22 MAI 2024 - 00:00h Nafarroako elikagai ekologikoak, baita jangela kolektiboetan ere Nafarroako elikagai ekologikoak jangela kolektiboetan sustatzeko helburuarekin, Burlatako Lanbide Heziketa zentroko ostalaritza ikasleek menu ekologikoak eskaini dituzte maiatzean. Ekimena Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) eta nafar Gobernuak bultzatu dute. Iruñeko Monasterio tabernako sukaldari Lorea Lozadak Burlatako sukaldaritza ikasleei emandako eskola magistrala. (GARA) J.S. Bigarren urtea da Burlatako LHko jantokian menu ekologikoak eskaintzen dituztena, eta ekimenak gero eta ikusmin handiagoa piztu du ikasleen artean. Elikadura Subiranotasuna izeneko proiektua ikastetxeko jangelan zero kilometroko eta produktu osasungarriekin osatutako elikadura eskaintzeko kezkatik sortu da. Oraingoan, gainera, nazioarteko sukaldaritzari begira jarri dira, herri bakoitzeko dibertsitatea eta nortasun kulturala balioesteko, baina Nafarroako elikagai ekologikoekin eginak. Paz Noguera Asiain Burlatako zentroko proiektuaren koordinatzailearen hitzetan, «proiektu honek elikadura-subiranotasunari buruzko ezagutza teorikoak emateaz gain, kontzeptu horiek sukaldaritzan aplikatzeko aukera ematen die ikasleei, elikadurarekiko ikuspegi kontzienteagoa eta iraunkorragoa sustatuz». Ikasleek menuak egiterakoan erabil daitezkeen iraunkortasun-irizpideak ikasten dituzte; sasoiko elikagaien erabilera baloratu eta lehenesten dute, elikagai horiek Nafarroako produktu ekologikoak izan daitezela, haragi kontsumoaren murrizketa, baita plastikoaren erabilerarena ere, eta lehengaien aprobetxamendua. Aurten berrikuntza gisa osagai ekologikoekin eta azukre findua murrizteko irizpideekin egindako postreak sartu dituzte menuetan, baita ekoizpen ekologikoko ardoak ere. Ikastetxeko menu ekologikoez gain, Monasterio tabernako sukaldariak, Lorea Lozadak, eskola magistrala eman die Erdi Mailako Sukaldaritzako lehen mailako ikasleei, Nafarroako elikagai ekologikoekin nazioarteko platerak nola prestatu erakusteko. Lorea perutarra da, eta hainbat urte daramatza produktu ekologikoekin lanean; izan ere, erabiltzen dituen elikagaien %50 baino gehiago ekologikoak dira, Ekoalden erosiak batez ere. Bestalde, ikasleek elikadura-subiranotasunaren eta ekoizpen ekologikoaren inguruko bi ekimen interesgarri bisitatzeko aukera izan dute: Martinelli pastak eta La Piparrika. Beriaingo Martinelli enpresan, ekoizpen osasungarri eta iraunkorraren aldeko apustua egiten dute, hurbiltasun-irizpideekin eta NNPEK ziurtagiriekin. Iruñeko Alde Zaharreko La Piparrika baratze komunitarioa bisitatuta, hiri-ekologia sustatzen duen proiektua ezagutu dute, baita elikadura jasangarria eguneroko bizitzan integratzeko espazio komunitarioa ere.