23 NOV. 2023 - 08:00h Entrevue Amaia Rodriguez eta Cynthia Rodríguez bideo editorea eta kazetaria «Gure bideoen bidez ikusgarritasuna eman nahi dugu, beste batzuk anima daitezen» AmaiayCynthia_buzeatzen (Amaia eta Cynthia) Testua: Roge Blasco. Argazkiak: Oihan Blasco/ Amaia Zuriarrain eta Cynthia Rodríguez Amaia Zuriarrain tolosarra da eta bideo editorea. Cynthia Rodriguez, berriz, valentziarra eta kazetaria. Bartzelonan ari ziren lanean. Estresarekin erabat nekatuta, 2020ko urtarrilean Txilera joateko txartel bat erosi zuten, 12 hilabetez munduan barrena 12 herrialde bisitatzeko asmoarekin. Bidean, erreferentziazko emakumeei buruzko ikus-entzunezkoak egitea erabaki zuten. Proiektuari “Ez lurra, ez emakumeak” deitu diote. Bidaia dokumental ekologista, feminista eta LGTBIQ+ da. Halaber, naturaz gozatu eta denbora elkarrekin pasatu nahi zuten. Covid-ak ustekabean harrapatu zituen eta, ondorioz, jatorrizko plana aldatu egin behar izan zuten. Urte sabatikoa ia lau urte iraun duen bizimodu bihurtu da. Bidaian barcostop-a ezagutu zuten, hau da, tripulatzaile gisa belaontzi batean bidaiatzeko aukera, itsasontzian lan egitearen truke. Lurrez eta itsasoz Txile, Argentina, Karibe, Erdialdeko Amerika, Mexiko, Florida eta Hawaii bisitatu dituzte. Antilletako Antigua uhartetik itzuli ziren 6 emakumek tripulatutako belauntzi batean, Italiako kostalderaino. Eta 2023ko udan marinelak izan dira Artikoan. Zein dira zuen bideoetan grabatu dituzuen protagonistetako batzuk? Cynthia- Horietako bat Barbara Hernandez igerilari txiletarra da, “Izotz Sirena” bezala ezaguna, ur hotzetan igeri egiten trebea, hala nola glaziarretan edo izoztutako lakuetan. Diana Mendez, itsasontziko kapitaina eta artisau-arrantzalea. Ushuaian (Argentina) aurkitu genuen. Bera izan zen barcostoparen aukeraz hitz egin zigun lehena. Josefina Allendes brodatzaile naturala Txilen. Rita Sellares, itsas biologoa, koral zaharberritzailea Dominikar Errepublikan. Costa Ricako Nera Murillo sukaldaria, janari gordineko bi jatetxe ireki dituena arrakasta handiz. Beste adibide bat dira Panamako Bocas del Toro uharteko kakao-enpresa bateko emakumeak. Nola hasi zineten barcostopean? Amaia- Ushuaian (Argentina) geunden, eta parean dagoen Navarino uhartera (Txile) joan nahi genuen. Oso garestia zen, eta Diana Mendezek aholkatu zigun portura hurbiltzea eta han galdetzea ea norbait prest zegoen gu eramateko. Horrela ezagutu genuen Michael, eta berarekin itsasoratu ginen Beagle kanalean. Ikusten errazak ez diren orkak begiztatu genituen. Navarino uhartera iritsi ginenean, gure hurrengo kapitaina ezagutu genuen, Robert Fox eskoziarra. Nabigatzeko teknikak irakatsi zizkigun, zerotik hasita eta ingelesez. Masterclass bat bezalakoa izan zen, 24 orduz itsasontzian ikasten eta praktikatzen ari ginen, ihesbiderik gabe. Nik uste dut nabigazioan dakigunaren %95 ikasi genuela. C- Bide zirkularra egin dugu. Puerto Williamsetik abiatuko ginen Beagle kanalean zehar nabigatzeko. Gordon uharteari buelta bat eman genion, Tierra de Fuego artxipelagoan. Itsasoz soilik iritsi daitezkeen elementu geografikoak ikusteko aukera izan genuen. Darwin mendikatea ikusi genuen, elurtegiak, glaziarrak... Negua zen eta dena elurtuta zegoen; badia batzuetan ura izoztu egiten zen, tenperaturak muturrekoak ziren eta, ondorioz, astebete egon ginen badia batean ontzia blokeatuta. Leiho eguzkitsu txiki baten zain egon behar izan genuen izpiek izotza hautsi zezaten. Nolakoa izan zen Patagoniako hotzetik Dominikar Errepublikako berora egindako jauzia Karibean? C- 2020. urtea zen, eta pandemia iristearekin batera, bidaiatzeko modua zailagoa zen. Itsasontzietan mugitzen jarraitzeko aukera ikusi genuen. Interneten, eskifaia bilatzeko aplikazio baten bidez, kapitain bat aurkitu genuen Dominikar Errepublikako portu batean, eta hara joan ginen. Berarekin egon ginen aste pare batez, lehorrean bere ontzia berritzen laguntzen. Bitartean beste itsasgizon batzuk ezagutu genituen, eta haien bidez jakin genuen