GAIAK
Entrevue
Xabi San Sebastian
Musikaria

«Begiak zabal edukitzea garrantzitsua da; ixtea ere bai, barrura begiratzeko»

‘Betazalak’ diskoan, betazalak zabalik kanpora begira, eta betazalak itxita barrurantz begira jarriko gaituzten 10 kantu jaso ditu Xabi San Sebastianek. Irlanda, Eskozia edo Ipar-Ameriketako folk doinuen entzunaldien zertzelakak dituzten kantuak dira, Xabier Leteren begirada kritikoa ere badutenak.

Xabi San Sebastian musikaria. (NAIZ)

Doinuak beste harrapatzen gaituzten hitzak jasotzen dituzte ‘Betazalak’ diskoko kantuek,  Beñat Gaztelumendi, Harkaitz Cano, John Milton, Iñigo Astiz eta Xabi San Sebastian Berak sortuak. Doinutik hitzera egindakoak dira batzuk, hitzetik doinura besteak, eta bada donutik hitzera eta hitzetik beste doinu batera bidaiatu duen kanturik ere: Iñigo Astiz-en hitzak jasotzen dituen ‘Lerro etenak’ kasu.

Lezoti estudioan grabatutako diskoan ametsetako banda izan du lagun San Sebastianek: Karlos Aranzegi baterian, Nando Neira kontrabaxu eta baxuarekin, Quico Pugès txeloarekin, Arkaitz Miner bibolinarekin, Satxa Soriazu teklatuetan, Pello Gorrotxategi eskusoinuarekin eta Nahia Valleren  ahots ederra ‘Konpai’ kantuan. San Sebastian bera entzungo dugu abesten, eta gitarrak eta ukelelea jotzen.

«Kantuak daude, eta destilatutako kantuak daude. Presaren eta instantearen emaitza direnak, eta tantaketa luzearen emaitza. Bigarrenean kokatuko nituzke kantuok, tentuz eta tantaz-tanta egindako lanarenb fruitua baita ‘Betazalak’». Harkaitz Canok diskoari buruz esandakoak dira. Horrela ondu duzu disko hau, tantaz tanta?

Bai, oso era artesanalean egin dut, luzez egon naiz kantuak frogatzen, borobiltzen… Nahiko kaotikoa izan da prozesua, kantu batek bukatua zirudienean berriz dena aldatu dudalako. Azken bi urteak egon naiz hau bukatzen.

Oker ez banago 2017an argitaratu zenuen aurrekoa.

Bai, ‘Zuhaitzak ez du bildurrik’ urte horretakoa da. Gero seme bat eduki nuen.

Hori gaindituko duen diskorik ez dago.

Hori bai dela sorkuntza (barreak). 2020an, pandemia bete-betean, Xabier Leteri buruzko lan bat prestatu genuen, Beñat Gaztelumendi, Quico Pugues, Senperena eta laurok, eta horrekin ibili ginen. Normalean hor zen diskoa ateratzeko garaia baina zuzeneko bat egin nuen, diskorik gabekoa, eta garaia zen nire azken urteetako lanari irteera emateko.

«Xabier Leteren izpiritua egon da lan honen sorreraren ongarri bezala. Bere begirada kritikoa, gizarteari, munduari... Hori izan da oinarria»

Duela bi urte, beraz, abiapuntua. Zein izan zen klik hori?

Xabier Leteren kantuak abesten egon ondoren, zer edo zer geratu zitzaidan barruan. Ez dut nire burua Leterenarekin alderatu nahi (barreak), galtzen aterako nintzatekeelako, baina bere izpiritua bai egon dela lan honen sorreraren ongarri bezala. Xabier-en begirada kritikoa, gizarteari, munduari... horren zer edo zer badago. Hori izan da oinarria. Ordutik hasi nintzen gehiago estiloan edo musikan pentsatzen. Musika asko entzun dut, eskoziarra eta AEBetakoa, folka batez ere.

‘Betazalak’ jarri diozu izenburua diskoari. Kantuetan begiradaz hitz egiten da, betazaletaz ez horrenbeste.

