GAIAK
Entrevue
Ane Iturzaeta Agirre
Microsoft-en lanean diharduen hodei arkitektoa

«Justizia soziala jokoan dago, AA arduratsu bat behar da»

Ingeniaritza Informatikoa eta ADE ikasi zituen Deustoko Unibertsitatean. Hiru praktika egin zituen New Yorken, Maltan eta Bruselan. Duela bost urtetik Microsoften dabil, enpresei eta sektore publikoari Adimen Artifiziala ezartzen laguntzen. 2021ean Gladys saria lortu zuen.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Bizimodu mugitua du Ane Iturzaeta Agirrek (Donostia, 1995). Madrilen lurreratu berri, bilera batetik bertzerako tartean erantzun digu deia, ilusioz eta hurbil. Arratsalde bat eman du bere herrian, eta argazkietarako baliatu dugu.

Zer espero daiteke Adimen Artifizialean (AA) 2024an?

2023an demokratizatu egin da AA, denok ezagutu dugu. Eta 2024an sekulako abiadura hartuko du. ChatGPT izan da erreminta teknologikorik azkarrena; 100 milioi erabiltzailera iristeko marka Facebookek zuen orain arte: 5 urte. ChatGPTk hiru hilabetean lortu du. 2024an azkartasun hori aplikazioetan ikusiko dugu, benetan sortuko dira aurrerapenak eta berrikuntzak, egunero ukituko gaituztenak.

Adibide bat jar dezakezu?

Ni herritarra banintz, esperoko nuke jasotako arreta askoren atzean halako teknologiak egotea. Adibidez, ogasunean tramite bat egiten badut, segur aski atzetik AA batek zerbait egingo du; ez dit telefonoz erantzungo, urruti dago hori, baina agian lagunduko dio erantzuten didan pertsonari ni hobeto ulertzen. Erdalduna bada, eta ni euskalduna, itzultzaile automatikoa balia dezake. Ez dakit zenbateraino konturatuko garen. Urteak dira AA inguruan dugula, eta ez gara kezkatu aurten arte.

Zer onura ekarriko ditu?

Pertsonalizazioa garrantzitsua izango da. Ez da erraza denbora errealean ulertzea zein dagoen telefonoaren bestaldean eta zer gustatzen zaion. Hori automatizatzen badugu, erantzun pertsonalizatua eman ahalko dugu.

Zer arrisku ditu horrek?

Asko. Handiena da AAeko produktu bat norbaitek egin duela eta pertsona horren gabezia guztiak agertzen direla soluzio horretan. Nik modelo bat entrenatzen badut, ematen ditudan datuen arabera, sexista eta arrazista bihur daiteke. Justizia soziala jokoan sartzen da. Oso inportantea da AA arduratsu baten printzipioak oso presente edukitzea. Gizartea hobetzeko egiten dugu hau, ez norabide okerrak indartzeko.

Arautzea garrantzitsua da?

Bai. Batzuei pena emango die nora iritsi den gizartea, eta ez dute ezer nahiko. Baina beste aldera begiratzea edo geldi geratzea ez da aukera bat. Hemen gaudenez, goazen nola bizi nahi dugun arautzera. Europako araudia oso garrantzitsua da, Espainiakoa ere bai. Berandutzen ari da zerbait txukuna egitea, lehen aipatu dugun teknologiaren azkartasunarengatik. Zer egin daitekeen eta zer ez arautu behar da, modeloek egiten dutena nola testatu, zeinena den jabetza, pribatutasuna, zein datu erabili eta zein ez... Erantzukizuna garrantzitsua da. Automobil automatiko batek harrapatzen bazaitu, zeinen ardura da? Gai filosofiko eta etikoak dira kasik. Inklusioa ere aintzat hartu behar da.

Zer inpaktu izan ditzake AAk Euskal Herrian eta, bereziki, euskararen esparruan?

Euskararentzat aukera itzela da, itzultzaile automatikoak posible egin dezakeelako arreta hizkuntza honetan jasotzea. Baina arriskua ere badu: jendeak euskara ez ikastea, itzultzaile automatikoa dagoelako. Bestalde, zerbitzu publikoak modernizatzea lehentasuna da, gauden mendean ez du zentzurik paperak galtzeak. Osasun arloan ere lagun dezake AAk, adibidez gaixotasunak azkarrago detektatzen. Hezkuntzan, ariketak beste modu batera pentsatzeko eta gehiago pertsonalizatzeko bidea izan daiteke. Eta industrian arriskuak murriztu ditzake, esaterako, drone bat bidaliz pertsona baten ordez.

ChatGPTren garapena hoztera doala dirudi, kostuak jasangarriak ez direlako.

Sortu diren modeloek ordenagailu asko behar dituzte entxufatuta, eta ingurumenari kalte ikaragarria egiten diote. Ordenagailu asko elkarrekin data center batean daudenean, hoztu egin behar dituzu, eta energia gehiena horretan gastatzen da. Nola optimizatu aztertzen ari dira hornitzaileak. Hor ere arautu behar da, zehaztuz, adibidez, energiaren zein ehuneko sortu behar den haizetik eta eguzkitik.

Zer aldarrikatu nahi duzu?

Pertsonak eta gure ongizatea zentroan jartzea, garapen ekonomikoaren eta berrikuntzaren ordez.

2024an munduko biztanleriaren erdia baino gehiago hauteskundeetara deituta dago. Zer eragin izan dezake AAk?

Segur aski txarra, AAk eta sare sozialek orokorrean. Trumpekin pasatu zen. Informazioa eskuratzen lagun dezakete, baina askotan pasatzen da joera okerrak indartzea. Oso inportantea da irizpide propioa. Ardura konpartitua da, tresnarena eta gurea.