GAIAK

Hidrogenoaren teknologiak garatzeko laborategi bat jarri du abian Tecnaliak

Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan Europan aitzindari den hidrogenoaren teknologiak garatzeko laborategi bat ireki du Tecnaliak. 5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da eta gaur egun 50 proiektu baino gehiagotan ari dira lanean bertan.

Hidrogenoaren teknologiak garatzeko laborategi berria, Donostian. (Tecnalia)

Hidrogenoaren sorkuntza, biltegiratze, garraio, banaketa, erabilera eta segurtasunerako teknologiak garatzen dituen laborategi bat jarri du martxan Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak. Europan aitziandariak diren instalazioak ditu teknologia horiek ikertzeko eta baliaztatzeko, bai eta haiek eskalatzeko ere, eta horri esker, industrializazio prozesua bizkortzeko.

Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan dago, eta ostiral honetan inauguratu dute Iñigo Urkulllu lehendakariak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Alex Belaustegui Tecnaliako lehendakariak eta Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak.

Ohar batean zehaztu dutenez, instalazioek 1.000 metro koadro baino gehiagoko azalera dute eta martxan jartzeko 5 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte. Bi helbururekin sortu dute. Batetik, teknologia berritzailea garatzea, enpresek merkatu globalean duten lehiakortasuna bultzatzeko eta horrek, aldi berean, ingurunean eta gizartean eragina izan dezan. Bestetik, helburu hauek dituzten hidrogeno-teknologien eskalatzea bultzatzeko, industriara eramateko: sorkuntza, erabilera, banaketa, biltegiratzea, garraioa eta segurtasuna.

Sorkuntzaren esparruan, teknologia guztiak —elektrolizagailuen zein erregai-pilen arlokoak— testatzeko ekipamendua du laborategiak. Aldi berean, Tecnalia beste teknologia batzuk garatzen ari da hidrogeno berdea kostu lehiakorrean sortzeko, hala nola belaunaldi berriko elektrolisia eta mintz-erreaktoreak. Era berean, elektrolizagailuen Europako I+G proiekturik handienaren buru da beste 28 erakunderekin batera.

Biltegiratzearen arloan, hidrogeno-kantitate handiak distantzia luzeetara kostu lehiakorrean eta era jasangarrian eramatea ahalbidetuko duten garraio-alternatibak bilatzen ari da. Era berean, presio altuko hidrogeno gasarekin kontaktuan egoteko zenbait materialen bateragarritasuna ikertzen ari da, hodietarako, biltegiratze-tangetarako eta lurpean biltegiratzeko gatz-sotoetarako. Segurtasunaren arloan, hidrogeno-ihesak detektatzeko sentsoreak garatzen eta ihesei lotutako arriskuak analizatzen dihardu zentroak.

Soluzio aurreratuak

Halaber, hidrogenotik abiatutako beste eremu hauetarako soluzio aurreratuak ari da lantzen: mugikortasun jasangarria; ibilgailuen propultsio-sistemak; eta beste industria batzuei —siderurgia, kasurako— aplikatutako errekuntza-sistemak. Laborategi honek Tecnaliak duela 20 urte baino gehiagotik hidrogenoaren inguruko teknologia berritzaile propioetan lan eginez garatu dituen gaitasunak osatzen ditu. Lan horren ondorioz 1.500 metro karratutik gorako azpiegitura bat sortu da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian zehar hedatzen dena.

Honako hauek osatzen dute azpiegitura hori: mintzen laborategia, non hidrogenoa ekoizteko eta arazteko mintzak garatzen baitira; gainazalen laborategia, hidrogeno-elektrolizagailuen eta sentsoreen osagaietarako estaldurak sortzeko; potentzia-elektronikako laborategia, elektrolizagailuetarako eta erregai-piletarako; energia-efizientziako laborategia, hidrogeno-teknologien aprobetxamendu energetikoko teknologietarako; konpositeen laborategia, non hidrogenoa presio altuan biltegiratzeko tangak garatzen baitira; mugikortasunerako Powertrain-en laborategia, non hidrogeno-ibilgailuen propultsio-sistemak diseinatzen baitira; hidrogeno-errekuntzako teknologien laborategia, non hidrogeno-erregailuak eta -labeak testatzen baitira; eta H2LOOP laborategia, Nortegasek gidatua, non gasaren banaketa-sareko materialek eta osagaiek hidrogeno eta gas natural nahasketekin duten bateragarritasuna aztertzen baita.