08 NOV. 2023 - 05:07h Entrevue Eire Salegi eta Eire Maia Eire taldea «Abesti batzuk idaztea zauriak ixtea izan da» ‘Zauriren bat bistan’. Iritsi da Eireren lehen lana. Musika plaza iaz zapaldu eta zurrunbilo eder bezain zoroan sartzea bat izan zen. Aurkezpen abestiei labetik atera berri dituzten piezak gehitu zaizkie. Formakuntza berria dute, zuzenekoetan Josune Freire batuta. Eire Salegi eta Eire Maia lehen EPa besapean hartuta datoz. (Gorka RUBIO | FOKU) Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio. Xole Aramendi Bi hilabete besterik ez dira azken kontzertua eman zutenetik eta berriz eszena gosez dira Eire Maia eta Eire Salegi. Pasioz bizi dute musika. «Iraila urruti ikusten dut, gogoa daukat eszenariora igo eta adrenalina sentitzeko», aitortu du azken honek. Astearte honetan ikusi du argia lehen diskoak eta dagoeneko ekin diete kontzertuei. Josune Freire –Ithaka– bateriajotzailearekin bikote izatetik hirukote izatera pasa dira zuzenekoetan. Ametsaren hasieran oraindik, baina 21 urterekin, esperientzien zakua betez doaz pixkanaka. Udan Euskal Herrian batetik bestera ibili dira, etxeko logelan sortutako abestiak aurkezten agertoki gainean. Ikasi. «Egun bakoitzari aurre egin behar diozu, plaza bakoitzaren ezaugarriak, kontzertu denak ez dira izan txosna gunean herriko festetan, izan dira arratsaldez jaialdietan emandakoak ere. Eta jakin izan dugu kontzertuak aurrera ateratzen. Entzule asko ala gutxi izan, teknikariak ere nolako egun daukan, eta guk geuk ere bai. Asko hazi gara eszena gainean», esan du Eire Salegik. Desikasi. «‘Bihar nola lehen kantua’ egitean ez geneukan inolako espektatibarik. Nire ahotsa puroa da abesti horretan. Esentzia berriz bilatzen saiatu behar dugu. Kantuak ateratzen zaigulako, ezer forzatu gabe egin», dio Maiak. «Alor teknikoari dagokionean, nire buruari esan izan diot, ‘nora noa nire logelako tresnekin?’. Musikan bakoitzak dauka bere metodoa. Dena delako tresneriarekin emaitza ona lortuz gero bideak ez du axola», bota du Salegik. Kontzertuak eta sorkuntzaZuzenekoen garairik beteenean abesti berriak sortzeko tartea ere bilatu dute udan. «Lokala alokatu dugu udan zehar eta sorkuntza prozesuan egon gara. Egun batzuetan ez zen ezer ateratzen, besteetan bai… Ez geneukan atseden unerik eta niri horrek eragin egin dit. Momentu batzuetan kosta egin zait aurrera egitea. Lokalera gustura goaz baina frustraziora edo blokeora ere eraman gaitu tarteka nekeak. Hori bai ikasi dugu, zuzenekoak eta sorkuntza lana denboran banatzen jakin behar dela», esan du Maiak. «Hainbeste inporta zaigu proiektua kontzertuak eman nahi genituela. Berdin zen non, jendeari ezagurazi nahi genion. Eta kantu berriak egiteko gosea ere bagenuen; ahal bezala eraman dugu», aitortu du Salegik.Udako irudi bat, buruan iltzatuta geratu zaiena aukeratzeko eskatu diegu. «Manu Chaoren telonero bezala eman genuen kontzertuan publikoa altxa egin zen gu txalotzera! Izan ere, guk jotzen genuen bitartean eserita zegoen. Inpaktu handia eragin zidan. Jendea Manu Chao ikustera zihoan eta gu geurera, disfrutatzera. Kristoren jendetza zegoen. Asko emozionatu ninduen. Hori bai izan zela zuzenean ‘zorionak!’ esatea», Salegiren erantzuna. «Ez dakit zergatik, baina Donostiako Amara auzokoa, Easo Plazan eskainitakoa, datorkit orain. Oso ondo pasa nuen, eroso egon nintzen; publiko ona zegoen», Maiak.Eszena gainetik behean publikoak euren letrak nola abesten dituen ikustea ordainezina da. «Hori da gehien betetzen gaituena. Gasteizen neska bat zegoen izkina baten ‘Amaitu baino lehen’ bere bizitzako kantua balitz bezala abesten. Ez nekien nola erreakzionatu, ahotsa joan egiten zitzaidan bera ikusita», kontatu du Maiak. «Pozgarria da. Amaran ‘Nahi gabe berriro’ jo genuen –oraindik inon argitaratu gabea zen–. Neska bat zegoen letra dena zekiena. ‘Nola daki?’, esan nuen neurekiko. Merchandising genuen postura etorri zen bukaeran eta galdetu egin nion. ‘Dokako kontzertuan hainbeste gustatu zitzaidan grabatu eta jada ikasita daukadala’, erantzun zidan. Asko betetzen zaitu horrek», gaineratu du Salegik. Giro alaiaZaleek hara-hona jarraitu dituzte. Haiekin batera, izan dira ustekabean harrapatu dituzten entzuleak. Emanaldietan sortu den giro ona nabarmentzekoa da. Atlantikaldian, adibidez, arratsaldeko pasieran zebiltzala, nortzu ziren jakin gabe bertan geratu eta dantzan bukatu zuten hainbatek. «Klabea gu bion jarrera da. Gu eszenariora goaz ondo pasatzera. Eta hori transmititu egiten da. Publikoaren erantzuna dena delakoa izanda ere, abstraitzen ikasi dugu. Publikoak nahi genukeen erantzuna ez daukanean ere bai», adierazi du Salegik. Euskal Herriko musikaren plazara atera berritan, hiru kantu besterik ez eta ikuskizuna osatzeko hainbat abestiren bertsioak prestatzea erabaki zuten iaz. Ia oharkabean, belaunaldi desberdinengana iristeko bide eman diete. «Bai, horretaz jabetu gabe egin genuen apustua hasieran. Zumaiako santelmoetan nire amaren koadrillako batek esan zidan, ‘jende guztiarentzako da egiten duzuen musika’. Egia esan aurrez ez nuen horretan pentsatu. Lana del Rey, Hertzainak, Chill Mafia, Berri Txarrak… guk kontsumitzen dugun musika da –dio Maiak–. Entzule bezala zoazenean kontzertu batera eta ikusten duzunean taldea disfrutatzen ari dela, jarrera positiboa duenean, konturatu gabe zu ere horren parte bihurtzen zara; publikoa gure dinamikaren parte bihurtzen dela ikusteak kristoren poza ematen du».Minetik edertasuna sortzea izan ohi da artisten nahia. Halaxe izan da Eire taldearen kasuan ere. ‘Zauriren bat bistan’. «Minetik idatzitako kantuak dira hainbat, abesti batzuk idaztea zauriak ixtea izan da. ‘Amaitu baino lehen’ idaztean momentu zaurgarria ari nintzen bizitzen, ‘Bihar nola’ ere zauri batetik idatzi nuen; kantua zauria izan da». Lehen aldiz estudioan Logelatik estudiora. Airaka zigiluaren babesean ondu dute lehen lana. Aurretik banaka argitaratutako bi abestiei –‘Bihar nola’, ‘Amaitu baino lehen’– beste lau gehitu zaizkie. ‘Agur esateko’ –zuzenean aurkeztua–, ‘Nahi gabe berriro’ –aurkezpen singlea–, ‘Urruntzeko’, eta ‘Gorputz guztitan’. Erritmo dantzagarriak kasu batzuetan, lasaiagoak besteetan. Doinu elektronikoen uretan igerian, beti ere. Izan dute kolaborazio berezirik. ‘Gorputz guztitan’ abestian Olatz Salvadorren ahotsa entzun daiteke. Pozarren daude Salegi eta Maia. ‘Zeinekin kolaboratu beharko genukeela uste duzue?’ galdera luzatu zioten jarraitzaileei sare sozialen bidez. ‘Ni itxaron zerrendan apuntatuko naiz’, erantzun zien Salvadorrek. «Beti gugandik gertu egon da sareetan, asko babestu gaitu. Gero jakin dugu berak eman ziola ‘Ñako’ Beatori gure berri. Olatz batek...! Bigarren estrofa hutsa bidali genion, berak nahi duena egin zezan. Kristoren armoniak jarri zizkion. Ez genuen elkar ezagutzen eta kafe baten bueltan elkartzea proposatu genion. Jatorra da, oso gustura egon ginen hizketan. Eta estudioan kabinan grabatzen ari zela ikustea, hura felizidadea! Ikaragarria izan zen guk lokalean egindako kantuaren zati bat Olatzek abestea...», esan du Salegik. Jimbo Paezek parte hartu du ekoizpenean. «‘Nahi gabe berriro’ singlea martxoan idatzi genuen. Buruan bagenituen erreferentziak, bagenekien zer nahi genuen, baina ez genuen lortzen. Perkusioarekin gustura geratu nengoen, sintetizadoreak nahi bazuen kentzeko esan nion», dio Salegik. «‘Utikan, hutsunetik at’ hitzak nebilzkien buruan idazteko garaian. Bete betean asmatu zuen Jimbok. Horrelaxe izan behar zuela sentitu genuen», kontatu dute. ‘Gorputz guztitan’ arratsalde batean sortu zuen Salegik. «Gitarra hartuta hasi nintzen, etxean. Geruzak sortuz joan nintzen eta ondo geratu zela ikusi nuen. Zuri [Maia] ere segituan atera zitzaizun melodia», argitu du. «Azken kontzertuetan abestu genuen. Berria zenez indar gehiagorekin jotzen genuen», albotik, Maiak. «Ekoizle bezala asko lagundu dit Jimborekin lan egiteak. Ikusi egin dut bere prozesua, bere baliabideak, eta segurtasuna eman dit. Izan ere, momentu batzuetan segurtasun eza azaleratzen da, nire kasa ikasi dut nire gelan... Berari ere kasu batzuetan kosta egiten zitzaiola ikusi nuen, orain badakit normala dela. Ez dago miraririk, lana da gakoa. Ikasi, kariñoz egin eta gauzak ateratzen dira», dio Salegik. Eta Haritz Harreguyk egin ditu nahasketak bi kantu berrietan. «Koruak mantendu baina ahots nagusiak berriz grabatu ditugu Haritzekin». ‘Bihar nola’ Eñaut Gaztañagarekin grabatu dute Zestoan. «Guretzat kantu berezia da eta masterizazio ona merezi zuela erabaki genuen. Gordin ikusten genuen, gehiago sonatu behar zuen. Besteak, ‘Amaitu baino lehen’ eta ‘Agur esateko’, zeuden bezala utzi genituen». Zorteko sentitzen dira inguruan izan dituzten pertsonekin. Biak datoz bat. «Horrelako pertsonekin lan egiteak asko betetzen gaitu. Jimbo Paez, Haritz Harreguyrekin batera Jurgi Taboada nahasketan hasieran, Maitane Campos argazkilaria azala sortzean... Oso erraza da eurekin lan egitea, gertukoak dira. Laguntzeko prest agertu dira, zuri nola doakizun inporta zaie… gozamena da. Zure proiektuan inplikatu egiten dira, pertsona bezala ere zutaz interesatzen dira; konektatu egin dugu». Josune Freire batu zaie taldera zuzenekoetan. «Bizitasuna eman dio, beste soinu bat da. Banda sentsazioa ere bai, entseguetan ere hirurok gara orain», diote. «Biok garbi geneukan bateria nahi genuela eta gu bezala neska gaztea izatea nahi genuen. Aldarrikapen baten errepresentazioa ere bada: eszenariora igotzeko edo taldea kudeatzeko ez dugu behar gizonezko profilik», adierazi du Maiak. Egun batean amestutakoa gainditzen ari diren galdetuta, hau dio Maiak. «Nahi izan duguna ari gara bizitzen orain. Ez naiz kontziente zer ari den pasatzen. Geratzen naizenean esango dut ‘ez da normala gertatu zaiguna’. Ametsa baino ni neu gainditu nau. Askotan zalantza egin dut, ‘gai izango naiz?’. Hainbeste idealizatu dut, hainbeste amestu dut, gero pertsonalki hainbeste afektatzen ninduen, hainbeste energia eskatzen zidan… bai, kostatu zait. Baina bai, guztiz gainditu du ametsa, sekula ez nuen esperoko». Datozen kontzertuen datak hauek dira: Plentzia (azaroak 11), Igorre (azaroak 18), Orioko gaztetxea (azaroak 24), Zumaiako gaztetxea (azaroak 25), Ahotsenea Durango (abenduak 8), eta Baionako gaztetxea (abenduak 15).