mutil zeelandaberritar batzuk You Tube kanalerako bideo editoreak behar zituztela Floridan. Horrenbestez, hurrengo helmugara joan ginen, haiekin lan egitera. Nabigatzen ikasteaz gain, urpekaritza ikastaro bat egin duzue. Non? Eta zein izan dira zuen esperientziak itsas hondoan? A- Erdialdeko Amerikara joan ginen Kariben nabigatzera. Liluratuta gelditu ginen hango ur apartarekin, erritmo lasai eta atseginarekin, uharte politekin, naturarekin eta urpekaritzarekin. Urpekari profesionalaren titulua atera genuen Panamako zentro batean. Mexikon apnea ikastaro bat egin genuen eta, gure trebetasunak hobetzeko, Kalifornia Beherean itsasoratu ginen, baleak iparraldetik hegorantz migratzen ari zirenean. Haiekin igeri egiteko eta haien kanta entzuteko aukera paregabea izan genuen. Zorionekoak izan ginen, itsas otsoekin ere egon baikinen. Urte erdiz Antilletan ibili zineten charterrak egiten. Eta ondoren Atlantikoa zeharkatzeko izena eman zenuten emakumeek bakarrik tripulatutako ontzi batean. Ohiz kanpokoa da, ezta? C- Nabigazioaren mundua oraindik gizonezkoena da, batez ere goi mailetan. Beraz, ez ohikoa da kapitaina emakumea delako, eta, gainera, ontziko armadore-jabea ere bai. Chloe Need da, “Moonflower 3”ko patroia. Guztira, sei emakume ginen: hiru ingeles, zeelandaberritar bat eta gu biok. A- Egun batzuetan ekaitz tropikalak jasan genituen, 5 metroko olatuekin. Ontziak garbigailua zirudien. Ezin zen lo egin. Komunera joatea zaila zen, eta are gehiago janaria prestatzea. Oinarrizko beharrak bete ezin eta, hala ere, animoari eutsi eta irribarre bat atera behar... C-Portuan, itsasoratu aurretik, honelako komentarioak jaso genituen: «Zuek 6 Atlantikoa zeharkatuko duzue? Ez duzu hobe Karibean geratzea eta bikiniz pasieran ibiltzea? Jakina, ezetz uste genuen, baina 10.000 aldiz erakutsi behar genuen hori egiteko gai ginela eta, gainera, haiek uste baino hobeto. Azkenean, helburua lortu genuen, giro ona ere bai gure artean, astroak argitu egin ziren eta, zalantzarik gabe, gure bizitzako esperientziarik ahaztezinetakoa izan zen. Elkarbizitza izaten da zailena, espazio hain txikian murgiltzen zarenean. Nola ziurtatzen zenuten zuekin nabigatzen zuten pertsonekiko konfiantza? A- Kontuan izan behar da itsasontzi batean, itsaso zabalean bazaude, 24 orduz elkarrekin bizi zarela inolako ihesbiderik gabe. Ez duzu astirik zuretzat, ez lekurik, ez pribatutasunik. Esango nuke elkarbizitza dela zailena nabigazioan. Hiru urtez lau ontzi ezberdinetan Ameriketan nabigatu ondoren, udan Tilvera ontzian sartu zineten, 22 metroko luzera eta bi makil dituen belaontzian, Artikoan nabigatzen duena Svalbard uharteetan. Berriro muturreko leku basatietan... A- Kapitainak berak, Heimir Harðarson islandiarrak, neurrira egindako itsasontzi berezi batean nabigatu dugu. Svalbarden egon ginen, Norvegiako fiordoetara jaitsi ginen, Lofoten uharteetara, eta hortik Islandiara. Berriro ere muturreko leku batean egon gara, bai, hotz handiarekin, naturaz gozatzen, eta, aldi berean, pena sentitu dugu, zuzenean egiaztatu dugulako latitude horietan klima aldaketa nabarmena dela. Amerikan, hainbeste nabigaziotik ihes egiteko, aldian-aldian lehorrean bidaiatzen zenuten motxilarekin. Oro har, emakume eta bikote izateak arriskuak aregotu ditu? C- Egoera deserosoak saihesteko, askotan bi lagun bezala ibili gara, eta ez dugu publikoki erakutsi bikotea garela. Adibidez, eskutik ez joatea edo jendaurrean maitekiro ez tratatzea... Emakume gisa hobe da prebenitzea, sendatzea baino. Adibidez, ez gara oso gautarrak. Egia da beldurrak ez gaituela baldintzatu bidaiatzeko, nabigatzeko edo gure ametsak betetzeko. Ontziratu baino lehen, guk nahiago dugu egun batzuetan tripulazioarekin bizi, portutik irten baino. Energia ona transmititzen badigute, aurrera egingo dugu, baina, zalantzarik badugu, aldiz, ez. A- Bikote gisa ez dugu esperientzia txarrik izan. Gure bideoen bidez ikusgarritasuna eman nahi dugu sareetan, beste batzuk elkarrekin bidaiatzera anima daitezen.