15 JAN. 2024 - 06:00h ‘Hasiera bat’, Gorka Urbizuren bakarkako lehen diskoa, dagoeneko entzungai Gorka Urbizu Berri Txarrak taldearen abeslari ohiak proiektu berri bat aurkeztu du astelehen honetan. Argitaratu duen disko berriak ‘Hasiera bat’ du izena, eta berak sare sozialen bidez iragarri duen bezala, plataformetan dago jada. Zuzeneko emanaldiak ere iragarri ditu. Lleidako Guissonan grabatu du bakarkako lehen diskoa Gorka Urbizuk. (Ibai ARRIETA) Dernière mise à jour : 15 JAN. 2024 - 09:52h NAIZ ‘Hasiera bat’. Hala deitzen da Gorka Urbizuk argitaratu duen disko berria. Astelehen honetan sare sozialen bidez irarri duenez, proiektu berria plataformetan dago jada. «Egungo gure bizitzeko modu frenetikoaren ifrentzua» da lana, «hitzaren eta kantuaren sortze lanak eskatzen duten patxadaz ondua». «Osorik entzuteko aukera eman nahi nizuen, aurrerapenik gabe», nabarmendu du musikariak Instagramen zabaldutako mezuan. Azaldu duenez, «maitasun osoa jarri dut hamar doinuotan. Espero dut kantuok modu batean ala bestean zuekin konektatzea. Eta alderantziz». «Zabaldu berria plazer baduzue, oso eskertuta egongo natzaizue», gaineratu du Berri Txarrak taldearen abeslari ohiak. Diskoa hamar kantak osatzen dute, «hamar aukera, hamar erabaki»: ‘Maitasun bat’, ‘Teoria bat’, ‘Tren bat’, ‘Toki bat’, ‘Janela bat’, ‘Kolore bat’, ‘Lilura bat’, ‘Etxe bat’, ‘Sute bat’, ‘Besterik ez’. Guztiak «maitasunez eta maitasunaz» eginak. ‘Hasiera bat’ diskoaren azala. Ohar batean azaldu duenez, «kantuaren muinerainoko bidaia dirudi» diskoak. «Doinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea» aukeratu du: «Kantuak erantzi, hustu, kimatu... euren soiltasuna agerian utzi arte». Ezustean kaleratu duen lan honekin Urbizuk «bost zentzumenez entzuteko» gonbita egiten du, «gelditu eta entzun, barrutik soilik ireki daitezkeen ateak ireki, garbitu zarata eta beharrezkoa dena esan. «Soiltasunaren ederra lortzen ahalegindu, sortuko denaren beldurrik gabe». «Barnera biltzeko» gonbita da eta «deslilurarentzako lekurik ez dagoen toki sekretu bat», «munduaren basakeriaren aurrean edertasun dosi bat eskaintzeko ahalegin gordin bat». Diskoa Jordi Matasek ekoitzi du eta Katalunian grabatu dute, zehazki Lleidako Guissonako Teatre de ca l’Eril-en. Lleida inguruko 1904ko antzoki zahar bat eta zortzi pistako «analogiko xume bat» izan dira erabilitako oinarrizko lanabesak. Jordi Matas, Joan Pons, Ferran Palau eta Ildefons Alonso musikariak izan ditu lagun. Zuzenekoetara buelta «Eskerrik asko hau posible egin duzuen guztioi. Zuzenekoetan ikusiko dugu elkar aurten», adierazi du, gutxi barru kontzertuak izango direla iragarriz. Berri Txarrak taldearen azken kontzertuak Berri Txarrak taldeak 2019ko azaroan hasi zuen «etenaldi mugagabea». 2018ko abenduan iragarri zuen bere 25 urteko ibilbideari agur esateko asmoa, eta hamabi hilabete geroago gauzatu zen geldialdia, Navarra Arena aretoan eskaini zituen bi kontzertu gogoangarrirekin. Belaunaldi guztietako jendea bildu zen Iruñean Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirreren azken emanaldiaz gozatu, hunkitu eta malko batzuk botatzeko, Izkander Fernandezek kronika honetan ederki jaso zuenez. Bigarren kontzertua ere ikusgarria izan zen, ia hiru orduko emanaldia eta taldeak 25 urteko ibilbidean izan dituen kide guztiak oholtza gainean zirela. Aitor Agirrezabalek kontatu zuen NAIZen.