04 MAR. 2024 - 11:33h ‘Teknopolis’-ek espaziora bidaiatuko du 25. urteurrenean ‘Teknopolis’ telebista-saioak 25 urte bete ditu aurten eta, ospakizunaren aitzakian, ekitaldi berezia egiteaz batera espazioan jarriko ditu begiak. Zientzia dibulgazioko saioak Europako Espazio Agentziara eramango gaitu saio berezi batean. ‘Teknopolis’ saioko lantaldea. (ELHUYAR) NAIZ Elhuyar eta ETBk ekoizten duten ‘Teknopolis’ saioak 25 urte bete berri ditu eta, urteurrena ospatzeko, ekitaldia eta saio berezia iragarri ditu. Urteurren ekitaldia martxoaren 5ean egingo da, EITBren Bilboko egoitzan, eta martxoaren 10eko asteburuan emitituko den saio berezian espaziora begira jarriko gaitu ‘Teknopolis’-eko lantaldeak. Aurreratu dutenez, saio berezia prestatzeko Europako Espazio Agentzian izan dira, misio zientifikoak kontrolatzen diren gunean, Alemaniako Darmastadt hiriko ESOC zentroan. Unibertsoaren esplorazioa da ESAren egiteko nagusia eta bertan lan egiten duten zenbait euskal zientzialariren bizipenak bildu dituzte. Esaterako, Ignacio Tancorena: ‘Rossetta’ misioa jaurtitzeko lanak egiteko iritsi zen ESAra, ESAren misio arrakastatsuenetako bat, eta orain ‘Juice’ misioaren arduraduna da. ‘Juice’ 2023ko apirilean jaurti zuten, eta Jupiterren ilargi izoztuak ikertzera doa, izotzaren azpian ura aurkitzeko esperantzarekin. ‘Teknopolis’ Libe Jauregi eta Ander Martinez de Albenizekin ere izan da. Misioen ibilbideak kalkulatzen dituzte, hau da, jaurtitako sateliteek nondik nora ibili behar duten erabakitzen dute. Eta Mikel Cataniak, berriz, EUMETSATen egiten du lan, meteorologiari, klimari eta ingumenari eskainitako Europako erakundean, eta Lurraren inguruan biraka dabiltzan sateliteak gidatzen ditu. «Puntako euskal zientzialari horien lana ezagutzeaz gain, etorkizunari nola begiratzen dioten ikusiko dugu asteburuko saioan», aurreratu due. ‘Teknopolis’ larunbatetan 13.30ean ETB1en eta igandeetan 12.00etan ETB2n ematen da. 25 urte zientzia dibulgazioan Ez da kasualitatea 25 urteurrenean espazioari begira jarri izana. Izan ere, ‘Teknopolis’ espazioaren esplorazioari eskainitako saio batekin abiatu zen, 1999ko otsailean. «Eta 25 urteren ondoren espazioari begira jarraitzen du, espazioari begiratzea etorkizunari begiratzea baita», ziurtatu dute Elhuyarretik. Mende laurdeneko ibilbidean jorratu dituzten gaiak ekarri dituzte gogora, besteren artean internet, GPSen funtzionamendua, klonazioa edota minbizien tratamendua izan dituztela hizpide nabarmenduz, eta eman diren berrikuntza teknologikoak ere zerrendatu dituzte: «Urte hauetan guztietan auto elektrikoek ikaragarri eboluzionatu dute, eta kalean ikusten ditugu; telefono mugikor bat dugu orain poltsikoan, eta hori gabe ezin bizi… eta zer esan klima-aldaketaz! Ikertzaileen datuetatik ateratako probabilitate bat zen, iragarpen hutsa zirudien eta dagoeneko hasi gara haren ondorioak ikusten». Hainbat datu ere eman dituzte. Esaterako, ‘Teknopolis’-ek 750 saioko langa gainditu duela eta programan 3.000 euskal ikertzaile inguru izan direla adierazi dute. «‘Teknopolis’-ek zientziaren historiaren zati bat jaso du, 42.000 minutuan biltzen dena; esan daiteke zientziari buruzko liburutegi erraldoi bat dela», iritzi dute. Saioak hainbat sari jaso dituela ere ekarri dute gogora, esaterako, Euroscience Foundation-en Popular Science TV Award 2010ean, birritan EAEko Ingurumen Kazetaritza Saria edota 2022ko Accenture saria, eta ‘Teknopolis’-ek 25 urtez irauteko Elhuyar eta EITBren arteko lankidetza «ezinbestekoa» izan dela iritzi dute. «Ezinbestekoa da, beraz, lankidetza luze hori nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diren erakunde guztien laguntza azpimarratzea ere, asko izan baitira urte hauetan guztietan», jarri dute balioan.