Itzuli asko eman nituen izenburu bila, eta azkenean nire bost urteko semeari galdetu nion: ‘Begizabal’ esan zidan, eta harrituta geratu nintzen. Begiak zabal edukitzea oso garrantzitsua da, baina baita ixtea ere, alde batetik barrura begiratzeko eta, bestetik, disko honekin burura etortzen zait Antonio Gramsciren esaldi hura, ‘adimenaren edo inteligentziaren ezkortasunaren aldean, borondatearen baikortasuna’. Begiak zabaltzerakoan eta adimena erabiltzerakoan agian ezkorrak izan gaitezke inguruaren azterketa egiten badugu, baina begiak itxi eta barruan daukagun motor edo indar horri begiratzea ere oso garrantzitsua da.

Hamar pieza jaso dituzu diskoan. Lehena, ‘Inork ez’.

Lehena hondamendiari eskainitako kantua da. Hondamendi pertsonalak, giza hondamendiak badira, eta horrekin ireki nahi nuen diskoa.

Hurrengoa, ‘Entzun’.

Beñat Gaztelumendik enkarguz egindako hitzak dira. Bi kanturentzat eskatu nizkion hitzak. Hasieran beste musika bat zeukan kantu honek, mugituagoa, eta tankera hartzen nion 70eko kantu erreibindikatibo haiei. Eta azkeneko momentuan aldatu egin nuen: estudiora sartu aurretik, gitarra hartu eta jarraian atera zen musika berri hau, non kantua leku intimoago batera eramaten nuen. Hasieran ez negoen kontrasteaz ziur, hitz gordinak eta musika poetiko edo intimista, baina azkenean gustoa hartu diot eta Beñati ere gustatu zaio emaitza. Oso pozik nago kantuarekin.

Hala jokatu duzu kantu guztietan, hitza izan da oinarri?

Ez. Eta gainera, kasu honetan, enkarguz egindakoa da hitza baina hasiera batean musika bidali nion. Hau kantu askorekin gertatu da. Musika sortu, hitz egileari bidali, hitz bat egin, ni guztiz konforme ez gelditu, hitz horretatik nolabait atera eta beste musika bat jarri. Horrela hiru edo lau kantu atera dira.

Aipatu duzu lehen, folk musikaren inguruan ibili zarela disko honetan. ‘Konpai’ kantua da horren erakusgarri.

Kantu folkiena da, oso alaia. Hauek ere Gaztelumendiren hitzak dira, bere auzoko pertsona batean oinarrituta; omenaldi bat egin nahi izan diegu inoiz mundua iraultzen saiatu ziren eta lortu ez duten pertsonei. Batzuk hor geratu ziren, ezleku batean, eta horiengan pentsatuta egin dugu kantua.

Diskoaren grabaketa non izan da?

Grabaketa uztaila eta abuztua bitartean egin dugu Oiartzungo Lezoti estudioan. Oso paraje ederrean dagoen estudioa da, eta oso gustura ibili gara, baserriaren aldamenean, oiloen artean. Estudio majoa da. Lehen entsegutik grabaketa amaitu arte oso erraz joan da dena. Ni maitatua sentitzen naiz musikarien aldetik, beti asko ematen didate eta gustura ikusten ditut nirekin lanean. Eta nik ere hori asko eskertzen dut, eta uste dut hori gero nabaritu egiten dela azken emaitzan.

‘Lerro etenak’ kantu puska da.

Iñigo Astizek egin ditu hitzak, hor dago kantuaren izpiritua. Kasu honetan, musika erdi sortua nuen arrean hitzetara egokitzen saiatu naiz, uste baitut hitzek nahikoa pisua badaukatela musikak bere inguruan moldatzeko. Oso gustura nago. Hasieratik izan du arrakasta kantuak. Nik gitarra klaseak ematen dizkiet haurrei, eta pasa den ikasturtean beraiekin hasi nintzenean jotzen berehala abesten hasi ziren, eta hor ikusi nuen sartzen zela.

Haurrek badute pertzeptzioa, eta filtrorik ez izatea ere ondo dator. Zintzotasun hori.

Hori da. Haurrek aurretik egia darabilte beti eta ez bazaie gustatzen berehala esaten dizute, min egiteko beldurrik gabe. Baina bigarren egunean entzun nituen abesten, eta urte bukaera jaialdian abestu nahi izan zuten. Ba primeran, hala egin genuen.

Doinua bai, baina gero instrumentazioa behar da. Kasu honetan sokazko instrumentuek dute pisu gehiago. Zeren baitan erabakitzen duzu hori?

