08 NOV. 2023 - 13:15h ‘Euskal Herria B’ aldarrikatuz, Sestaon hasiko du Jon Maiak ‘Kantu berri bat gara’-ren bira ‘Kantu bat gara’ ikuskizunarekin 40 bat kontzertu eskaini ostean, bueltan dator Jon Maia ‘Kantu berri bat gara’ disko-liburu berriarekin. Biraren hasieraren aukeraketa erabat sinbolikoa da, proiektu honekin bat datorrena: Sestaon emango baitu lehenengo emanaldia abenduaren 17an. Jon Maiak lagun ugari izan ditu inguruan aurkezpenean ere, proiektua erabat kolektiboa delako. (Oskar MATXIN | FOKU) Amaia Ereñaga Bilbo Bilboko Kafe Antzokia aukeratu du asteazkenean Jon Maiak ‘Kantu berri bat gara’ (Elkar) disko-liburua jendaurrean aurkezteko. Ez da ohiko prentsaurrekoa izan, bertsolari honek bere lanei ematen dien transzendentzia eta emozio ukitu hori senti zitekeelako; jende ugari bildu da bere inguruan –Otxarkoagako auzokideak, Itziar Ituño, Euskal Herriko manteroen presidentea, musikariak, euskaltegietako ikasleak, Jose Angel Iribar mitikoa...–, eta ez da harritzekoa: «Nik esango nuke –aitortu du– hau nire lanik handiena dela. Lan global bat, lan integral bat, fronte asko dituena. Ez da bakarrik kantu batzuk grabatu eta cd bat ateratzea, hori baino askoz gehiago da». 2021ean kaleratu zuen ‘Kantu bat gara’ disko-liburuak eta, horren ondoren eta pandemian betean, egin zuen birak gure kulturaren munduan mugarri bat jarri zuten. Orain bueltan dator. Hau bere proiektu pertsonalena da, beraz. Eta, era berean, proposamen kolektibo bat. Bi adar ditu: disko-liburua –salgai dago eta plataformetan entzungai– eta zuzenekoak. Data batzuk iragarri ditu: lehen emanaldia Sestaon izango da, abenduaren 17an –sarrerak salgai daude jada–; gero, urtarrilaren 12an Eibarko Coliseo antzokian egongo da; 19an, Legazpin; 20an, Mungian; eta otsailaren 9an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Martxoaren 23an, Bilboko Euskaldunan. Momentuz horiek dira lotuta dituzten datak. 600 urtetako katea «Abiapuntua ‘Bereterretxen kantoria’ da, ezagutzen dugun euskal kanturik zaharrena, XV. mendearen hasierakoa. Eta nola da posible orain dela 600 urte norbaitek Zuberoako borda batean sortuko zuen kantu horrek, mendez mende, belaunaldiz belaunaldi eta lurraldez lurralde 600 urteko bidaia bat egitea? Nola, gurea bezalako hizkuntza txiki batean eta guri gertatu zaizkigun gauza historiko guztiak gertatuta, gaur eta hona bizirik iristea? Nola da posible 600 urteko bidaia hori, ahoz aho, etxez etxe, inoiz idatzia izan gabe, orain mende bat ingurura arte? Bidaia inbisible bat, jendearen barruan bidaiatu duen kantu bat, 600 urtetan. Ze miraria den hori, ze kate erraldoia, ze katedrala ahozkotasunera menderik mende eraiki duguna euskaldunok lurralde guztietan eta etxe guztietan. Gure gainetik pasa dira inperioak, diktadurak, gerrak, Gernika... eta gure kantuak hor jarraitu du, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldiz 600 urte bidaiatzen», aipatu du Jon Maiak. Bidaia horrek XXI. mendeko Euskal Herrira ekarri gaitu. «Bada beste Euskal Herri bat/ ez dena gure kantu zaharretan agertzen/ ez eta egutegietan ere/ ez dena kondairetan aipatzen (...)», dio ‘Euskal Herria B’ abestiak. Hain justu horixe bera aldarrikatzen du: «Gure biziraupenaren sekretua kantu horren bidaian dago. Erdal eremuetan euskaraz bizi nahi duen herri horretan, erdal eremuetan euskara ikasten duen jende horretan, erdal eremuetan gure identitate berria eraikitzen ari den jende horretan». Horiek osatzen dute immigranteen seme honek aldarrikatzen duen ‘Euskal Herria B’ hori: «Etengabe berritzen ari garen kantua gara, horregatik gaude bizirik. Ez garelako fosil bat», dio. Silvio eta ‘tz’ Olerki-manifestu batekin hasten den disko-liburu honek proposatzen duen bidaiarako Gorka Hermosa bezalako musikariez inguratu da Jon Maia. Hamalau kantu osatu ditu, horien artean aurrekoan zintzilikatuta gelditu zitzaizkion lau bertsioak –jendeak eskatu zizkion kantak dira, horien artean Negu Gorriak eta Gariren kanta batzuk, ia ‘himnoak’ bihurtu direnak– eta gonbidatu oso berezi bat: Silvio Rodriguez. Kubatarra euskaraz kantatzen jarri du ‘Nostalgia’ kantan. «Ametsak betetzen dituen haur bat bezala sentitzen naiz», aitortu du bertsolariak. Lehenengo diskoan saiatu zen kubatarra sartzen, baina lanpetuta zegoela erantzun zioten. «50 urte bete nituenean pentsatu nuen: ’Ni ez nago denbora galtzeko, amets guztiak betetzera noa eta filosofia horrekin bizi naiz, mugarik gabe’», aipatu du. Pentsatu eta egin, berriz eskatu eta erantzuna: «Silvio lo hará». Ojalá estudioetan grabatu zuen Silviok La Habanan. Jon Maia: «Bidali genion musika nire ahotsarekin grabatuta eta instrukzio batzuk, euskaraz nola ahoskatu esanez. Ez zidan ezer gehiago galdetu. Esan nion ‘tz’ nola den, eta lehen hitza, kasualitatez, ‘batzuetan’ zen. Joer, ni ere kabroia. Esan nion: ‘Eso es como pizza’. Eta oso ondo esaten ditu. Hunkigarria izan zen bere ahotsa entzun genuenean estudioan, musikarik gabe, hain errrekonoziblea, hain historikoa, hain unibertsala, hain eternoa, eta hain intimoa aldi berean. Hain gurea: gutako askorentzat Silvio gurea da, gure bizitzaren ahotsetako bat. 77 urteekin pertsona batek, bere ospe mundialeko pertsona batek, ahalegina egitea euskaraz kantatzeko, gurea bezalako hizkuntza txiki batean, eta ni bezalako ezezagunarentzat, niretzat eskuzabaltasun ariketa inpresionantea da». Eta Silvio euskaraz kantatzen zuzenean entzungo al dugu?, gure galdera. «Ojalá», erantzuna.