17 NOV. 2023 - 00:00h Molde eta metodo berritzaileak tratamendu eraginkorrena emateko Iktusa, bizkarrezur-muineko lesioak, neuroendekapenezko gaixotasunak... eragin neurologikoa duten lesio eta gaitzen ondorioen tratamendu intentsiboan berezitutako osasun zentroa da Nahizen, beti ere ikuspegi integral eta berritzaile batetik. Bilboko Nahizen zentroko lantaldea zortzi profesionalek osatzen dute: hiru fisioterapeuta, bi terapeuta okupazional, bi logopeda eta neuropisikologo bat. (NAIZ) Maitane Aldanondo Gabilondo Iktusa da elbarritasun kausa nagusia EAEn. Urtean 6.000 bat kasu izaten dira, horien erdia osatu egiten da, %15 hil, eta gainerako %30ak muga kognitibo edota fisikoak pairatzen ditu. Sintomatologia askotarikoa badute ere, neuroendekapenezko gaixotasunek ere antzerako ondorioak izaten dituzte. Hori artatzeko tresnak neuroerrehabilitazioak ematen ditu, baina tratamendua luzea eta garestia denez, ez dago denen eskura. Hortaz jabetuta, Marta Juaristi Arrietak eta Amaia Goiriena Boyrak 2021eko urtarrilean Nahizen neuroerrehabilitazio zentroa ireki zuten Bilbon. Urteak zeramatzaten neurologia arloan eta «oso beharrezkoa» den zerbitzua jende gehiagorengana iristea nahi zuten, baita, beste modu batera, «gure erara», egin ere. Kooperatibako lantaldea zortzi profesionalek osatzen dute: hiru fisioterapeuta, bi terapeuta okupazional, bi logopeda eta neuropisikologo bat. Elkarrekin, «modu dinamiko, bateratu eta kooperatiboan» lan egiten dute, tratamenduak diziplinen arteko mugak gaindi ditzan. Horri esker, kasu bakoitzaren ikuspegi holistikoa lor dezakete. Sortzaileen ustez, hori da beren zerbitzuaren «desberdintasun handi bat». Izan ere, xedeetako bat artatutako pertsonak bere funtzioak eta nahi duen rol berria lortzea da eta horrek zenbait arlotan lan egitea eskatzen du. Esaterako, «erosketa egiteak konpetentzia asko ditu: kognitiboa, motorra... Transdiziplinitate horrek laguntzen digu era zabalagoan lantzen, ez arlo konkretu bakarra, baizik eta arlo desberdinak; eta helburu aldetik lantzen funtzioa». Lan molde horrek garrantzia berezia du hartutako garuneko kalteen kasuan, fisikoki, kognitiboki edota emozionalki eragiten baitu.Ahal beste, epe laburrenean Nahizenen metodoa neuroerrehabilitazioaren funtsezko printzipioetan oinarritzen da: esku hartze goiztiarra, tratamenduarekiko atxikimendua eta tratamendu plana. Kideek azaldu dutenez, lehen bi urteak gakoak dira birgaitze prozesuan, neuronek konexio berriak sortu eta funtzioak berreskura daitezkeelako. Hortaz, emaitza onenak lortzeko beharrezkoa da erasana gertatu denetik ahal bezain lasterren hastea. Beste gakoetako bat intentsitatea da. Errehabilitazioa ahalik eta denbora epe laburrenean burutzen dute, ahalik eta etekin handiena ateratzeko neuronen plastikotasun prozesuari, gehienbat lesioaren ondorengo lehen hilabeteetan aktiboa dena. Helburuak artatutako pertsonak zehazten ditu, lehen unetik bere prozesuan subjektu aktiboa da, halakoetan nahitaezkoa den atxikimendua lortzeko. Garunak errepikatzen ikasten du, baina Marta Juaristiren esanetan, «intentzionalitaterik ez badago, ez da konexio neuronalik lortzen. Eurek aktibo lan egin behar dute. Ez da esku-ohean etzan eta mobilizazio batzuk egitea, kontzienteki landu behar dute eta motibazioa oso garrantzitsua da». Adostutako mugarriak zehatzak eta neurgarriak dira, eta tratamenduan zehar prozesua ebaluatu egiten dute. Goirienak azaldu duenez, paziente gehienek lesioa izan eta gutxira jotzen dute zentrora, ospitaleko errehabilitazio integrala jaso ondoren. Hala hasitako batzuk bi urteko bidearen ondoren beraiekin gelditu dira bestelako errehabilitazio bat egiteko, «intentsitate txikiagokoa eta denboran luzatuz». Badituzte, hala ere, bestelako kasuak, azkena duela 33 urte iktus bat izandakoa, eta bilakaera bestelakoa bada ere, «guztientzat onuragarria da». Horrez gain, egoera berrira egokitze prozesuan laguntzen diete familiei eta profesionalei begirako formakuntza ere emanez. Pandemia tarteko ezin izan dute nahi bezala aurrera eraman, aurrez aurre; eta ez dute horretara mugatu nahi, senideentzako edo interesa duen edonorentzako ere izatea nahi dute. Nahizen zentroan robotika eta teknologia aurreratua bailatzen dute, baina inoiz ez profesionalak ordezteko. Teknologia aurreratua eta robotika, aniztasuna eta errepikapenak handitzeko Errepikapenak aldaketa iraunkorrak eragiten ditu, ikasitako egonkortzea errazten dutenak. Intentsitate altuan egin ahal izateko, ohiko tratamenduez gain, Nahizen neuroerrehabilitazio zentroan osatze prozesuaren fase guztietarako egokia den teknologia ere badute. Ibilbide neurologiko berriak ezarri eta daudenak indartzeko beharrezkoa da errepikapen lana eta makina hauei esker, intentsiboki eta luzaroan egin dezakete. Hau da, ahalegina optimizatu eta epe laburrenean emaitza onenak lortzea ahalbidetzen dute. Robotika eta teknologia aurreratua baliatzen dute. «Desberdinena edo potenteena» ibiltzen laguntzen duen zinta berezi bat da. Amaia Goiriena arduradunak azaldu duenez, «ibili ezin duen pertsonari lagundu egiten dio patroi hori lortzen, baina berezitasuna da martxa patroi hori oso naturala dela». Hala, hankak mugitzeko gaitasunik ez dutenek, adibidez, orduak pasa ditzakete oinez. Errealitate birtuala eta dispositibo sentsorialak ere helburu desberdinak lantzeko baliagarriak zaizkie; esaterako, led argiekin erreakzio abiadura, atentzio, memoria... ariketak aurrera daramatzate. Teknologia onuragarria den gehigarri bat da arduradunentzat, inoiz ez profesionalak ordezteko bidea. Marta Juaristik nabarmendu duenez, ugaritzen ari dira profesionalak kendu eta teknologia sartzen duten zentroak. «Guk oso argi dugu teknologia edo dispositibo berri hauek beste erreminta edo ariketa bat direla; laguntzen digute bariabilitate handiagoa izaten gure helburuak lortu ahal izateko, besterik ez».