23 JAN. 2024 - 17:10h Hasi da sagardo denboraldia Bizkaian, Itziar Lazkano aktorearen eskutik Bizkaiko sagardo denboraldiari hasiera emateko ekitaldia egin dute asteartean Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian. Itziar Lazkano aktore eta antzerki zuzendariak izan du lehen tragoa hartzeko ohorea. Sagardo denboraldiaren hasiera ekitaldiko irudia. (BIZKAIKO SAGARDOGILEAK) NAIZ Bizkaiko sagardo denboraldiari hasiera emateko ekitaldia egin dute asteartean Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian. Itziar Lazkano aktore eta antzerki zuzendariak izan du lehen tragoa hartzeko ohorea. Montorra auzoan, 400 urte baino gehiago dituen baserrian, eman zaio hasiera Bizkaiko sagardo denboraldiari. Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak zehaztu duenez, 2023ko uzta «berezia» izan da, urriko tenperatura epelek aurreikusten zena baino sagar gutxiago biltzea eragin zuelako eta fruitua ohi baino lehenago heldu bazen ere, beranduago biltzea erabaki zuten sagardogileek, hasierako aleek nahi baino azukre gutxiago zutelako. Hala ere, 100.000 litro sagardo natural ekoiztu dira lurraldean. «Kupelak gure sagardoarekin beteta daude, eta honen ezaugarriak oso markatuak eta biziak dira», nabarmendu du Jose Antonio Zamalloa Bizkaiko sagardogileen presidenteak. Zehaztu duenez, bi urte atzera ekoiztu zen sagardoaren antza du aurtengoak, iazkoa baino arinagoa da, usaintsua, eta alkohol graduazio baxuagoa du (%6koa). Aurtengo sagardo denboraldiko enbaxadorea Itziar Lazkano aktore eta antzerki zuzendaria izango da. «Niretzako ohorea da, eta nahiz eta denbora asko kentzen didaten proiektuetan sartuta nagoen, ezin nion ezetzik esan Bizkaiko sagardogileen proposamenari», adierazi du astearteko ekitaldian. Besteak beste, Estibaliz Urresolaren ‘20.000 especies de abejas’ pelikulan egin du lan Lazkanok, eta ‘Egun Zoragarriak’ antzezlana estreinatu berri du.