GAIAK
Entrevue
Igor Horrillo
EHUko Neuropsikofarmakologia ikerketa-taldeko ikertzailea

«Zaila da edari energetikoak legez kanpo jartzea, ez direlako toxikoak»

«Edari Energetikoak eta haien eraginak» izeneko artikulua argitaratu zuten Olatz Basterra eta Igor Horrillo EHUko Farmazia fakultateko ikertzaileek. Adin txikikoen artean edari hauen kontsumoari mugak jartzea aztertzen ari dira zenbait herrialde. Eraginen inguruan hitz egin dugu Horrillorekin.

Igor Horrillo, EHUko Farmazia fakultateko ikertzailea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aipatu izan duzue herrialdearen arabera desberdinak direla edari energetikoei jartzen zaizkien mugapenak.

Estatu Batuetan hartu diren neurriak, adibidez, osasun publikoaren iritziz hartu dira, edari energetikoak populazioaren zati batera ez heltzeko. Hemen ez da ohikoa haur txiki bat coca-cola lata batekin kalean ikustea, nahiz eta gero eta ohikoagoa den. Estatu Batuetan nahiko ohikoa da; horregatik, hainbat herrialdetan legez mugatzen saiatzen ari dira. Ohitura horiek gizartean barneratuta dauden ala ez, gehiago edo gutxiago mugatzen da.

Zertarako kontsumitu ohi dira edari energetikoak?

Hasiera batean, edari energetikoak kirolarientzat egindako produktu gisa merkaturatu ziren. Azukre kontzentrazio altua daukaten edariak dira, B motako bitaminak dituzte muskuluen onerako, zuntz muskularrak puskatzen direnean modu egokian konpontzeko, eta kafeina ere badute. Kafeina horren helburua muskuluen eraginkortasuna areagotzea da. Hori da jatorria, baina gaur egun pizgarri gisa hartzen ditu jendeak; nerbio sistema zentralaren piztea nabaritzeko.

Zer da pizgarri izatea?

Kafeinaren ohiko eraginak: loa kentzen du, arreta ahalmena apur bat areagotzen du; egunerokotasunari aurre egiteko laguntza izango litzateke.

«Haurdun dauden emakumeetan, umekian eragin dezakeelako ez litzateke gomendagarria izango dosi altuetan hartzea, eta haurretan, garapen bidean dauden pertsonak direlako»

Kirola aipatu duzu, baina edari energetikoak eta isotonikoak ez dira gauza bera.

Edari isotonikoen helburua izerdi bidez galtzen den ura eta gatz mineralak berreskuratzea da, eta edari energetikoena, aldiz, gorputzari indarra ematea da; kasu honetan azukrea izango litzateke energia iturria eta kafeinak egingo lukeena da muskuluek azukre horiek erabiltzeko daukaten gaitasuna areagotzea. B bitaminak esfortzu horretan gerta daitezkeen desgasteak errekuperatzen laguntzen du, baina edari isotonikoek eta energetikoek ez dute zerikusirik; ez digute informazioa modu egokian ematen.

Zergatik dute eragin berezia haurrengan, nerabeengan eta haurdunengan?

Garapen bidean dagoen nerbio sisteman kanpotik eragiteak garapen horretan eragin zuzena du eta ez dio modu egokian garatzen uzten. Horregatik, haurdun dauden emakumeetan, umekian eragin dezakeelako ez litzateke gomendagarria izango dosi altuetan hartzea, eta haurretan, garapen bidean dauden pertsonak direlako.

Edari energetikoak alkoholarekin nahasteko joera zabalduta dago.

Helburua izaten da alkoholak sor dezakeen logurari, nerbio sistemaren depresioari, aurre egiteko kafeina hartzea; kasu honetan edari energetikoak. Honek dituen albo-ondorioak dira norberak sumatzen duela alkohol gehiago edan dezakeela; azken batean, alkoholak mozkortzen gaituen heinean pizgarri bat hartzen baldin badugu, gure alkoholarekiko tolerantzia handitu egiten da; ez dugu nabaritzen hain mozkor gaudela. Orduan, gorputzean dugun alkohol kontzentrazioa areagotuko litzateke. Berez gehituko litzatekeena da alkoholaren toxikotasun maila.

Zure ustez, zer hartu beharko litzateke kontuan edari hauei mugak jartzeko?

Gauzei mugak jartzea zaila da. Garai batean hemen ez zegoen inongo mugarik horrelako edarientzat; Europar Batasunetik gomendioa etorri zenean, izan zen lata horietan azal zedin kafeina kontzentrazio altua duten produktuak direla. Gaur egun, produktuan bertan jartzen du ez dela komenigarria ume, nerabe, haurdun edo edoskitzean dauden pertsonentzat, ezta kafeinarekiko sentikorrak direnentzat edo patologia kardiako bat dutenentzat ere. Azkenean, horrelako gomendioak egin ahal dira, baina zaila izango litzateke produktuok legez kanpo jartzea, edo 18 urtetik gorakoei soilik saltzea, berez ez direlako toxikoak. Alkoholarekin edo tabakoarekin egin ahal da, badakigulako toxikoak direla, txarrak direla benetan osasunerako. Kafeinaren kasuan, aldiz, kontuz hartu beharreko substantzia bat da; beraz, ezin da legez kanpo jarri, egin ahal dena da kontsumitzaileari informazio gehiago eman.

Bide hori egiteke dago?

Publizitatea ere mugatu daiteke, eta publizitate hori nori zuzenduta dagoen; nerabeei zuzendutako publizitatea dela ikusiko dugu. Berez kirola egiteko pentsatuta zeuden produktuak dira, baina ikusten dugu nola motor lasterketetan ikusten diren. Zer publikori zuzenduta dauden berrikusi beharko litzateke, baina ez da kontu erraza ez direlako osasunerako toxikoak; ez zuzenean, behintzat.