Kantuak esaten dizu, tiraka ibili beharrik gabe. Irekia egon behar da. Hasierako finkatutako ideiarik gabe, utzi kantuari esaten eta eskatzen zer behar duen. Nik normalean kantuk gitarraz eta ahotsaz hasten ditut beti, eta hemen txeloak ematen dion sakontasun hori eta tristezia edo malenkonia puntu hori nahiko argi ikusten nuen hasieratik. Baina kantu erritmikoa ere bada, oso presente dago bateria, baita baxua ere. Kantu hau nahiko erraz borobildu nuen, agian hasieratik, hitzetik bertatik, oso egina ikusten nuelako.

‘Betazalak’-en ekuadorrean topatuko dugun kantua, ‘Andresi’.

Andres nire birraitona zen, ama eta izebaren aitona. Gerra Zibilean Santoñan preso hartu eta ez zen etxera itzuli. Hasierako estrofan aipatzen diren gauzak hiltzerakoan poltsikoan zituen gauzak dira, brotxa, txiskeroa, argazkia, txanpon pare bat... Bere bila ibili naiz. Joan naiz Santoñara, egon naiz hango hilerriko arduradunarekin eta inork ez daki non dagoen, nahiz eta paper ofizialek esaten duten han dagoela. Santoñan ez da fosarik altxa, bilatu. Oso leku berezia da. Hara joaten zara eta itsasoa dago, kanpin zoragarri bat, paraje ederra, hilerria eta aldamenetan kartzela. Dena elkarrekin. Batzuk diote hildako guzti hauek penalaren terrenoan egongo direla, baina, noski, han bilatzea zaila da.

Santoña herria baita ere beti militarren, kartzelaren, Goardia Zibilaren inguruan eraikitako herria da eta gauza batzuekin badirudi ezin dela sakondu. Saiatu naiz hango artxiboan bilatzen; dirudienez 70eko hamarkadan erre zen, kasualitatez. Paperik ez zen gelditu. Nik nahi nuke norbaitek zerbait egitea gai horrekin, Santoñarekin, bada jende asko paper ofizialek esaten dutena bere arbasoak han daudela lurperatuta, baina ez da lortzen han ezer egitea. Eta nahi nuke gutxienez saiatu, hezur hauek berreskuratzen, eta hauek ez badira beste batzuk. Han zerbait dago eta argitu egin behar da.

«Memoria historikoari dagokionez, Santoñan badago halako zulo beltz bat. Bada garaia hor eskua sartzeko eta han dagoena argitzeko»

Memoria historikoaren zuloak. Badirudi arrotzen ari direla hor ere kontuak, baina tantaz tanta.

Bai. Nik ulertzen dut hor lan asko dagoela eta gutxi direla, medio gutxirekin. Suposatzen dut aukera errazen edo ziurrenak lehenesten dituztela. Baiña Santoñan badago halako zulo beltz bat. Bada garaia hor eskua sartzeko eta han dagoena argitzeko.

Bilaketa horren errelatoa hortaz ‘Andresi’ kantu hau, eta aitortza bat era berean.

Hori da. Kantua egiterakoan, nahi nuen jarri zenbat denbora pasa den ordutik: 85 urte. Eta oraindik ni hunkintzen naiz gai honekin. Hau da, 100 urtera goaz horiek gertatu zirenetik, eta oraindik eragina daukan gugan. Gauza horiek atera egin behar dira.

Santoñan zulo beltz bat badela aipatu duzu. Zulo beltzak norberak daramatzanean, ez dira horren erraz estaltzen.

Hori da, nire birraitonaren duintasun hori bizirik mantendu nahi dut.

‘Gure zerriak’, disko guztitik kontraste gehien egiten duena da. Ironiko edo umoretsuena.

Bai, baina hala ere, literalki hartuta uste dut oso erreala dela. Ez al dira ba horrela gauzak? Nik ez dakit ze pertsona mota ari diren gure mundu hau gidatzen, egokienak ote diren horretarako. Gainera, gaur egun ez dakigu nork agintzen duen.

Galdera hori etorri zait niri burura: ba al dakigu nortzun diren ‘Gure zerriak’?

Ez. Hortik dabiltza, dena lokazten, baina gaur egun ez dute aurpegirik ematen. Eta ez ditu inork aukeratu, beraiek jarri dute beraien burua hor.

Beharbada okerrena egunean 8 ordu ematen ditugula hauei bazka ematen.

Hori da. Azkenean badirudi mundua enpresa handi bat bilakatu dela, denok gaudela beraientzat lanean, ezta?