26 DéC. 2023 - 20:00h Pazientea okerrago artatzen da ospitalea pribatizatzen denean, Harvardeko ikerlan baten arabera Ospitaleko arreta okertu egiten da enpresa pribatuek erosten dutenean, eta pazienteek aukera gehiago dute erortzeko edo erietxean daudela arazoak edo infekzioak izateko, Harvardeko Unibertsitateko ikerketa baten arabera. Pazienteari emandako arreta okertu egiten da funts pribatuek ospitale bat erosten dutenean. (EVIDENCE | EUROPA PRESS) NAIZ Harvardeko Unibertsitateko ikerketa batek ondorioztatu du pazienteek arazoak sufritzeko aukera gehiago dituztela ospitale bat funts pribatuek erosten dutenean. ‘Jama’ aldizkarian argitaratutako azterketa honen emaitzak alarma pizteko modukoak direla nabarmendu dute egileek, «sari ekonomikoek pazienteen arreta eta segurtasunari itzala egiten diotela frogatzen dutelako». «Ohartuak ginen kapital pribatuen erosketek gastu soziala, tasak eta prezioak handitzen zituztela, baina orain ikusi dugu pazienteenganako arreta klinikoa ere kezka iturri dela», adierazi du Zirui Song Harvardeko Lehen Arretako Zentroko ikerketa buruak. «Ospitale baten arrakasta ez da soilik dolarretan edo paziente kopuruan neurtzen; salbatutako bizitzetan, izan daitezkeen konplikazioetan, pazienteen ongizatean eta segurtasunarekin eta kalitatearekin lotutako beste parametro batzuetan ere neurtzen da», ohartarazi du Sneha Kannan Massachusettseko Zainketa Kritikoen arloko medikuak. Irabaziak bilatzen dituen eredu bat AEBetako osasunean arrisku kapitala jokatzen ari den gero eta paper handiagoa dela-eta kezka zabaltzen ari den unean plazaratu da, hain zuzen, ikerketa hau. Azken hamarkadan bilioi bat dolar inbertitu ditu arlo honetan arrisku kapitalak. Song eta Joseph Dov Bruch egileek aurretik argitaratutako azterlan batzuek jada frogatua zuten kudeaketa eredu honek zor maila handia sortzen duela eta gastua areagotzea eragiten duela, baina orain arte ez zuten pazienteenganako arreta behatua. «Osasun sistemek ospitaleak erosten dituztenean, ez dute mailegatutako dirua erabiltzen, eskuko diru kantitate txiki bat eta zor kopuru handi bat baizik», esplikatu du Songek. Zor horrek diru sarrerak izatera behartzen ditu ospitaleak, ordaindu ahal izateko. Eta presio ekonomiko hori pazienteen kalterako da, ikerlarien arabera. Lantaldeak 2009 eta 2019 artean zerbitzuagatik ordaindu zuten ospitaleratze guztien osasun aseguruen eskaeren datuak aztertu ditu: kapital pribatuko 51 ospitaletako 600.000 ospitaleratzetik gora, eta arrisku kapitalen funtsek kudeatu gabeko beste 259 ospitaletako lau milioi ospitaleratze baino gehiago. Kapital pribatuak erietxea erosi baino lehenagoko eta ondorengo emaitzak konparatu dituzte, eta hala ikusi zuten zenbatetan erortzen ziren pazienteak ospitaleko egonaldian, edo zenbatetan jasaten zuten infekzio bat ebakuntza baten ondoren. Heriotza kopurua, ingresatuta emandako denbora eta alta eman ondotik zenbatetan itzultzen ziren ospitalera ere behatu dute. Ondorioztatu dutenez, funts pribatu batek ospitalea erosten duenean pazienteen arazoak %25 areagotzen dira ingresatuta dauden denboran; erorketak, %27, eta infekzioak, %38.