo hori orainaldira eta hona ekartzen, ikusarazteko konpondu gabeko arazo handi bat dagoela». Eta espainiar Estatuak duen erantzukizuna salatu du, «gaur egun, oraindik, lurralde horren administratzaile delako». Itziar Ituñok pasa den urtean ezagutu zuen Sahara. «Munduko desertu lehorrenetariko batean loratu den herri bat da», kontatu du, eta esan du oso hunkigarria izan zela bertan egotea. Azpimarratu du Euskal Herria eta Sahara beti egon direla «borrokan elkarren ondoan», eta bere «aletxoa» jartzeko aukerari ezin ziola ezetz esan: «Gu arazo horri bisibilitatea emateko gaude». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Fronte Polisarioko ordezkariordea da Fatma Mohamed, eta bera ere aurkezpenean egon da. Esan du oso eskertuta daudela eta beraien herriaren arazoa ikusarazteko bide egokia dela kulturarena. «Ia 50 urte daramatzagu, erraz esaten da, baina Saharako herriak ez du amore emango, borrokan jarraituko dugu oztopoen gainetik», adierazi du. Eta nazioarteko eszenatokiak ez duela laguntzen gehitu du, Palestinari beraien elkartasuna helaraziz. 16+2 artista «Poesia etorkizunez betetako arma da, eta espero dugu poesiaz betetako kanta hauek ahanzturari eta axolagabekeriari aurre egiten lagunduko dutela», helburu horrekin sortu dute diskoa, hala aitortu du proiektuaren bultzatzaileak. Orotara 12 kantu ditu, eta Euskal Herriko hamasei artistek eta Saharako bik hartu dute parte. Disko bakarrean elkartu dituzte Mikel Laboa, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Anari, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Postal Kolekzionistak, Physis versus Nomos, Pello Reparaz, Izaro, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi, Itziar Ituño, Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarte. Aziza Brahim eta Ali Seidah artista saharar ezagunek ere bat egin dute ekimenarekin. Aipaturiko artisten kantak biltzen dira diskoan, eta kasu batzuetan, bertsio berriren batekin, «abeslariek aurretik sortutako eta proiektu honetarako propio sortutako kantak daude», zehaztu dute. Azaldu dute Sahara dutela ardatz kanta guztiek, Anariren ‘Bidea eta denbora’ kantuak izan ezik, baina kantaren letrak diskoan txertatzeko bidea ematen zuenez, txertatzea erabaki zutela. Kontzertu bakarra Abenduaren 22a, Donostiako Kursaala. Esan dute hori dela gorde beharreko data, «bizitzan behin bakarrik» ikus-entzun ahalko den kontzertua izango baita. «Kontzertuaren helburua ahaztutako eta isilarazitako gatazka honi ikusgarritasuna ematea da», erantsi du Berasainek. Ostiral honetatik aurrera izango dira sarrerak salgai. Helburu solidarioa ere azpimarratu dute: «Diskoaren salmentan eta kontzertuan bildutako dirua ondare kultural eta historikoa babesteko bideratuko da. Euskal Fondoa eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetza proiektuen markoan ondare kulturalari lotutako egitasmo batera bideratuko dira fondoak». Aurkezpenean izan dira musikariez gain ekimenaren babesle eta bultzatzaileak: Euskal Fondoa, Elkar, ‘Berria’ eta Bakun. Azalaren egilea, berriz, Iraia Okina ilustratzailea da; duna batzuk ageri dira irudian, eta emakume sahararrak dantzan, basamortuan.