GAIAK

Pasaia Itsas Festibala, tradizioaren ubera

Itsas ondarea, kultura, historia eta tradizioa kresal tantekin bustiko dira Pasaian, maiatzaren 9tik 12ra, Itsas Festibalean. Aurten Txile izango da gonbidatua eta «Phoenix» bergantina, berriz, ontzi bisitatuenetakoa. Alabaina, Zaporeak eta «Aita Mari» ontzia ere tripulazioaren parte izango dira.

Itsasontziak, Pasaiako badian sartzen.

Euskal kostaldeko itsasontzi tradizionalen topaketa hirugarrenez egingo da Pasaian eta, aurreko edizioetan bezala, bertaratzen direnek itsas giroko hamaika jardueraz gozatzeko aukera izango dute lau egunez, uretan zein lehorrean. Dena dela, seguruenik, aurten ere unerik ikusgarrienetakoa jaialdiari hasiera ematen dion ontzien desfilea izango da. Maiatzaren 9an, 18:00etatik aurrera, itsasontziak (ehundik gora) badiatik sartuko dira. Tartean izango dira eguerdian Orioko Mutiozabal Txoren Ontziolatik itsasoratu eta Pasaiarako bidea hartuko duten ontziak ere. Denek batera nabigatuko dute, ehunka ikusleren oihu eta txalo artean.

Jakina, ontzi parte-hartzaile guztiak dira festibalaren ubera bereziaren eragile, baina bada bat deigarriagoa dena: festibalean bertan uretaratuko den “Velera chilota”. Albaola Itsas Kultur Faktorian eraiki dute eta nahi izan duenak aukera izan du eraikitze-prozesua zuzenean ikusteko. Txileko belaontzi tradizionala da eta arotz txiletarrak ontziolan izan dira lanean martxoaz geroztik.

Hain zuzen ere, Hugo Almonacid Txileko ontzigilea jaialdiaren aurkezpen ekitaldian egon zen, Txile baita aurtengo edizioko ohorezko itsas kultura gonbidatua. Ontzi berriaren xehetasunak eman aurretik, eskertu egin zuen Txile herrialde gonbidatu gisa aukeratu izana, «Txileko kultur ondarearen zati bat munduan hain paregabea den erakusleiho batean erakusteko aukera emateagatik».

TXILEKO AROTZEN ESKARMENTUA

Eta, ondoren, azalpenak eman zituen arotz ikuspuntutik: «Aitak eta biok 9 egun daramatzagu Txileko belaontzi tradizional bat eraikitzen. Chiloe artxipelagoko itsas ondareko ontzi tipikoa da, baina egokitu egin dugu nabigazio erakargarria lortzeko. Ontzi honek salgaiak garraiatzeko ontzi tradizional baten oinarria mantentzen du; orain estutu egin dugu, nabigatzea maite duten pertsonen interesari eutsi eta, egungo zuntzezko ontzien pare jartzeko. Horixe da nire helburua, itsas ingeniari eta nire jaioterriko, Calbucoko, ontzigile tradizionalen laugarren belaunaldiaren ordezkari gisa. Aita eta biok belaontzi hau eraikitzen ariko gara Albaolako bisitarien aurrean eta festibalean zehar uretaratuko dugu». Maiatzaren 10ean izango da, 19:00etan, Albaola Itsas Kultur Faktorian. «Bisitari guztiek -jarraitu zuen- gure kulturaren erakusketa honetaz gozatu ahal izatea nahi dut, eraikuntza honetaz gain, hitzaldiak, gastronomia, musika eta askoz gehiago eskainiko baita».

Eta hala izango da, egitarau aberats eta askotarikoa prestatu baitute antolatzaileek, ikusleen artean itsasoari lotutako kultura eta tradizioekiko interesa eta jakin-mina pizteko: kontzertuak, dantza, erakusketak, bertsolariak (‘Denboraren tunelean’ saio berezia) hitzaldiak, gastronomia dastaketak (Txileko plater tradizionalenak, tartean), lanbide tradizionalen erakustaldia, bisitak itsasontzi handietara... betiere itsas ondarea oinarri hartuta.

Bai, zenbait itsasontzi bisitatzeko aukera izango da; besteak beste, “Phoenix”, “Grayhound”, “Recouvrance” eta “Le biche”, baita “Aita Mari” Itsas Salbamendu Humanitarioaren itsasontzia ere. Azken unean, gainera, “Gipuzkoa” ontzia ere sartu da zerrendan.

PHOENIX

Lehenengoari dagokionez, 34 metroko luzera duen bi mastako bergantina da. 1929an Danimarkan eraikia, 1991n Ridley Scottek “1492: Conquest of Paradise” filmerako XV. mendeko “Santa Maria” karabela bilakatu zuten Phoenix ontzia.

Zehazki, Frederikshavnen herrian eraiki zen. Jatorriz goleta moduan sortu bazen ere, kargaontzi funtzioa ere bete zuen, baina sute baten ondorioz makina-gela kaltetu zen eta 1974an beste jabe batzuek erosi eta bergantin bihurtu zuten. Azkenik, Square Sailek erosi zuen 1988an.

Badian ibiliko diren ontzien artean handiena izango da “Phoenix”. Pasai San Pedroko kaian izango da ikusgai. Han izango da, halaber, “Aita Mari”, Mediterraneoan hamabigarren misioa bete ondoren.

Izan ere, Itsas Festibalaren aurtengo edizioa «lankidetzarako hitzordu garrantzitsua» ere izango dela iragarri dute antolatzaileek, kulturaren, ingurumenaren eta elkartasun humanitarioaren aldeko kideek egingo dutelako topo. Itsas Salbamendu Humanitarioa ez ezik, Zaporeak elkarte solidarioak ere presentzia berezia izango du aurten.

ZAPOREAK

Albaolako presidente Xabier Agotek argi azaldu zuen elkartasunaren garrantzia: «Itsas unibertsoa eta elkartasuna eskutik helduta doaz. Arreta ondarean jartzen dugu, itsasoek eta ozeanoek zibilizazioen arteko zubi gisa duten garrantzian eta, jakina, elkartasun humanitarioaren nazioarteko erreferente bihurtu diren erakunde hauek beren bizitza eskaintzen dioten misioaren garrantzian».

Zaporeak-ek Greziako Lesbos uharteko errefuxiatu-esparruetan egiten duen lan humanitarioa garatzen jarraitzeko dirua biltzea da helburuetako bat. Eta, horretarako, jangela solidarioarekin elkarteko kideak arduratuko dira eskifaiako kideei jaten emateaz.

Gainera, azken uneko albiste batek are gehiago aberastu du Festibalaren egitaraua: Albaolakoek “Gipuzkoa” ontzia aurkeztu dute, bertan zaharberritu ondoren. Itsas salbamenduko ontzia 1926an uretaratu zuten lehen aldiz. Bi helize eta bi motorrekin. «Iraultzailea» eta «bakarra» zen garai hartarako. Gaur jatorrizko itxura berreskuratu du.