GAIAK

Elhuyarren itzultzaile automatikoak ahotsa ere badu orain

Elia Elhuyarren itzultzaile automatiko neuronalari TTS teknologia txertatu zaio orain, eta horri esker, entzun egin daitezke proposatzen dituen itzulpenak. Gainera, Telegram mezularitza aplikazioan txertatu da Elia, komunikazio eleaniztuna errazteko.

Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak ahotsa ere badu orain. (ELHUYAR)

Elhuyarretik jakinarazi dutenez, TTS teknologia txertatu ondoren, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko agindu dakioke itzuktzaileari, eta Elhuyarrek garatutako ahots sintetiko neuronaletan entzun ahal izango da proposatzen duen itzulpena. Horretarako, aski da bozgorailuaren irudia duen botoia sakatzea eta ahots bat aukeratzea (emakumezkoa ala gizonezkoa), eta esaldiz esaldi urdinez nabarmenduta ikusiko da entzuten den esaldia.

Itzulpenen kasuan bezala, sei hizkuntzatako ahotsak dauzka integratuta. Oraingoz, webgunean dago erabilgarri funtzionalitate berria, eta laster mugikorretako eta mahaigaineko aplikazioetan ere erabili ahal izango da. Elia.eus webgunean TTS zerbitzua txertatzeko lanak Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin egin dira.

Beste alde batetik, Telegram aldibereko mezularitza aplikazioan txertatu da Elia, eta horrela, itzultzaileak eskaintzen dituen sei hizkuntzetako edozeinetara itzul daitezke Telegram bidez jasotzen diren mezuak. Aski da ‘Elhuyar Elia’ kontaktuetara gehitu eta itzuli nahi den mezua hari bidaltzea.

Lau urte

Elia itzultzaileak lau urte bete ditu. Lau urteotan, bere funtzionalitate eta aukerak ugaritu egin dira, eta erabilera datuek ere gora egin dute. Zehazkiago, 2022an baino %33 bisita gehiago jaso ditu webguneak aurten, eta erabiltzaile kopurua %12 igo da.

Egindako itzulpenik gehienak euskara eta gaztelaniaren artekoak dira, baina Elia hurrengo sei hizkuntza hauen arteko itzulpenak egiteko balia daiteke: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa.

Orain arte bezala, testu laburrak nahiz dokumentu formatudunak itzultzeko erabil daiteke Elia elia.eus webgunean. Dokumentuen kasuan, erosketa egiteko modua erraztu da: Paypal bidez nahiz bankuko txartela erabiliz egin daitezke ordainketak. Webguneko berrikuntza horiek guztiak mugikorretako aplikazioetan (Android eta iOS) eta mahaigaineko aplikazioan ere egongo dira erabilgarri laster.