GAIAK

ZETAK taldeak ‘Mitoaroa’ urteurren ikuskizuna iragarri du urtarrilaren 4rako

ZETAK talde nafarrak bosgarren urteurrena ospatuko du Navarra Arenan datorren urtarrilaren 4an. ‘Mitoaroa’ izeneko ikuskizun berezia prestatu du horretarako eta NAIZeko harpidedunek sarrerak merkeago eskuratzeko aukera izango dute.


Urteurren festa berri bat ate joka dator. Kasu honetan, Pello Reparaz buru duen ZETAK talde nafarrak iragarri duena da. Hitzordua datorren urtarrilaren 4an izango da Navarra Arenan eta ikuskizun berezia izango dela aurreratu dute, ‘Mitoaroa’ lemapean egingo dena.

Sarrera salmenta heldu den ekainaren 4an, asteartez, zabalduko da 08:00etan, www.zetak.org webgunean. Baina, horrez gain, NAIZ ikuskizuneko babesleetako bat izango da. Hartara, egun eta ordu berean, harpidedunen txokoan, %20ko deskontuarekin bina sarrera erosi ahal izango ditu harpidedun bakoitzak.

Pello Reparazen arabera, musika taldeak inoiz izan duen mugarri handiena izango da ‘Mitoaroa’. «Pozez, ilusioz eta bertigo apur batekin goaz Nafarroa Arenara, baina badakigu inoiz izan dugun festa ederrenetakoa izango dugula bertan», dio arbizuarrak. Gainera, Erramun Martikorena ere bertan izango dela iragarri du.

Hainbat talde gonbidatu

Horretaz gain, nafar eta euskal mitologiaren presentzia hobe islatzeko, ZETAK-ek hainbat talde gonbidatu ditu, hala nola, Unanuko Mauxarruek, Lantzeko Ihauteria, Kukai Dantza, Iturengo Joaldunak, Tuterako Zipoteroak, Altsasuko Momotxorroak, Zubietako Joaldunak eta Arbizuko Txatarrak.