23 NOV. 2023 - 10:29h Mikel Zabalzaren omenezko kantua sareratu dute Raimundo el Canastero eta Brigade Locok ‘Mikel’ kantua sareratu berri dute Raimundo el Canastero eta Brigade Loco musika taldeek, 1985ean Guardia Zibilak atxilotu ostean Bidasoa ibaian hilda azaldu zen Mikel Zabalzaren omenez. «Gertaturikoa salatzen jarraitzeko saiakera bat» da kantua. NAIZ Bertsio ofizialetatik haragoko egien bilaketaren alde egiteko deia egin dute Raimundo el Canastero eta Brigade Loco musika taldeek elkarrekin sortu eta sareratu berri duten ‘Mikel’ kantuan. Abestiak Mikel Zabalza du protagonista, 1985ean Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egunera Bidasoa ibaian, Endarlatsatik gertu hila azaldu zena. Bere bila zebiltzanek inguru hura behin eta berriro arakatu zuten Zabalzaren desagerpenetik. «Bertsio ofizialak egia ukatzen duela ikusita, eta amets gaizto hura gidatu zuen guardietako bat saritu eta goratu ere egin berri duten honetan, sinesgogortasuna, amorrua eta frustrazioa sortu zaigu barrenean. Ez dugu inolaz ere gertakizunen bertsio hori onartzen, hasieratik bukaerara kontraesanez betetako kontakizun faltsu bat delako», salatu dute kantuaren egileek. Abestia «modu inkontzientean» jaio dela ere azaldu dute, «ziurrenik, urteetan zehar buruan bueltaka» zeramatelako gertakaria, eta «gertatutakoa salatzen jarraitzeko saiakera» egin dutela nabarmendu dute. Doinuak Joe Arroyo kolonbiarraren musika eta, bereziki, ‘Rebelión’ abestia ezagutzearen ondorio izan direla aitortu dute. «Inoiz ez zitzaigun bururatuko jai giroko erritmo alaiekin, hainbeste sufrimendu eragin duen gertakari baten abesti bat konposatzea», onartu dute, «baina azken finean, gehien gustatzen zaiguna eginez, maitasunez eta errespetuz, gertatu zena salatzeko kemena eman digu Joeren doinuak». Amaitzeko, kantua Mikelentzat, haren familiarentzat eta «gu bezala, justizia eskatzen duten guztientzat» dela aldarrikatu dute. «Ahazten ez dena ez da inoiz hilko», ziurtatu dute.