GAIAK

Ulysses proiektuak mila gailu jarriko ditu Bizkaiko Golkoan kutsadura plastikoari aurre egiteko

Mila gailu baino gehiago zabalduko dituzte Bizkaiko Golkoan bertako itsas zaborraren datuak biltzeko. Plastikoak Euskal Herriko kostaldean sortzen ari den «egoera kezkagarri hori prebenitzeko eta arintzeko estrategien katalizatzaile izan dadin» sortu dute proiektua, aurkezpenean azaldu dutenez.

Ulysses proiektua aurkeztu dute asteazken honetan Donostian. (Gotzon Aranburu | FOKU)

Ulysses proiektu zientifikoa, ozeanoen kutsadura plastikoari aurre egiteko, 2020an jarri zuen abian Aztik, Lakuako Gobernuarekin lankidetzan, eta, datorren hilabetetik aurrera, 1.000 gailu baino gehiago jarriko ditu martxan Bizkaiko Golkoan, «itsas zaborren jitoaren monitorizazioa indartzeko eta euskal itsasertzaren osasuna hobetzeko». Asteazken goizean aurkeztu dituzte proiektuaren nondik norakoak.

2024ko martxoan hasiko da Ulysses proiektuaren fase berria; helburua itsasoko zaborren etorrerari eta haien banaketari buruzko ezagutzan sakontzea da, «egoera kezkagarri hori prebenitzeko eta arintzeko estrategien katalizatzaile izan dadin», proiektuaren sustatzaileen hitzetan.

Ulyssesen azken helburua argia da proiektuaren sustatzaileek jakinarazi dutenez: «Gure ibaietan eta Bizkaiko Golkoan sakabanatutako zaborren aurkako tokiko politikak finkatzen laguntzea, jarraibideak emanez eta tresna adimendunak garatzea ahalbidetuz, flotatzen ari den itsasoko zaborra biltzeko lanak optimizatzeko».

Mila gailu baino gehiago zabalduko dituzte Bizkaiko Golkoan, plastikoaren zabalkundea neurtu eta datu berriak lortzeko. Alde batetik, Nerbioi, Deba eta Zadorra ibaien tarteetan ur gaineko zaborra monitorizatzeko bideo-kamerak erabiliko direla azaldu dute aurkezpenean. Eta horrez gain, hiru ontzi mota erabiliko direla: Rangerra, Travellerrak eta Wooden ontziak.

«Zientziaren bidez, gure ozeanoak zaintzeko ekintza eraginkorrak sustatuko dituen ezagutza sortu nahi dugu», dio Jorge Ballesterrek, Data For Science Fundazioko zuzendariak. Proiektu honekin Ballesterrek azpimarratzen duen beste ideia bat elkarlanarena da: «Gure ozeanoen babesa partekatutako erantzukizuna da, eta gizarteak oro har parte hartzea funtsezkoa da ekimen honek arrakasta izan dezan».

Bost ekimen Ulyssesen baitan

Ulyssesek elkarri lotutako bost ekimen ditu, eta horietako bakoitzak eginkizun erabakigarria duela adierazi dute aurkezpenean, guztiak helburu berari erantzuten diotela.

Ulysses Searekin, teknologikoki hornitutako hainbat flotaren bidez Golkoko itsas plastikoaren deribazioak trazatuko dira, eta satelite bidezko metaketak geolokalizatuko dira. Lortutako datuekin, deriba-mapak egingo dira, ondoren bildu ahal izateko.

Ulysses Riversek ibaien eta itsasoaren arteko plastiko fluxua ulertzen du, eta zabor horiek pilatzen diren gune kritikoak identifikatzen ditu.

Ulysses School eta Experience-rekin, hezkuntza jardueren eta erakusketa interaktiboen bidez, ingurumen kontzientzia eta ingurumena babesteko konpromisoa sustatu nahi dira.

Azkenik, ‘Murriztu, Berrerabili, Birziklatu eta Berreskuratu’ ekimenak oinarri hartuta, Ulysses Circle taldeak ekonomia zirkularra sustatuko du.

Urteetako lana, eta askoren lankidetza

2020ko ekainean, Azti eta Elecnor Deimos enpresa aeroespaziala «anbizio handiko proiektu bat garatzen hasi ziren, baina gauzatzeko modukoa», zehaztu dute. Urtebete lanean eman ondoren eta ikuspegi zientifikoa ezarri ondoren, proiektua Lakuako Natur Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari aurkeztu zitzaion 2021.

«Diziplina anitzeko ikerketa da, teknologia jasangarriak garatzea, ingurumenarekin adiskidetsuak diren praktikak ezartzea eta politika eraginkorrak sustatzea bultzatzeko» adierazi du Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak.

Aztiko zuzendari nagusia den Rogelio Pozok nabarmendu duenez, «teknologiek funtsezko zeregina dute itsasoko zaborra arintzen eta eraginkortasunez kudeatzen, eta horrek bilketari lotutako kostuak murrizten laguntzen digu».