GAIAK

Txertoekin prebenitu daitezkeen gaixotasunen agerraldiaz ohartarazi du Erizainen Elkargoak

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak ohartarazi du pandemia amaitu zenetik zenbait gaixotasunen agerraldiak gertatzen ari direla, horien artean elgorria, kukutxeztula edo gaixotasun pneumokozikoa, besteak beste. Horiek prebenitzeko «modu eragikor» bakarra txertaketa dela nabarmendu du.

Pertsona bati txertoa jartzen Donostiako anbulategi batean, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) txertoekin prebenitu daitezkeen gaixotasunen agerraldiez ohartarazi du, besteak beste, elgorria, kukutxeztula edo gaixotasun pneumokozikoa. Azaldu duenez, pandemia amaitu zenetik ari dira agerraldiak gertatzen, eta gaixotasun horiek prebenitzeko «modu eraginkor» bakarra txertaketa da.

«Airearen bidez transmititzen diren gaixotasunak dira, eta prebenitzeko modu eraginkor bakarra txertaketa da», adierazi du Rosa Sancho COEGIren Txertaketa Batzordeko arduradunak.

Apirilaren 24tik 30era egingo den Txertaketaren Nazioarteko Astea dela egin du ohartarazpena Erizaintza Elkargoko Txertaketa Batzordeak, ohar baten bidez. Adierazi duenez, pandemian jasandakoaren ondoren, «ez dugu ahaztu behar gaixotasunak kontrolatuta edukitzen jarraitu behar dugula, edozein unetan ikus baitezakegu gaixotasunek gora egiten dutela». 

Hainbat hedabide eta sare sozialetan zabaltzen diren informazio «engainagarriek» duten arriskuaz ere ohartarazi du Sanchok. «Batez ere, kalitate zalantzagarriko azterlanen batzuetatik zabaltzen den informazioa, non txertoak eman ondoren ondorio kaltegarri garrantzitsuak azaleratzen direla esaten baita, horren ondorioz, jendea ez delako haietaz fidatzen, eta baztertu egiten ditu. Hori garrantzitsua da, batez ere txertoa jarri dugulako kontrolatuta ditugun gaixotasun askoren larritasuna ikusten ez delako», esan du.

Sanchok gogorarazi duenez, «txerto berriak ditugu, eta dagoeneko badauden beste batzuk hobetzen ari gara, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Horrek benetan gogobetetzen gaitu egunero helburu horrekin zainketak eskainiz lan egiten dugun erizainak».

Txertaketaren Nazioarteko Astea apirilaren 24tik 30era egingo da, «Gizakiok egin dezakegu: bizitzak salbatu immunizazioaren bidez» izenburupean. Leloak urtetan herritarrak txertatzearen ondorioz lortutako guztia adierazten du, «azken pandemian berretsi den bezala».