16 MAI 2024 - 13:30h «Lotsak amnistiatuz» eta elektronikari bide emanez, ‘Basati’ lana aurkeztu du Beñat Goitiak Iñigo Muguruza Paradisu Zinema beka irabazi zuen 2023an Beñat Goitiaren Benizze proiektuak eta ostegun honetan aurkeztu du hortik jaiotako ‘Basati’ lana. EHZn estreinatuko du zuzenekoa, ekainaren 28an. Beñat Goitia, Benizze proiektua aurkezten. (Patxi BELTZAIZ | FOKU) NAIZ Baiona Beñat Goitiak sortutako Benizze proiektuak EHZ Festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkarrek antolatzen duten Iñigo Muguruza Paradisu Zinema musika beka irabazi zuen 2023an. Orduan, epai-mahaiak proposamenaren «freskura, argitasuna eta konbentzimendua» nabarmendu zituen. Ostegun honetan Baionan aurkeztu du lan berria, ‘Basati’, Antxeta Irratiko Aitziber Zapiain, Elkar musikako Andres Camio eta EHZko ordezkari Joana Barbierrekin batera.«1960an, bidea ireki zuen Ez Dok Hamairuk, abangoardia eta tradizio herrikoia uztartuz. Azken 20-30 urteotan, berriz, egoera soziopolitikoaren ondorioz, artean garbi islatu den izozte bat izan da. Gaur egun, izoztetik ateratzeko baldintzak badaudela uste dut. Pandemiak ere horretan lagundu du, haustura bortitzagoa bihurtuz. Testuinguru horretan kokatzen dut Benizze proiektua. Hausturarako proiektu gisa aurkezten dut, 60ko hamarkadan hasi zen euskal kantagintzan fase berri bat irekitzeko. Helburua da euskal eszenan musika elektronikoa protagonista bihurtzea», azaltzen du Goitiak berak. Musikari gasteiztarrak gogora ekarri du Fermin Muguruzak 2001eko Korrikan abestu zuen «Gas-Gasteizetik, Bai-Baionarat» eta «lotura» horien garrantzia nabarmendu du. «Nik bide hori egin dut gaur, bere anaiaren izena daraman bekari esker. Oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit lotura horiek. Esanguratsua da Euskal Herriko beste periferiara jo dutela Irun-Hendaiako periferiatik beka hau emateko». Arestian aipatzen zen «haustura» hori Euskal Herriko «periferietatik» etorriko dela adierazi du Goitiak. Gainera, bekarekiko hau ez dela lotura bakarra adierazi du. Izan ere, Antxeta irratian ibilitakoa da eta EHZn, aldiz, «zazpi urtez xingarra frijitzen». Orain jaialdia beste eremu batetik ezagutzeko aukera izanen du. Bekak zehazten duen bezala, Benizzeren lan berri hau EHZ Festibalean aurkeztuko da, Aberatzen, ekainaren 28an. Gordin eta bortitz Diskoari dagokionez, Goitiak onartu du ekoizpenean «ahalegin kontziente bat» dagoela «metaforaren testuingurua utzi eta gauzak era gordinago eta bortitzagoan azaltzeko». Musikari arabarrak «gogoa» zuen «modu zuzenagoan aritzeko». «Lagun askok esan didate bazela garaia. Orain arteko ibilbidea beharrezkoa izan da, baina adina edo experientzia izango da, eta gogoa nuen mozorroa kendu, lotsa kendu eta lehen abestiak, ‘Adrenalina’ izena duenak, dioen moduan ‘lotsak kanpora, amnistia’ esateko». Horrek erakusten du lanaren nondik norakoa. ‘Basati’ izena daraman diskoak bi ildo dituela azaldu du. Ñabardura askorekin bada ere, «esparru elektronikoagoa, hardcore puntu elektronikoa, eta ikutu latino edo dantzagarriagoak ere baditu. Kantu batzuk ildo batetik, beste batzuk bestetik eta beste batzuetan biak». 28 lanen artean aukeratua Antxeta Irratiko Aitziber Zapiainek azaldu duen moduan, Iñigo Muguruza Paradisu Zinema beka lortzeko 28 lan ezberdin jaso zituzten. «Kalitate eta kantitateak harritu gintuen», aitortu du. Horien artean Benizzerena hautatu zuten. «Apustu bat ikusi genuen, euskaratik elektronika mundura salto egiteko. Ardura dugu euskara ahalik eta eremu gehienetara zabaltzeko». Ildo beretik mintzatu da EHZko ordezkari Joana Barbier. «Proiektu anitz izan dira eta eskertzen dugu hainbesteko partehartzea». Izan ere, jaialdiaren «helburu nagusietako bat euskal kulturaren erakusleiho izatea da». Goitiak berak ekoitzi du lana, Victor Sanchezekin batera, Elkarrek Adunan duen estudio berrian.